Jacopo Barozzi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jacopo Barozzi
Jacopo Barozzi
Datu pertsonalak
Izen osoa Giacomo Barozzi da Vignola
Ezizena il Vignola
Jaio 1507ko urriaren 1a
Vignola, Emilia-Romagna (Gaur egun Italia)
Hil 1573ko uztailaren 7a
Erroma (Gaur egun Italia)

Jacopo Barozzi da Vignola (Vignola, Emilia-Romagna, 1507ko urriaren 1a - Erroma, 1573ko uztailaren 7a), gehienean il Vignola deitua, italiar arkitekto manierista izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak Bolonian egiten ari zenean, San Petronio elizaren aurrealdearen eraikuntzan parte hartu zuen. 1541ean Frantziara joan zen eta Fontainebleauko jauregiko lorategietako eskultura batzuk zizelkatu zituen. 1543-1550. urteetan Bolonian egon ondoren, Erroman hartu zuen bizilekua, eta Farnese familiaren arkitektoa izan zen.

Julio III.a aita santuarentzat lan egin zuen Villa Julian, aurretik eginda zeuden proiektuak berregiten. Lan horretan trebetasun handiz lotu zituen oin laukizuzena zuten eraikinaren atalak eta atal erdi biribilak (eskailerak eta lorategiko eserlekuak). Joera hori sakondu egin zuen, bestalde, Caprarolako Villa Farnesen. Bagnaiako Villa Lanten (Viterbo) era organikoan bateratu zituen eraikinak, lorategia eta parkea.

Erlijiozko eraikinak ere egin zituen, eta horien artean aipatzekoak ditu Sant'Andreako oratorioa (1553), eta Sant'Anna dei Palafrenieri (proiektua 1570ean egina). Dena dela, erlijiozko eraikinen artean maisu lana Erromako Gesu eliza du (1568an hasia): areto bakarrekoa da, Kontraerreformaren eta, batez ere, jesuiten behar liturgikoetara eta deboziozkoetara egokitua. Eliza horretako transeptua estu-estua da, eta alboetara kaperak ditu. Eraikin horretan bildu zituen batetik Pizkundean nagusitu zen oin zentrala eta, bestetik, kristau tradizio antzinakoaren luzetarako oina. Gesuko elizaren bidez (fatxada Giacomo della Portak egin zuen) Kontraerreformako elizen tipologia zehaztu zuen, eta erraz kopia zitekeen eredu bat utzi zien bere ondorengoei.

Bestalde, arrakasta handia izan zuen arkitekturari buruzko Regola delli cinque ordini d´architettura (1562, Arkitektura bost ordenei buruzko tratatua) lan teorikoak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jacopo Barozzi Aldatu lotura Wikidatan