Edukira joan

Jagoba Arrasate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jagoba Arrasate

(2013)
Bizitza
JaiotzaBerriatua, 1978ko apirilaren 22a (48 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria eta futbol entrenatzailea
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Eibar KE B /
Eibar KE /
Lemoa Kirol Elkartea2001 / 2002
Beasain Kirol Elkartea2002 / 2003
Elgoibar Kirol Kluba2003 / 2005
Club Portugalete2005 / 2006101
Amorebieta Kirol Elkartea2006 / 2007
 
Posizio edo espezialitateaaurrelaria
Altuera169 zentimetro

Jagoba Arrasate Elustondo (Berriatua, Bizkaia, 1978ko apirilaren 22a) futbolari profesional ohia eta futbol entrenatzailea da, gaur egun talderik gabe dagoena.

Jokalari gisa Realeko gazte mailetan ibili zen, eta bere ibilbidea Bigarren B eta Hirugarren mailetan egin zuen. Ondoren, entrenatzaile karguko bere lehen talde profesionala Real Sociedad izan zen.

Futbolari ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrelari gisa jokatu zuen Jagoba Arrasatek. Errealeko gazte mailetan hasi zen, jubenil mailan bi denboraldiz jokatuta. Ez zen Errealeko goragoko mailara iritsi, eta 1997an Eibar KE-ak fitxatu zuen. Bertako filialean egingo zituen hurrengo 4 denboraldiak.

2000-01 denboraldia Eibar B taldearekin egin zuen, Bigarren B mailan, Hirugarren mailatik igoera lortu ondoren. 2001ean Eibar utzi eta Lemoak fitxatuta jokatu zuen Hirugarren mailan. Hala jokatu zuen hurrengo urteetan Beasain eta Elgoibarren, 2005ean Portugaletek fitxatu zuen arte, zeinarekin Bigarren B mailan jokatu zuen. Horren ostean azken urte bat Amorebieta taldearekin egin ostean amaitu zuen futbolari ibilbidea.

Entrenatzaile ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Futbolari gisa botak eskegi eta hilabete gutxira, bere herriko Berriatuko FT taldearen entrenatzaile gisa egin zuen debuta, 2007-08 denboraldian Bizkaiko Preferente mailan zuzendu zuena.

Elgoibar Kirol Kluba

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo bi denboraldietan (2008-10) cache gehiagoko talde baten ardura hartu zuen, Espainiako futbol ligako hirugarren mailan jokatzen zuen Elgoibar Kirol Kluba taldea hain zuzen ere. Elgoibarrekin lan bikaina egin zuen, bi denboraldi jarraian Bigarren B Mailara igotzeko promozioa jokatzeko sailkatu baitzuen. Burgos CF taldeak 2009an eta Marino de Luanco taldeak 2010ean elgoibartarren igoera saihestu zuten.

Real Sociedad-eko harrobia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean kategoriako talde indartsuetakoa ez zen talde batek egindako lan onak eraginda, Gipuzkoako futbolaren arreta erakarri zuen. Hala, Real Sociedadek fitxatu zuen bere langile teknikorako. Hurrengo bi denboraldietan (2010-11 eta 2011-12) Errealeko, Easoko eta Ohorezko Mailako jubenil taldeak entrenatu zituen. Azkenik, 2012-13 denboraldiaren hasieran lehen taldean sartu zen bertako hirugarren entrenatzaile gisa, Philippe Montanierren laguntzaile izanik.

Real Sociedad-eko laguntzaile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erealak 2012-13 denboraldian egin zuen denboraldi handiaren partaide izan zen. Denboraldi horretan UEFAko Txapeldunen Ligako aurreko faserako sailkatzea lortu zuen, Liga laugarren postuan amaitu ondoren. Denboraldia amaitu baino lehentxeago Montanierrek Reala berritzeko eskaintza onartuko ez zuela iragarri zuten, eta bai berak bai bere bigarrenak, Michel Troinek, Stade Rennais taldearekin fitxatuko zutela. Hainbat izen aipatu ziren postua osatzeko, eta horien artean zegoen Arrasate bera, ez oso ezaguna, baina oso maitatua talde barnean.

Real Sociedad-eko entranatzaile nagusi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko ekainaren 7an Errealeko presidenta Jokin Aperribay-k horrengo denboraldirako (2013-14) entrenatzailea Jagoba Arrasate izango zela esan zuen[1] . Talde donostiarrak Txapeldunen ligako aurre-kanporaketa gainditu zuen, hala txapelketako jokatzeko txartela eskuratuz. Ondoren taldekako fasean kanporatua izan zen, 6 partidutan puntu bakarra erdietsita. Emaitzak lagun, 2016 arte luzatu zuen Errealak entrenatzailearen kontratua. 2014-15 denboraldiari hasiera kaxkarra eman ostean 2014ko azaroaren 2an kargutik kendu zuten[2] , taldea jaitsiera postuetan utzita. 2014ko abenduan errealarekin zeukan kontratua desegiteko akordiora iritsi zen.[3]

2015eko ekainaren 12an Numacia taldeak fitxatu zuen, eta denboraldi hartan 10. postuan sailkatzera eraman zuen eta beste urtebetez berriztu zioten kontratua. Bigarren urtean 17. postua lortuta, hirugarren urte bat egingo zuen taldean, hiruetan onena. 2018ko Ekainaren 18an ordea taldea utziko zuela jakinarazi zuen.

2018ko ekainaren 20an Osasuna taldeko entrenatzaile berria izango zela konfirmatu zen. Nahiz eta denboraldi hasiera kaskarra izan, talde gorritxoak gora egin zuen eta Ligako bigarren itzuliaren hasieran lehen postuetan kokatu zen. 2019ko martxoaren 5ean, talde nafarrak ofizial egin zuen beste denboraldi baterako kontratua berritu zuela. 2019ko maiatzaren 20an, talde iruindarrak Lehen Mailara igotzea lortu zuen. 2019ko azaroaren 19an, Ligako 13 jardunaldiren ondoren Osasuna 10. postuan kokatu ondoren, 2022ra arte berritu zuen klubarekin zuen kontratua. Osasunak denboraldi hartan eta hurrengoan lehen mailan irautea lortu zuen, eta 2022ko martxoaren 7an, ofizial egin zen bere kontratua 2024ko ekainaren 30a arte berritu izana. 2022-23 denboraldian Osasuna Errege Kopako finalera eramatea lortu zuen 18 urteren ondoren. Irudi ona eman arren, Osasunak 2 eta 1 galdu zuen Real Madrilen aurka. Gainera, taldeak 7. postuan amaitu zuen Liga, eta UEFA jokatzeko sailkatu zen. Ondorioz, gorritxoak 16 urte geroago itzuli ziren Europako lehiaketetara. 2024ko martxoaren 26an, Arrasatek denboraldi amaieran aulkian ez jarraitzeko erabakia iragarri zuen, klubaren ehun urteko historian partida gehien zuzendu dituen hirugarren entrenatzaile gisa utziz eta bere historiako teknikaririk onenetarikoa izanez. Hori guztia Nafarroako kluba bere lehen denboraldian Lehen Mailara igo ondoren, bost urtez jarraian lasaitasunez salbatu ondoren eta baita kluba Kopako final baterako sailkatuz.

2024ko ekainaren 10ean, 3 denboraldirako kontratua sinatu zuen RCD Mallorcako teknikari gisa. Lehenengo denboraldian egonaldi erosoa lortu zuen eta karguan jarraitu zuen, baina 2026ko otsailaren 23an, bere kargutik bota zuten, Mallorcako taldea jaitsiera postuetan kokatu zuten emaitza txar batzuen ondoren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Jagoba Arrasate Realaren entrenatzaile berria», Realsociedad.com, 2013-06-08.
  2. Komunikatu ofiziala, Realsociedad.com, 2014-11-02.
  3. Arrasate, Lumbreras eta Alkizaren kontratu desegitea, Realsociedad.com, 2014-12-01.