Edukira joan

Jevdokia Rexetnyk

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jevdokia Rexetnyk
Bizitza
JaiotzaKoshmanivka (en) Itzuli1903ko martxoaren 14a
Herrialdea Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista
 Ukraina
HeriotzaKiev1996ko urriaren 22a (93 urte)
Hobiratze lekuaSovske cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaKharkiveko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaCandidate of Biology Sciences (en) Itzuli
Hizkuntzakukrainera
errusiera
Jarduerak
Jarduerakekologoa
Enplegatzailea(k)I. I. Schmalhausen Institute of Zoology (en) Itzuli

Jevdokia Hryhorivna Rexetnyk[1] (ukraineraz: Євдокія Григорівна Решетник; Koxmanivka, 1903ko martxoaren 14agreg./martxoaren 1ajul.Kiev, 1996ko urriaren 22a) ukrainar zoologoa izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jevdokia Rexetnyk Koxmanivka herrixkan jaio zen, Errusiako Inperioan, gaur egungo Ukrainaren lurraldean. Haren aita nekazari aberatsa zen eta kulak izateagatik erreprimitua izan baino lehen hil zen. Rexetnyk Poltavan hazi zen ahizpa eta koinatuaren etxean. 1918an, pedagogiako ikasketak hasi zituen, umezurztegian praktikak burutu zituen, eta 1920an irakasle-ziurtagiria lortu zuen Poltavako Unibertsitate Pedagogikoan[2].

Unibertsitate berean jarraitu zituen ikasketak 1924ra arte, eta han Oksana Ivanenko eta Pavlo Tytxyna idazleak ezagutu zituen. Ikasten ari zela, umezurztegian irakasten jarraitu zuen aldi berean. 1924an biologian lizentziatu zen, eta Kharkiveko Osnoviansky barrutiko eskolan kontratatu zuten zoologiako irakasle gisa. 1926an Jakov Khomenko filologoarekin ezkondu zen, eta bi urte geroago seme bat izan zuten, Emil[2][3].

1933tik aurrera, Kharkiveko Ikerketa Zientifikoko Estazioan ere lan egin zuen. 1934an alondeen inguruko lana defendatu zuen[2].

1935ean, Ukrainako hiriburua Kharkivetik Kievera eraman zutenean, Rexetnyken senarra Kievera bidali zuten lanera eta emazteak jarraitu zion. Kieveko parke zoologikoan aurkitu zuen lana. 1936an, Ukrainako Zientzia Akademia Nazionaleko Zoologia Institutuko ikertzaile nagusi izendatu zuten. 1939an Spalacidae familiari buruzko paper bat argitaratu zuen eta hurrengo urtean hautagai-tesia defendatu zuen, 1946ra arte diploma eman ez zuten arren[2]. Hurrengo urtean Chisinaun ikerketa-bidaia batean zegoela, gerrak Kievera itzultzea eragin zuen. Semea Poltavara bidali zuen[2][4]. Rexetnyk eta haren senarra ere Poltavan egon ziren 1941eko urrira arte, naziek hiria inbaditu zuten arte[2]. Gero, familia osoa Kievera itzuli zen zaldi gainean[2][3].

Hirira iritsi ondoren, Rexetnykek bere etxea miatu eta arpilatu zutela deskubritu zuen, beraz, lagunen etxean geratu zen semearekin batera. Lanik gabe, Gurutze Gorriarekin boluntario aritu zen, harrapatutako presoei arropa eta janaria banatuz. 1942ko otsailaren 10ean, Gurutze Gorriko boluntarioak, Rexetnyk barne, Gestapok atxilotu zituen. Hemezortzi eguneko espetxealdiaren ostean, Mykola Charlemagne eta Sergei Paramonov lankideek ordaindu zieten, eta Rexetnyk aske utzi zuten[2].

1942ko maiatzean, Ukrainako Reichskommissariat-ek Landareen Babeserako eta Izurriteen Kontrolerako Institutua sortu zuen Zientzia Akademia Nazionalean[2][4]. Rexetnyk Charlemagneren zuzendaritzapean lan egiteko kontratatu zuten eta han postu bat lortu zion bere semeari, Alemaniara eraman ez zezaten[2].

1946an, gerra amaitzean, Rexetnyki zoologiako ikerketa espezialista izendapena eman zioten eta Zientzia Akademiako Zoologia Institutuan lan egiteko kontratatu zuten, non 1950era arte jarraitu zuen[2][4].

Sobietarrak boterera itzuli zirenean, errepresio garaia hasi zen Ukrainan[2]. 1948an, Rexetnyken semea Ukrainako Nezionalisten Erakundeko kide izateagatik atxilotu eta Mordoviara bidali zuten. Handik gutxira, senarra ere atxilotu eta espetxeratu zuten. Biei zortzi urteko zigorrak ezarri zizkieten[2][3]. 1951n, Rexetnyk Txernihiveko Zigor Koloniara eraman zuten, eta 1955era arte han geratu zen. Askatu ondoren, entomologo gisa lanean hasi zen Kiev-Sviatoxyn barrutiko Sanitario eta Epidemiologia Estazioan. 1956 eta 1957 bitartean, agintariek errehabilitatu zuten, eta 1961ean Zoologia Institutura itzultzeko baimena eman zioten, eta han egon zen 1986an erretiroa hartu zuen arte[2].

1996ko urriaren 22an hil zen, eta Kieveko Sovske hilerrian lurperatu zuten[2].

Lan hautatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rexetnyken izena Spalax arenarius irudikatzen duen Ukrainako txanponean

Rexetnyk batez ere karraskariei buruzko ikerketengatik egin zen ezaguna, bereziki Spalacidae familiari eta Spermophilus generoari[2]. 1939 eta 1965 artean hogei artikulu baino gehiago argitaratu zituen, espezie eta azpiespezie berriak zehazten dituztenak, besteak beste Spalax arenarius, 1939an identifikatu zuena[2][5].

  • До екології жайворонків в умовах району Асканія-Нова (1937)
  • До систематики i географічного поширення сліпаків (Spalacidae) в УРСР (1939)
  • Матеріали до вивчення систематики, географічного поширення та екології сліпаків (Spalacinae) УРСР (1941)
  • О новых подвидах крапчатого суслика Citellus suslica volhynensis subsp. nov. и Citellus suslica ognevi subsp. nov (1946)
  • Систематика і географічне поширення ховрахів (Citellus) в УРСР (1948)
  • Європейський ховрах (Citellus citellus L.) в Закарпатській області (1965)
  • О некоторых различиях трех подвидов сусликов рода Citellus фауны УССР (Nikolai Balakhinekin batera, 1967)
  • Памяти Николая Васильевича Шарлеманя (1887—1970) (1970)
  • Моя Оленіана (1994)
  • Памяти Ивана Демьяновича Иваненко (1998, hil ostekoa)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 156. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema. Gasteiz: Euskaltzaindia (argitaratze data: 2009-02-27) (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q (Ukraineraz) Коробченко, М. (2016). «Євдокія Решетник (1903–1996) — видатна постать в історії академічної зоології та екології в Україні» Вісник Національного науково-природничого музею 14: 136-146. ISSN 2219-7516. (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
  3. a b c (Ukraineraz) Опанасенко, Юлiя. (2018). «Забуті сторінки українського художнього перекладу (про маловідомих перекладачів детективної прози А. К. Дойла)» Актуальні проблеми сучасного перекладознавства (Черкаський національний університет імені Богдана Хмельницького): 98-102. (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
  4. a b c (Ukraineraz) Загороднюк, I. (2021). «Ховрахи війни: історія зоологічних досліджень та колекцій Spermophilus в умовах Райхскомісаріату Україна» Наукові записки Державного природознавчого музею 37: 17-38. (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).
  5. (Ingelesez) Rushin, Mikhail; Çetintaş, Ortaç; Yanchukov, Alexey. (2018). Váczi, Oliver; Németh, Attila eds. Phylogeographic analysis of large-bodied blind mole rats in Ukraine confirms the position of Spalax arenarius. Budapest: Organizing Committee, 21 or. ISBN 978-963-89119-3-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]