Edukira joan

José María Benito del Valle

Wikipedia, Entziklopedia askea
José María Benito del Valle
Bizitza
JaiotzaBilbo1927ko urtarrilaren 16a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaAlgorta2011ko maiatzaren 15a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria eta enpresaburua

José María Benito del Valle Larrinaga (Bilbo, 1927ko urtarrilaren 16a - Algorta, 2011ko maiatzaren 15a) Ekin taldearen eta ETAren sortzaileetako bat izan zen, ekonomialaria ikasketez, eta enpresaburua ogibidez.

1952an, ikasle zela, Ekin taldea sortu zuen beste ikasle abertzale batzuekin batera (Julen Madariaga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Manu Agirre, Iñaki Gaintzarain, Alfontso Irigoien, Rafael Albisu eta Iñaki Larramendi, besteak beste). Talde honen zeregin nagusia Euskal Herriko historia, hizkuntza, kultura eta tradizio politikoa ikasketan zetzan, Europako mugimendu intelektual berrien informazioa biltzean, eta garai hartako giro abertzale apalaren sugarra pizturik mantentzean (bilerak eta ikastaroak antolatuz). Urte batzuk geroago Ekin EAJren gazte erakundearekin (EGIrekin) batu zen, Euzko Gaztedi izeneko taldea sortuz.

Ekin eta EAJaren arteko harremanek, ordea, gaizki bukatu zuten 1958an, Ajuriagerraren aginduz José María Benito del Valle gazte erakundeetatik eta alderditik kanporatuta izan zenean. Honi bere elkartasuna adierazteko, Ekineko militante historikoak ere (Julen Madariaga, Txillardegi, Rafa Albisu...) EAJ utzi eta 1959an erakunde berri baten sorrera bultzatu zuten (ETAren sorrera, hain zuzen ere).

Benito del Vallek 1956an Parisen antolatu zen Euskal Batzar Nagusian parte hartu zuen, eta Jose Antonio Agirre lehendakariarekin harremana egin zuen.

1961ean, frankismotik ihesi, Ipar Euskal Herrira abiatu zen. Urte askotan erbesteraturik bizi zen Iparraldean, Parisen eta Venezuelan. Hego Euskal Herrira 1977an itzuli zen. Atzerrian zein Euskal Herrian enpresa asko sortu zituen, enpresa-gizonaren sen handia erakutsiz.

1967an, Txillardegi eta Xabier Imazekin batera, ETArekin apurtu zuen, erakundea hartzen ari zen joera marxista-leninistarekin bat ez zetorrelako. Era berean, bere sustrai katolikoak zirela-eta, desadostasun sakonak izan zituen erakunde armatuarekin, batez ere 60ko hamarkadaren erdialdean ETAk borroka armatuaren hautua egin zuenetik.