Jose Maria Eskubi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Maria Eskubi
Bizitza
JaiotzaLeitza, 1944
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea2016ko maiatzaren 12a (71/72 urte)
Jarduerak
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna

Jose Maria Eskubi Larraz (sasian Bruno moduan ezagutua ; Leitza, 1944Iruñea, 2016ko maiatzaren 12a) nafar ETAkide buruzagia izan zen. 1966tik 1969ra ETAko buruzagirik nabarmenetakoa izan zen[1].

Leitzan jaio zen bertako familia batean baina urte askotan Iruñean bizi izan zen. Medikuntzaren ikaslea zen[2] Bere aita EAJko militantea, Jesus Maria Leizaolaren sendikoa eta sendagile ezagun bat zen[3].

ETAko aktibista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadan sortu berria zen ETA erakundean ardura garrantzitsuak izan zituen, eta horrekin batera kide oso aktiboa izan zen. Bere lehen ekintzetako bat Iruñean eraikitako Eroritakoen monumentua erraldoiari erasoa egitea izan zen. Iratxe erakundeari egoitzi zitzaion ekintza hura.[4]

1963an atxilotu zuten estraineko aldiz, eta Martutenen eman zituen hilabete batzuk. 1966an abiatutako V. Asanbladan ekarpen garrantzitsua egin zuen Federico Krutwig eta abarrekin batera, eta hori bukatutakoan Batzorde Eragileko kide izendatu zuten; Txabi Etxebarrieta, Juanjo Etxabe eta Jokin Gorostidi, besteak beste, lagun izan zituen ardura horretan.

Urteak pasa ahala, ETArengandik aldendu zen Jose Mari Eskubi. VI. Asanbladan presidente lana egin zuen. Urte horietan Eskubiren izena Tribunal de Orden Publikoko (TOP) auzietan sarri ageri zen, bai eta 1970an egindako Burgoseko epaiketaren idatzietan ere.

Ordurako atzerrian zebilen Eskubi. Urte horretan, esaterako, Bruselako Nazio Batuetako egoitzan gose greba abiatu zuen beste hainbat burkiderekin batera. Belgikako Justizia ministroa bera bertaratu zen auzia konpontzeko, eta egun batzuk beranduago errefuxiatu estatusa onartu zitzaien.

Anekdota ugari uzten du bere urte horietako ibilbideak. Esaterako, 1964ko abenduan muga zeharkatu nahi zuen portugaldar etorkin bat akabatu zuen Guardia Zibilak. Antza denez Eskubi harrapatu nahian zebilen, ETAko militanteak aurrerago kontrol batetik ihes egitea lortu zuelako.

Hasiera batean «Berdea» ezizena jarri zion erakundeak bere barruko komunikazioetan, hainbat kide koloreen bidez identifikatzea erabaki zuenean (hortik datorkio Emilio Lopez Adani ezagunago egin den «Beltza» ezizena). ’Rapport M’ txostenaren egilea izan zen, non ETAren bilakaera aztertu eta zetozen arriskuak nabarmentzen zituen. Mariasun Goenaga «Txiki», emazteaz gain militantzia kidea ere izan zuen eta berarekin alaba bat (Saioa) izan zuen.

Belgikara ihes egin zuenean, urte bat lehenago (1968an) sortu berria zen "Saioak" delako taldean sartu zen, ETAren ekintza batzuekin kritikoa zena[2]. Franco hil ostean, atzerritik etor zitezkeen Poliziak kaleratutako zerrendan ageri zen Eskubi. Hamarkada bat beranduago, 1985ean hain zuzen ere, komisaldegira eraman zuten berriz (Mario Onaindia, Xabier Izko eta beste zenbait lagun bezala), oraindik 60. hamarkadako kontu batzuk argitu behar zirelaren salaketapean.

Azken hiru hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzako azken hiru hamarkadatan Jose Mari Eskubi edonolako jokabide politiko edo organizatibotik urrutiratua bizi izan zen[5].

Geroztik Iruñea eta Leitza artean bizi izan zen Jose Mari Eskubi, politikan nabarmendu gabe eta elkarrizketarik ere eman gabe. Bere anaia Javier Iruñeko zinegotzia izan zen, Aralarren zerrendetan hautatua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]