Josune Igoa Frantxes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josune Igoa Frantxes

Bizitza
JaiotzaIruñea1958ko abenduaren 24a (65 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
Hezkuntza
HeziketaDonostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta wikilaria
KidetzaMintzanet
Wikiproiektu:WikiEmakumeok

Facebook: kaletrosa Twitter: kaletrosa Edit the value on Wikidata

Josune Igoa Frantxes. (Iruñea, 1958ko abenduaren 24a) Maistra ofizioz, irrati eta musikazale afizioz. Hizkuntza Normalkuntza Aholkulari lanetan aritu ondoren jubilatua baina ez erretiratua. 2000. urtetik Oiartzunen bizi da.

Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josune Igoa Frantxes, Sagrario eta Joxeren alaba zaharrena, Iruñean jaio zen 1958ko abenduaren 24ean. Artean familia Bertizen bizi zen eta bere ondoren bi anai eta bi ahizpa jaio ziren. Sei urterekin osaba eta aitatxi-amatxiren etxera eraman zuten, Azpilkuetara,  han eskolara joatea errazagoa zelako eta bertan egin zituen lehen ikasketak. Hamar urte zituenean Irunera joan zen, izan ere bere familia Bertizetik Irunera joana zen aitaren lanerako leku egokiagoa zelako. Bertako Pio Baroja Institutuan egin zuen Batxilerra.

Hamasei urterekin Donostiako Magisterio Eskolan hasi zen irakasle izateko ikasketak egiten. Irakasletza ikasketak egin bitartean ikaskideen artean antolatutako euskara eskolatan alfabetatu zen, izan ere, txikitatik euskaraz hitz egiten bazuen ere eskola guztiak gaztelaniaz jaso zituen. 1978an hasi zen lanean eta 2019an jubilatu zen. Tartean hezkuntzarekin harremana duten lan ezberdinetan aritu da.

Hezkuntzako langile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasle lanean aritu da Gipuzkoako hainbat eskolatan, gehienetan Haur eta Lehen Hezkuntzan, baita bost urte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Natur Zientziak, Informatika eta Frantsesa irakasten.

Lehen lantokia (1978-1980) Getariako ikastola izan zen, han OHOko 3. eta 4. mailetako irakasle tutore zela “San Salvador” eta “Agrupación Escolar Mixta” eskola publikoa bateratuz Getariako Herri Eskolaren sortze prozesuan[1] parte hartu zuen.

Bergarako San Martin Agirre Eskola Publikoan Haur Hezkuntzan eta OHOko Hasiera Zikloan aritu zen 1980tik 1985era bitartean. Han Pilar Lonarbidek sortutako Ikusi makusi[2][3] metodologia OHOko Hasiera Ziklora egokitzeko proiektuan parte hartu zuen eta Hezkuntza Sailaren eskaeraz Erdi Ziklorako Orientabideak[4] eta Euskararen Programakuntzak[5][6] prestatu zuen lantaldean parte hartu zuen.

Orioko Zaragueta Herri Eskolan 1985-86 ikasturtean Haur Hezkuntzako tutore izan ondoren beste bi ikasturte egin zituen OHOko Goi Zikloko euskara eta matematika irakasle lanetan, Zuzendaritza taldeko partaide zen bitartean.

1988an Aiako Lardizabal Herri Eskolan bi ikasturte eman zituen OHOko 2. eta 3. mailetako irakasle, Amara-Berri metodologiaren egokitzapen proiektuan parte hartuz eta Bertsolaritza tailerra bideratuz.

1990-91an Lasarte-Oriako Zumaburu Eskola Publikoan OHOko goi zikloko irakasle izan zen eta hurrengo bi ikasturtetan STEILAS sindikatuan liberatu moduan egon ondoren eskola berean ikasturte bat egin zuen Haur Hezkuntzako tutore moduan.

1994ean Getariako Iturzaeta Herri Eskolara itzuli zen eta OHOko Goi Zikloan Matematika eta Hizkuntza irakasle bezala bi ikasturte egin zituen.

1996an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ezarpenaren ondorioz Zarauzko Lizardi Institutuan Natur Zientziatako irakasle lanpostua esleitu zioten. Frantsesa eta Informatika klaseak ere eman zituen han egondako bost ikasturtetan.

2001ean hasita Oiartzungo Elizalde Herri Eskolan hasi zen lanean. Bost ikasturte egin zituen LH3 eta LH4ko irakasle. Hizkuntza Normalkuntza Arduradun moduan Intxixu Irratiko[7] lana koordinatzea egokitu zitzaion.

Sindikalgintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lan ibilbidearen hasieratik STEILAS[8] sindikatuko kide izan da eta 1991an Gipuzkoako liberatu taldeko partaide bezala “EAEko ikastolak” sektorearen ardura hartu zuen. 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legea[9] argitaratu zen eta ikastolak sare publikoan sartzeko aukera izan zuten. Prozesu honetan hainbat hitzaldi eta eztabaida saiotan parte hartu zuen sindikatuaren ordezkari bezala, Euskal Eskola Publikorako bidean ikastolen publifikazio defendatuz. Hurrengo urtetan sindikatuaren partaide bezala hainbat ekimenetan parte hartu izan du eta hauteskunde sindikaletan hautagai izan da Irakaskuntza Publikotik.

Hizkuntza Normalkuntza Aholkulari.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an Zarauzko Berritzegunean Ulibarri Hizkuntza Normalkuntza Programako[10] Aholkulari lanean hasi zen. Bere lana programan parte hartzen duten ikastetxetan bere ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko aholkularitza eta baliabide metodologikoak emateaz gain, irakaslegoaren prestakuntzan aritzea izan da. Ikastetxetan zuzeneko aholkularitza ematearekin batera, hainbat mintegi bideratu ditu baita ikastaroak eman edo antolatu. Lan horretan hamabi urte aritu ondoren 2019ko urtarrilean jubilatu zen.

Jubilatua baina ez erretiratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantatzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika gustuko du, bereziki kantatzea eta horretan aritzeko izan dituen aukera guztiak aprobetxatu ditu, bakarka kantatzeko zein taldean aritzeko. 2011ean Oiartzungo Lartaun abesbatzan[11] hasi zen eta han segitzen du kontralto taldean kantatzen.

Irratiaren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zarauzko Arraio irratiaren[12] sorrera parean tokatu zitzaion eta antolatzeko lehen bileretan parte hartu ondoren pare bat irratsaiotan parte hartu zuen. Eskolan ere irratia egon den lekuetan parte hartu izan du ikasleekin irratsaioak prestatuz, irrati tailerrak bideratuz edota irratiaren koordinazio ardura hartuz.

Bere ibilbide profesionalaren azken urtetan Hizkuntza Normalkuntza Aholkulari bezala hainbat ikastetxetatik pasatu eta bertan irratia nola antolatzen duten ikusteaz gain, lan hau aurrera eramateko baliabideak eskuratu eta zabaltzen aritu zen. Jubilatu ondoren irratiak eskolan mintzamena lantzeko dituen aukerak aztertu eta zenbait material biltzen dituen Eskola Irratia sitea[13] sortu du.

Mintzanet Bidelagun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beti izan du gustuko hitz egitea eta zaletasun hori garatzeko euskara on line eta doan praktikatzea xede duen Mintzanet programan[14] parte hartzen du.  Bidelagunak euskaraz ongi daki eta bidelariak praktikatu egin nahi du. Mintzanetek bidelaria bidelagunarekin harremanetan jartzen du eta elkarrizketak Internet bidez izaten dira. Proiektuaren xedea hitz egiteko trebetasuna irabaztea eta lotsa galtzea da. Bidelagun bezala izandako esperientzia bideo honetan azaltzen du: Zergatik Mintzanet[15]

Wikilari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an sortutako Oiartzungo WikiEmakumeok lantaldean parte hartzen du.[16] Taldea WikiEmakumeok[17] proiektuaren baitan antolatu da eta bere xedea Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Historia» Iturzaeta Herri Eskola (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  2. Lonarbide, Pilar. (1980). Ikusi-makusi. Lur LG ISBN 978-84-7099-178-3. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  3. «Izotz ondoko eguzki : Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980 - Etxeberria Elorza, Idoia» durangokoazoka.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  4. «Erdiko zikloko orientabideak» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia) ISBN 978-84-7542-005-9. (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  5. «Erdiko zikloko euskararen programakuntza: D eredua» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia) ISBN 978-84-7542-003-5. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  6. «Erdiko zikloko euskararen programakuntza: B eredua» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia) ISBN 978-84-7542-004-2. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  7. «Intxixu Irrati berriro ere martxan» El Diario Vasco 2007-11-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  8. «STEILAS Sindikatua» Steilas (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  9. «1/1993 LEGEA, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.» www.euskadi.eus (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV) (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  10. «ULIBARRI Hizkuntza Normalkuntzarako Programa» www.ulibarri.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  11. Lartaun KANTUZ. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  12. Arraio Irratia 99.3 FM – Zarauzko irrati askea. (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  13. «Eskola Irratia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  14. Zer da MINTZANET?. (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  15. Josune Igoa: zergatik Mintzanet?. (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  16. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-12-09). «Wikilariak, emakumeen biografiak ahanzturatik azaleratzeko» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  17. Wikiproiektu:WikiEmakumeok. 2023-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]