Juan Bustamante
Juan Bustamante | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | ? |
Herrialdea | Nafarroa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Juan Bustamante (XIV. - XV. mendeak) nafar pintorea izan zen.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zizur Nagusiko erretaula platereskoa egin zuen (1534 – 1536) eta Uharteko San Joan elizako erretaula nagusia (1564). Gisa berean Etxauri, Galar eta Muniain herrietako elizetako erretaulak egin zituen.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joan Bustamanterengan ezaugarri azpimarragarriak dira: marrazkigintza menderatzea eta margo hunkigarrien konposaketa.
Konposaketek garai horretan hispaniar lantegietan banatzen ziren grabatuetan oinarriturikoak dirudite. Gurutzetik Jaistea multzoarentzat, adibidez, eredu bat Marcantonio Raimondi‑ren estanpan aurkitu zuen. Gurutzea sorbaldan eramatearen eszena Zizurko erretaularen berdin‑berdina da. Bestalde, Gizakundearen eta Jaiotzaren efektu berezietan azaltzen den maisuaren italiartasunezko estiloan ez dira oihartzun flamenkoak falta.
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Uharteko San Joan elizako erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Honen lanik onenetako bat Uharteko San Joan Bataiatzaileren errenazimentuko erretaularen margolan-multzoa da. Ertilari honek, 1553ko testamentuan, erretaula hau ordaintzeko falta ziren 120 dukatez hitz egiten du; eta Iturmendiko Katalina, margolariaren alarguna 1555ean parrokiarekin tratu bat egitera iritsi zen, eta, esaten duenaren arabera, lan hori 20 bat urte lehenago bukatu zen (c. 1535 edo 1536).[1]
Zizur Nagusikoaren garaikidea izan behar duen Uharteko erretaulak bere bigarren solairuan lau ohol ditu margoturik: Gizakundea, Mariaren Jaiotza, Agerkundea eta Elizan Sartzea; erdiko horma-hobian dagoen taila Birjinaren Koroatze da. Atikoan berriz, Nekezko Bidearen eta Gurutzetik Jaisteari buruzko margolanak, Maria eta San Joanen artean Gurutziltzaturiko Kristo baten tailaren saihetsean.
Zizur Nagusiko erretaula[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zizur Nagusiko erretaula, lau gorputzeko eta bost kaletako erretaula da, eta hamabost ohol margotu erakusten ditu, izan ere, erdiko kalean erdiko hiru nitxoetan eskulturak ditu. Aulkian, Juan Bustamantek Nekaldiko bost eszena margotu zituen. Lehenbiziko gorputzean, elizaren zaindari den San Andresen bizitza eta martiritza kontatzen da; bigarrenean, Birjinaren bizitza; atikoko bi oholek alde batean Santiago eta San Roke agertzen dituzte eta San Migel eta San Julian bestean.
Zizurren Joan Bustamanteren estiloan areagotu egiten da ukitu espresibista. Italiar eta Eskandinaviar ezaugarrien nahastea, konposaketa korapilatsuenganako nolabaiteko zaletasunari eta pertsonaien mugimenduari lotuta dago. Larritasun hau argi asko gelditzen da aulkian garatzen diren eszenetan. Beste bereizgarri batzuk ere baditu Joan Bustamantek, margoen bizitasuna, eta gizonezkoen irudietan, zertxobait behartutako jarreren alderako zaletasuna, batzuetan bizkarrez ikusten direlarik; gorputz indartsuak eta sakonuneak dituzten aurpegiak, eta baita Errenazimentu ondorengo aldietan desagertuz joango den nolabaiteko horror vacuia ere.
Galarko erretaula[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Agirietan ez azaldu arren, Galarko (Espartza) erretaulako margolanak Joan Bustamanterenak direla esan daiteke. Banku baten gainean (eskulturadunak) bi gorputz zutitzen dira, bost kale (eskulturak dituen erdikoa barne delarik) eta hiru gorputz dituen atikoa. Denetara hamar dira margoturiko xaflak, Jesusen Haurtzaroa, Done Ezteberen bizitza eta Nekaldiari buruzko gaiak dituztenak; margolan hauek 1945ean izan ziren zaharberrituak.
Estiloari dagokionez badira, perspektibazko efektu interesgarrietan eta pertsonaien aurpegi eta jarreretako larritasun biziekin nahasten diren hondo-arkitektura handietan islatzen diren italiar kerak.
Hau dena, oinarrizko margoen bizitasun-alderako joerari loturik, Rogelio Buendiak gaineratu zuen Joan Bustamanteren ingurumarian kokatzen dela obra, eta oso litekeena dela bere lantegian, izan ere irudiek ez baitute Uharte eta Zizur Nagusiko erretauletan maisuaren ezaugarriak dituzten manierista aurreko luzamendurik. Angulo Iñiguezek, aldiz, Joan Bosque margolariaren lana den (Nafarroako Museoan) Burlatako San Joan Bataiatzailearen erretaulako margolanekin zerikusirik baduela dio.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia II liburutik txertatu zen 2015-08-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Margolana 804 dukat zahar eta zilarrezko 9 erreal eta erditan izan zen tasatua. Joan Bustamante berak margolanarekin batera egin zuen eskulturari buruzko tratuaz ez da ezertxo ere esaten.