Judit Polgár

Wikipedia, Entziklopedia askea
Judit Polgár
Judit Polgár 2013.jpg
Bizitza
JaiotzaBudapest1976ko uztailaren 23a (45 urte)
Herrialdea Hungaria
Familia
AitaLászló Polgár
AmaLászlóné Polgár
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakesperantoa
Jarduerak
Jarduerakxakelaria eta esperantista
Jasotako sariak

polgarjudit.hu
IMDB: nm1373225 Twitter: GMJuditPolgar Edit the value on Wikidata

Judit Polgár (hungarieraz izen-abizenak alderantziz jartzen dira: Polgár Judit; Budapest, 1976ko uztailaren 23a) hungariar xake jokalaria da eta Nazioarteko Maisu Handia. Zsuzsa eta Zsófia bere ahizpak ere goi mailako xake jokalariak dira, nahiz eta gaur egun txapelketetatik erretiratuta dauden.

1991n Nazioarteko Maisu Handi titulua eskuratu zuen Hungariako xake txapelketa nazionala irabaztean, 15 urte baino ez zituela, eta ordura arte titulu hori lortu zuen xakelari gazteena bihurtu zen. Gaur egun munduko jokalari onenetakoa da eta urte luzez jarraian emakumezko xakelari onenen zerrendan lehen postuan egon zen, harik eta 2015ean Hou Yifan txinatarrak sailkapenean gainditu zuen arte. Munduko jokalari onenen zerrendan lehenengo hamarren artean sartzea lortu duen emakume bakarra da (1996an lortu zuen), zortzigarren postuan izatera iritsi baitzen.

Hungariako xake taldearekin urrezko domina irabazi zuen 1988ko eta 1990eko emakumezkoen Xake Olinpiadetan. Bi kasuetan bere bi ahizpak (Zsuzsa eta Zsófia) zituen taldekide. 1998ko Xake Olinpiadetan izugarrizko harridura eragin zuten: Hungariako xake taldearen lehen hiru tauletan hiru ahizpa zeuden; are harrigarriago zena, hiru nesken batez besteko adina 15 urtekoa zen (19, 14 eta 12 urte) eta gainera urrezko domina irabazi zuten sobietar xake talde ahalguztidunari gailentzean. 1990ko Xake Olinpiadetan balentria errepikatu zuten. Ondoren, Juditek emakumezkoen taldea utzi eta ordutik gizonezkoenean jokatu du hainbat aldiz (2014an zilarrezko domina lortuz); bere ibilbidean zehar beti defendatu izan du gizon-emakumeen berdintasuna xakean, eta txapelketetan emakumezkoek gizonezkoekin batera, bereizketarik gabe, parte hartzea bultzatu du.

2014an utzi zuen xake lehiaketetan parte hartzea. Hurrengo urtean, Hungariako gizonezkoen xake taldeko trebatzaile postua hartu zuen eta urte hartan bertan Hungariako kondekorazio garrantzitsuena eskaini zion gobernuak, Hungariako San Estebanen Ordenako gurutzea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Judit Polgár Aldatu lotura Wikidatan