Julio Arbosa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Julio Arbosa
Bizitza
JaiotzaMurgia1939ko abuztuaren 22a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaGasteiz, 2007 (67/68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakebanista, espeleologoa eta aktibista

Julio Modesto Arbosa Salazar[1] (Murgia, 1939ko abuztuaren 22a[2] - Gasteiz, 2007)[1] arabar espeleologoa, artista eta ekintzaile soziala izan zen. 1970eko hamarkadan hasita, eta batez ere 1980ko eta 1990ekoetan, oso ezaguna egin zen Gasteizko Errementari kaleko bere ebanisteriako erakusleihoan egindako instalazio batengatik: TB aparatu zahar batean, ia egunero, paperean idatzitako mezu kritiko bat itsasten zuen.

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetan Jesus Langile ikastetxean ikasi zuen ebanisteria, eta zenbait artisaurengandik tailla, zur eta harri taillagin trebea bihurtu arte. Bi seme-alaba izan zituen, Noelia eta Dersu.[2]

Mendizale amorratua, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen (MIET) mikologia taldean ere ibili zen. Larunbatero haurrak mendira eramaten zituen, eta igandeetan Ricardo anaiari (antikuarioa ogibidez[3]) laguntzen zion Plaza Berrian saltoki batean liburu zaharrak saltzera.[2]

Espeleologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957 inguruan anaia Ricardo eta biok MIET-en espeleologia sailean sartu ziren;[4] garai honetan taldean 23 kide ziren,[5] besteak beste Vicente Gálvez, Jesús Presa, Adolfo Eraso, Armando Llanos, Nieves Urrutia, Pepe Elejalde, José Luis Sáenz de Ugarte, José Miguel Sáez de Jauregi, Jose Antonio Agorreta, Emérita Moraza, Marieta Agorreta, Jaime Fariña, Vicente Valero, P. Alonso, ...[4] Arbosatarrek bioespeleologia arloa lantzen zuten, Juan Antonio anaia abade marianista eta biologoa baitziten: harentzat intsektu troglobioak hartzen zituzten.[6]

1958ko irailean MIETekoek espeleologia ikastaro bat antolatu zuten; astebetean hainbat hitzaldi eman zituzten,[7] eta amaitzeko Mairuelegorretan emandako meza batean, Juliok eginiko Amabirjinaren irudi bat kobazuloan instalatu zuten .[8]

Badaia, Gorobel eta Arkamu mendizerretan aritu zen batez ere. Hainbat esploraziotan parte hartu zuen Juliok, gehienetan Ricardorekin batera: Tertangako Goba Txiki eta Goba Haundi, Lazaldai, Grajos, Ierada, Ruziribai, Portillo de Boces, Gobaederra...[5][9][10]

1959an Mairuelegorretako kobazuloan gertatutako istripu batean erreskate lanetan parte hartu zuen. Espeleologo katalan batek 14 metrotako erorketa bat izan zuen; Arbosa bertan zegoen eta bere interbentzioa ezinbestekoa izan zen haren bizitza salbatzeko. Ostean, espeleolaguntza operazio luze bat abiatu zen, eta iraun zituen 26 orduetan Julio zaurituaren ondoan izan zen.[11]

1960ko abuztuan, Jokanoko Solacueva haitzuloan lagin bioespeleologikoak jasotzen ari zirela, Julio eta Juan Antonio Arbosak EneolitikoBrontze aroko aztarnategi arkeologikoa eta labar-pinturak aurkitu zituzten.[12]

Aurretik ipinitakoa hondatua baitzegoen, 1961 urtean Mairuelegorretan Amabirjina berria instalatu zuten; oraingoan Julio Arbosak Katedral Berriko obretako harri batekin egin zuen.[1]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaia Ricardok eta Juliok Euskal Herriko historiaz asko zekiten, Arabakoaz batik bat, baita etnologiaz ere, eta harreman handia zuten zenbait historialari eta bestelako aditurekin.[2]

1980ko hamarkadan, Arabako buztingintza zaharraren ikerkuntzan kolaboratu zuten. Beraien Murgiako etxean (Casa del Puente) aurkitutako zenbait keramika pieza zatiei esker (esmalte zuri gainean urdinez apainduak), garai batean han buztindegi bat izan zela ondorioztatu zuten.[13]

1990ean Principal antzokiaren berritze lanetan parte hartu zuen Julio Arbosak. Fatxadako lau armarrietan tragedia, komedia, musika eta dantza irudikatzeko enkargua eman zioten. Egun ikusgai daude bi maskara, lira bat, eta dantzari bat. Euskal dantza baten irudia izan behar zuela esan zuen Arbosak, eta Gasteizko antzoki baterako zenez, Arabako dantza batena. Horretara, Arabako Errioxako dantzetako katximorroa zizelkatu zuen.[2]

Arbosa TV[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errementari kalean ebanisteria zuen. 1970eko hamarkadan hasita, eta batez ere 1980ko eta 1990koetan, oso ezaguna egin zen eskaparatean egin zuen instalazio bat: TB aparatu zahar batean, ia egunero, paperean idatzitako mezu labur bat itsasten zuen. Juliok "Hirugarren Kanala" esaten zion (hasieran TBan bi kanal bakarrik baitzeuden), eta jendeak "Arbosa TV". Bertan egunerokotasunarekin eta batez ere giro politiko eta sozialarekin zerikusia zuten mezu kritikoak idazten zituen. Arbosaren mezuak oso komentatuak ohi ziren gasteiztarren artean, Errementari kalean eta inguruan bizi edo ibiltzen zirenen artean ez ezik, maiz "hirugarren kanala" ikustera propio joaten zirenen artean ere bai.[2]

2022 urtean, Gasteizko ZAS Kultur Espazioan Nerea Lekuona artistak Arbosaren mezu hauek erakusgai jarri zituen berriz: Dersu semeak Murgiako baserrian gordeta zituen aitaren eta osabaren hainbat material, tartean mezu horiek zituzten milaka paper. Haietatik batzuk aukeratu zituen, hiru hilabetetan zehar espazioaren eskaparatean eginiko instalazio batean erakusteko.[2]

Ekintzaile soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arbosaren tailerra San Pedro elizaren parean zegoen, eta Gabonetan jaiotza bat jarri ohi zuen telebista zahar baten barruan edo ondoan, Elizaren moral bikoitza nabarmen uzteko asmoz. «Behin panpina bat hartu zidan, beltzez margotu eta Jesus haur gisa jarri zuen, munduko haurren gosea salatuz», kontatzen zuen haren alabak. Polizia tailerrera joan zitzaion isun bat ezartzera, baina Julio ez zegoenez, anaia Ricardori ezarri zioten.[2]

Julio Arbosa behin baino gehiagotan atxilotu eta kartzelara sartu zuten frankismoan, propaganda banatu edo ikurrinak ipintzeagatik. Gau batean katedralaren parean dagoen sekuoia luze baten goienean jarri zuen bat eta Guardia Zibilak hurrengo goiz osoa eman zuen ikurrina jaitsi ezinean; Arbosak, berriz, hurrengo hilabeteak kartzelan eman zituen.[2]

«Oso abertzalea zen» senideen arabera, eta «urtean baino urtean lagun gehiago zituen kartzelan, ihesean edo hilda. Oso minduta zegoen horrekin eta halaxe islatzen zuen bere karteletan».[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c SÁENZ DE UGARTE, José Luis. 2016. Virgen Blanca y espeleólogos gasteiztarras en Gorbeia. Hornacina, revista anual de la Cofradía de la Virgen Blanca. N.7:36. Gasteiz.
  2. a b c d e f g h i j SLU, Herritar Berri. (2022-01-20). ««Arbosa TV» berreskuratu du Gasteizko ZAS Kultur Espazioko erakusleihoak» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  3. Saenz de Ugarte kom. pers. 2015-IX-17.
  4. a b (Spain), Euskal Espeleoloji Elkartea. (1980). Espeleología en el País Vasco.. Euskal Espeleoloji Elkartea ISBN 84-7025-147-3. PMC 16353124. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  5. a b Roberto., Elburgo,. (DL 1989). Historia de la espeleología alavesa : 25 años del Grupo Espeleológico Alavés (1962-1987) : memória. Diputación Foral de Álava. Departamento de Cultura ISBN 84-7821-035-0. PMC 892303526. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  6. Armando Llanos eta MªNieves Urrutiari elkarrizketa 140629 – Pepe Elejalde kom. pers. 150704.
  7. SAENZ DE UGARTE, José Luis. (“Badaya” ezizenez). 1958. Cursillo alavés de espeleología. Fue inaugurado con una conferencia de don José Miguel de Barandiarán. El Pensamiento Alavés 1958-IX-18.
  8. Jose Luis Saenz de Ugarteren argazki artxiboa.
  9. Llanos A, Agorreta JA. Estudio espeleológico de la cueva de “Lazalday” Zárate (Alava). Munibe 1961 vol.13 fasc.1 p.65-80.
  10. SAENZ DE UGARTE, José Luis. Memoriak (argitaratu gabea). Espeleologiari buruzko atala.
  11. Ades. (2016-04-22). «Accidente en Mairuelegorreta 1959» Albisteak (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  12. Llanos A. Algunas consideraciones sobre la cavidad de Solacueva y sus pinturas rupestres (Jócano - Alava). Munibe 1961 vol.13 fasc.1 p.45-64.
  13. ARIZNABARRETA, Jesús María. IBABE, Enrique. 1984. Ixona, Egileta eta Erentxun-eko (Araba) keramika piezen apaindura urdinari buruz. Kobie Etnografia 1. Bilbo.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]