KV16

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
KV16
Ramses I.aren hilobia
Kokapena Erregeen Harana
Aurkikuntza 1817
Industailea Giovanni Belzonik 1817an
Aurrekoa:
KV15
Hurrengoa:
KV17


KV16 Egiptoko Luxor hirian dagoen Erregeen Haraneko hilobi bat da. Egiptoko XIX. dinastiaren sortzailea izan zen Ramses I.a da bertan lurperatuta dagoena.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faraoi koroatua Menpehtyra Ramses izenarekin, inork ez zuen uste hain edadetua zen faraoi hark erabateko boterea lortuko zuenik Egiptoko XVIII. dinastiarekin senidetuta egon gabe. Avarisen jatorria zuena, hiksoen hiriburu suntsitu eta gorrotatua, Paramesu komandantea postuak igotzen joan zen Horemheb faraoiaren erregealdian honen bisir eta bigarren bihurtu arte. Bi pertsonaia hauek eta hauen ondorengoek Amarna garai zurrunbilotsuko erregeekin izan zuten jokaera dela eta, Horemhebek zein Paramesuk Amon jainkoaren gurtza berezartzerako orduan zerikusi oso garrantzitsua izan zutela uste da, ondoren, Akhenaton eta honen familia guztiaren lehen jazartzaile bihurtuz.

Gizonezko oinordeko baten falta zela eta, Horemhebek bere bisirra lotu zuen tronura erabateko normaltasunez. Ondoren Ramses I.a izango zena oso edadetua bazen ere, oinordekotza ziurtatua zegoela zirudien, garai hartan beranduago Seti I.a izango zena heldua baitzen, seme bat ere bazuelarik, beranduago Ramses II.a izango zena. Baliteke, baita ere, ramesidar leinua Horemheben familiarekin zenbait ezkontzen bidez senidetuta egotea, are gehiago legitimatuz dinastia berriaren etorrera. Edonola ere, dirudienez, Horemheb hil ondoren Paramesu Ramses I.a izenarekin tronuratu zen inongo asaldapenik gabe eta barne egonkortasuna erabatekoa zen garai batean.

XIX. dinastiaren sortzaileak soilik 16 hilabeteko erregealdia izan zuen, K. a. 1306tik K. a. 1305 arte gutxi gora-behera, egileren batzuk apur bat beranduago datatzen duten arren, K. a. 1292tik K. a. 1291 arte. Ramses I.ak hain denbora laburrean ze paper bete zuen ezagutzen ez den arren, litekeenena dinastia berria ezartzera eta Horemheben ekintza bide berberak jarraitzera dedikatu izana da. Trantsiziozko bere erregealdi laburraren ondoren tronua bere seme Seti I.arentzat pasa zen, enpresa berrien eraikuntza eta Asian galdutako inperioa berreskuratzeko lanak grina handiagoz berabiaraziko zituena.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramses I.aren hilobia Erregeen Haranaren erdigunean dago, nekropoliko hegoekialdeko wadiaren sarreran, ardatza ia erabat hegomendebaldera lerrokatua duelarik. Bere sarrera KV17 hilobitik oso metro gutxira dago, KV10 eta KV11 dauden magal berean, hauek apur bat mendebalderago daudelarik. Inguruan dauden bese zenbait hilobik bezala, KV16k tebastar nekropoliek aldiro-aldiro jasan dituzten uholde bortitz eta urriek eragindako kalteak jasan ditu, baina ez beste hilobi batzuk jasan dituzten bezain kalte handiak.

KV16ren oinplanoak hilobiaren eraikuntza oso azkarra izan zela adierazten du, korrika eta presaka egina, arkitektura apaindurei eta zaintzei erreparatu gabe. Hala ere, maisutasun handiz eraiki zen, baina soiltasunez eta tokia eta denbora aurreztuz. Lehen gelak garai hartako errege hilobi baten ohiko diseinuzkoak dira, Ramses I.aren aurreko faraoia izan zen Horemhebi zegokion betiereko atsedenerako tokiaren parekoa: sarrera eskailera bat (A), beherantz zihoan malda handi bat duen arrapala (B) eta azken eskailera bat (C). Pasabide hauen neurriak beste errege hilobi batzuetakoekin alderatuta txikiagoak dira, zalantzarik gabe, faraoia oso edadetua zelako. Kontu izate honek bere arrazoiak izan zituen azkenean, bigarren eskailera amaitu eta gutxira hil baitzen Ramses I.a

Orduan, Deir el-Medinako eraikitzaileek, euren profesionaltasuna erakutsiz, lanak nabarmen bizkortu zituzten, hil ganbera txiki bat inprobisatuz (J), ondo zulatu eta leundua, baita apainduraz josia ere hildako erregearen loriarako. Denbora gehiago bizi izan balitz, inongo zalantzarik gabe ohiko gelekin jarraituko zen (pasabide bat, hil putzua, zutabeen gela, bi korridore gehiago, aurreganbera bat eta kripta bera) baina hilabete batzuk baino ez zituzten ohi urte mordoa ematen ziren lanak egiteko. Hala ere, baliteke euren lana Seti I.a koroatua izan aurretik amaitu izana, Ramses I.a baltsamatua zen bitartean, bi alboko ganbera nano zulatzea lortu baitzuten (Ja eta Jc), baita aurreko nitxo bat ere (Jb) hil hatu gehiago jartzeko.

Apaindura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramses I.a bere hilobia amaitu aurretik hil izanak apaindura programa nabarmenki murriztu zuen, KV16ko gelarik garrantzitsuena zen hil ganbera soilik margotuz. Hilobiaren gainontzeko gela guztiak apaindurarik gabe geratu ziren, XVIII. dinastiaren hasierako antzinako ohitura bezala, kasu honetan denbora faltaren ondorio izan zen arren. Hala eta guztiz ere, KV16ko margoek Ramses I.aren aurreko erregea izan zen Horemheben hilobia den KV57koen antz handia dute, formetan zein irudietan, egileak ere berberak izan zirela pentsarazten dutelarik. Aurreko faraoiaren hilobiko hain bereizgarria den urdin-grisazka koloreko atzealdea ere erabiltzen da.

Uholdeek ia ez dute errukirik izan KV16 hilobiarekin, eta apaindurak kalte handiak jasan ditu: eskena ugari eta zenbait kolore galdu egin dira, tokiren batzuetan igeltsatutako azala altxatu ere egin delarik. Hilobian, J ganberan zein Jb nitxoan agertzen den hil testu bakarra Ateen Liburua da, Horemheben erregealditik aurrera hurrengo errege hilobi guztietan agertzen hasten dena.

Ateen Liburuaren ondoan hildakoaren irudiak ere ikus daitezke heriotzarekin zerikusia duten zenbait jainko eta jainkosarekin batera, Osiris, Horus edo Anubis kasu, baita ondo ezagutzen diren beste zenbait ere (Atum-Ra-Khepri, Neit, Maat edo Nefertum). Ondorioz, Nejeneko Arimak eta Peko Arimak agertzen dira, Goi eta Behe Egiptoko antzinako erregeen ikurrak, izpiritu babesletzat hartzen zirenak. Eta hau gutxi balitz, beste irudi batzuk erakusten dituzten beste margo batzuk ikus daitezke, kasu honetan kuttun ezagun batzuenak, dyed zutabea edo tyit korapiloa, lehena Osirisekin eta bigarrena Isisekin lotuak daudenak.

Indusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramses I.aren hilobia 1817an aurkitu zuen Giovanni Battista Belzoni italiarrak, KV17 hilobia aurkitu baino egun gutxi batzuk lehenago, bere edertasun eta handitasunarekin, Erregeen Haranean ordurarte ezagutzen ziren gainontzeko hilobi guztiak itzaltzen zituena. Hala ere, KV16ak ere Belzoniren espedizioaren arreta apur bat piztu zuen (Henry Salt antigoaleko gauzen bildumagile ingelesak babestua), oraindik geratzen ziren hil ekipamenduaren hondakin txikiak argitara emanez, zurezko estatua zaindariak eta oraindik izenik ez zuten jainkoen iruditxoak, txakal, tximu edo lehoi burudun giza itxurakoak, baita burutzat dordoka bat zuen emakume bat ere, ziuraski aurkikuntzarik bitxiena izango zena. Granito gorrizko sarkofago handia hil ganberan utzia izan zen.

Belzoniren igaroaldiaren ondoren ez da KV16 hilobiaren indusketa lan gehiagorik erregistratu. Beranduago Burton, Lepsius edo Piankoffek bisitatu zuten, hormetako idazkiak dokumentatu edo itzuliko zituztenak. Uholdeen ondorioz hilobiaren egiturak kalte handiak jasan dituenez, eta erortze arriskuan dagoenez, Antigoaleko Gauzen Kontseiluak zureko habe handi batzuk jarri ditu hil ganberan, kaltetutako sarkofagoaren inguruan. Orain arte ez da kontserbazio lan gehiagorik egin.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]