Kandinskyren tradizioa

Wikipedia, Entziklopedia askea


Kandinskyren tradizioa
Datuak
Idazlea (2003)
GeneroaEleberria
HerrialdeaEuskal Herria
BildumaBioleta Saila
Orrialdeak88
ISBN84-9746-107-8

Kandinskyren tradizioa Ramon Saizarbitoriak idatzitako eleberri laburra da, 2003 urtean lehen aldiz argitaraturikoa eta bereziki irakurle gazteei zuzendutakoa. Miren izena duen neska gazte baten lehen amodioaren gorabeherak kontatzen ditu, bakarrizketa moduan, bere irudimenean sortutako amodio idealarekin alderatuz. Eleberriaren izenburua Kandinskyri buruzko liburu batean aurkitutako errusiar tradiziotik dator, eleberria abiarazten duena, zeinaren arabera urtezahar gauean neska batek topatzen duen lehen gizonak duen izen berbera duen maitalea izango duela baieztatzen den. Abiapuntu honetatik eleberriak ideala eta errealitate gordina kontrajartzen ditu eta lehen amodioa, lehen sexu harremana, desengainua eta lagun eta gurasoekiko harremanak ditu gaitzat. Halabeharra elementu garrantzitsua da eleberrian, liburuan aipatzen den tradizioaren haritik: kasualitate sorta batek tradizioa betetzea ekarriko du, ustekabean bada ere. Izandako esperientziekin kontakizun hunkigarria osatuz, Mirenek harremanen gordintasuna ezagutu, bizitzaren ikasbidea burutu eta heldutasunera iritsiko da.

Eleberria gaztelaniara itzuli zuen egileak berak eta Jon Kortazarren hitzaurreaz argitaratu zen edizio elebidun batean.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Miren donostiar neska gaztea da, margotzeko zaletasuna duena. Kandinsky margolariaren alargunak idatziriko liburu batean irakurrita, Errusiako antzinako tradizio baten berri jasotzen du, zeinaren arabera neska gazte batek urtezaharretik urteberrira kalean ikusitako lehen gizonaren izena duen maitalea izango duela baieztatzen den. Tradizio horri jarraitzea erabakitzen du, baina urtezaharrerako aste batzuk falta direla eta, Aitor izena gustuko duela bururatu eta izen horren inguruan maitasun ideala eratzen du. Sexu harremanetan hasiak diren bere lagun taldeko nesken isekak isilarazteko, Manuel izeneko mutil batekin dabilela kontatzen die, gezurra izan arren. Gurasoekin maiz joaten den Bastida herrian ezagutu duela kontatzen die, han Manuel izena arruntagoa dela kontuan hartuz. Bere lagunek, bereziki Rosa izeneko batek, egiten dizkioten galdera eta zirikadek bultzatuta neurri batean, Manuelekiko alegiazko amodio-harremana osatzen du bere irudimenean, Manuel gazte jakintsu eta arduratsu moduan eratuz.

Urtezahar gaua heltzen denean, lagun baten etxera mahatsak jatera joan behar duelako aitzakiarekin, Errusiako tradizioa betetzera irteten da kalera. Bebarrutik atera bezain laster, mutil batekin topo egin eta berari izena galdetzean, mutilak ez diola esango erantzun eta berak Miren izena duela erantzuten dio, neska ezagutzen ez duen arren. Miren guztiz harrituta geratzen da. Jolas moduan, mutilak bere izena asmatzeko esaten dio eta burura datorkion lehen izena, noski, Aitor da, gustuko duen mutil izena. Mutilak asmatu egin duela adierazi baina neskak ez du sinesten, baina azkenean mutilaren lagunek baieztatu egiten diote izena. Mutilak telefonoa eskatu eta beste batean elkar ikusteko proposamena egiten dio. Handik astebetera deitu eta Errenteriara joaten dira, Aitor hangoa baita. Hurrengo asteetan ere, handik ibiltzen dira, zinemara joaten eta txurroak jaten beti. Mutila zakarra eta aspergarria izan arren, halabeharrak beretzat ekarri duela sinetsita dago Miren.

Errenteriaz aspertuta, Mirenek Donostian ibiltzeko proposamena egiten dio. Uliarantz doaz oinez, Sagues auzoko aldapetan zehar. Oinez ibiltzeko erritmo desberdinak dituztela, mutila aurreratu eta Miren bakarrik uzten du. Neskak azkenean bakarrik itzultzen da, desilusionatu eta haserreturik. Hurrengo egunetan deitzen ez diola eta, Miren atsekabetu egiten da. Lagunekin jarraitzen du Manuren istorio ideala eratzen, kultua dela kontatuz eta beste bertute guztiez jantziz. Aitor gogoan, bertute horiek ez dituela konturatzen da: kultura ez zaio interesatzen eta komertzial edo saltzaile moduan lan egiten du (Mirenek airari bere liburuak erosiarazi egiten dizkio, nahiz eta horiek ez dituen sekulan jasoko), opariak ez dizkio egiten eta berari egindakoak mespretxatu egiten ditu (Mirenek, mutilak erretzea atsegin ez bazaio ere, San Balentin egunez oparitu eta gerora, maiz erretzen duen arren, eskutan ikusiko ez dion metxeroa, kasu).

Bere urtebetetze egunean, Rosarekin haserretzen da, Manu dela eta egindako zirikada batengatik. Berriz etxean, Aitorren deia jaso eta berarekin ateratzeko geratzen da. Beti bezala, Errenteriara joaten dira baina Donostiarako bueltan Uliara joaten dira. Han aparkatu eta autoa barruan geratzen dira. Mutila denbora luzez isilik geratzen da. Azkenean, eskua Mirenen belaunen gainean jartzen du baina Mirenek kendu egiten dizkio, hilerokoarekin dagoelako aitzakiarekin. Berehala, mutilak bion arteko harremana uzteko proposatzen dio. Mirenek bere burua abandonatuta ikusi eta negarrez hasten da eta berarekin jarraitzeko erregutzen dio. Elkarrekin ateratzen jarraitzen duten aurren, ateraldiak etsigarriak egiten zaizkio eta Aitor guztiz zakarra dela konturatzen da. Gainera, etengabe harremana uzteko esaten zion, txantaia emozional moduan. Bere irudimenean eta bihotzean, Manuren istorioa osatzen jarraitzen du aldi berean, Rosaren galderei (amodio egin nolakoa den eta lehen musua nola eman zion) erantzun beharrak bultzaturik. Horrela, gainera, Manuk Aitorrekin bizi duen harreman okerra gainditzeko baliatzen du.

Miren zapuztuta geratzen da lehen aldiaren ondoren: berak espero zituen maitasun adierazpenak ez ditu jaso Aitorrengandik.

Azkenean, Aitorrengan sumatzen dituen tristura, zakarkeria eta frustrazioa berarekin sexu harremanak ez izateagatik dela pentsatuta, berarekin amodio egitea proposatzen dio, baina leku egoki batean izan behar delako baldintzarekin. Bitartean, Mirenen amak alabarengan zerbait sumatu eta, emakume kontserbadorea izanda, sexu harremanekin kontuz ibili eta aurretik neurriak hartzeko erregutzen dio. Mirenek berak erosten ditu kondoiak, egoera nahaspilatsu batean eta etxetik gertu dagoen botika batean. Aitorrekin geratuko den egunerako kulero arruntak janztea ere erabakitzen du. Aitorrekin elkartu eta Errenteria inguruko errepideko hotel ziztrin batera doaz. Han, biak herabe eta urduri agertzen dira. Mirenek Manurekiko lehen aldia nolakoa izango litzatekeen ekartzen du gogora, maitagarriro egingo zuten, elkarri laztanduz eta hitz gozoak esanez. Azkenean, Aitorrekin ez da horrelakorik ezer gertatzen eta sarpena besterik gabe burutzen du mutilak, Mireni ezer gogoangarririk gabe utziz. Bukatu eta ohean etzanda, bonba baten leherketa gertatzen da. Horrek Aitorri arreta beste zerbaitetan jartzeko aitzakia ematen dio, berehala jaikiz eta Miren bakarrik utziz ohean. Ohean bueltan, Mirenek zerbait kontatzeko esaten dio, baina Aitor isilik geratuko da pentsakor. Ondoren, lehen aldian izaten den maindireko odol arrastoa ikusita, Aitor haserretu egiten da. Ohean etzanda, isilik eta pentsakor, Aitorrek alde egiteko ordua dela adierazi eta isilik hoteletik atera eta autoa hartzen dute Donostiara itzultzeko.

Autoan haserreturik jarraitzen du Aitorrek eta horrek abiadura handiegiz gidatzera bultzatzen du. Ertzaintzaren kontrol batean, dokumentazioa eskatu eta karneta ematean, Aitorren benetako izena Manuel dela entzuten du, bere ametsetako Manu bezala. Mirenek izen aldaketa ez zaiola axola adierazi arren, Aitorrek izen hori ez erabiltzeko esaten dio haserre, bere amak jarritako izena, galiziarra denez han oso arrunta baita, besterik ez dela eta bere izena Aitor dela lehor gaineratuz. Azkenean, modu zakarrean utziko bere etxe parean.

Abandonatuta sentitzen du bere burua Mirenek. Aitorrek ez dio deitzen hurrengo egunetan. Baina, denbora bat pasata, atsekabea gainditu eta margotzen hasi zen berriro. Egun batean, Aitorren deia jaso eta elkarrekin ateratzeko esaten dio, besterik gabe, maitasunezko hitzik gabe. Mirenek biak oso ezberdinak direla eta uzteko biontzat hoberena dela adierazten dio, bestelako azalpenekin batera. Ika-mika baten ondoren, Aitorrek pija deitu eta telefonoa eskegi egiten du.

Bere ama Bastidan dago eta hara doa egun batzuk pasatzera. Amak liburutegitik hartutako liburu bat itzultzera doanean, han lan egiten duen mutila ezagutzen du. Han itsatsita dagoen Kandinskyren margolan baten posterra dela eta hasten dira hizketan, Mirenek berdina baitu etxean. Mutilak Kandinskyri buruzko azalpenak ematen dizkio eta artearen historia ikasten dela esaten dio, Mirenen amak berataz asko hitz egin diola adieraztearekin batera. Bere burua aurkeztu eta Manu izena duela esaten dio. Miren erabat liluraturik geratzen da, Kandinskyren tradizioa bete ote delako pentsamenduarekin. Gainera, Manuk tradizio hori aipatu ere egiten dio Kandinskyri buruzko elkarrizketa jarraituz. Mirenek tradizio horretan sinesten ez duela eta etorkizuna idatzi dago dagoela pentsatzea nahiago duela erantzuten du. Bukatzeko, elkarrekin ateratzeko geratzen dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]