Karabakh Garaiko gerra (2020)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karabakh Garaiko gerra (2020)
Data 2020
Azerbaijango soldadu bat hondakinen artean 2020ko urrian.
Automobila sua hartuta bonbardaketa baten ondorioz (Stepanakert).
Artsakh Errepublikaren ejerzitoa erasoak erantzuten.

Karabakh Garaiko gerra 2020an zehar indartu zen gatazka armatua da. Gatazka hau Karabakh Garaian XX. mendearen hasieratik dago martxan era egoki batez konpondu gabe. 2020an, Azerbaijango indar armatuak batetik, eta Armeniaren eta Artsakh Errepublikaren ejerzitoak bestetik aurrez aurre jarri ziren berriro ere. Herrialde hauen arteko aurreko su-etena 1994an eman zen.

Lehen erasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfrontazioak Karabakh Garaiaren Kontaktuzko lerroan hasi ziren, 2020ko irailaren 27an. Bi aldeek baxak izanak azaldu zuten. Erasoen aurrean Armeniak zein Artsakh Errepublikak gerra legea ezarri zuten, populazioa erabat mobilizatuz aldi berean.[1] Azerbaijanek gauza bera egin zuen, gerra legea, eta, gainera, etxeratze-agindu ezarriz. Irailaren 28an Azerbaijango mobilizazio partziala aldarrikatu zen.[2]

Nazioarteko analisten arabera, ziur aski erasoak Azerbaijanek hasiak izan zitezkeen. Helburua Karabakh Garaiaren hain menditsuak ez diren barrutiak okupatzea izan daiteke; barruti horiek errazagoak dira hartzeko zeren eta barrualdea, menditsuagoa, hobeto gotortua egon daiteke.

Nazioartean hiru estatu Azerbaijanen alde kokatu dira: Afganistan, Pakistan eta Turkia. Turkiak, gainera, laguntza militar zabala eman dio Azerbaijani. Dirudienez, Turkiak Errusiaren eragina lurraldean gutxitzea bilatzen du, horretarako Azerbaijanen jarrera indartuz. Errusiak inperioaren rola jokatu du urteotan lurralde horietan.[3]

Nazio Batuen Erakundeak gatazka salatu du eta bi aldeei lehenbailehen negoziazioetara itzultzeko eskaera luzatu die. Europar Batasunak gauza bera eskatu du.

Gatazken jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karabakh Garaian gatazka ugari egon dira mendetan Armenia eta Azerbaijanen artean. Helburua beti bera izan da: eskualdearen gaineko kontrola lortzea. Azerbaijanek salatzen du Armeniak okupatu egin dituela Karabakh Garaia eta haren inguruko lurrak, berez Azerbaijani dagozkion eremuak izan arren. Han, Karabakhen herrialde autonomo bat direla aldarrikatzen dute. Armeniak ez du inoiz eskualdearen independentzia aitortu, baina bien arteko harremanak beti izan dira oso onak, esaterako, Karabakh Garaiko biztanleetatik gehienak armeniar jatorrikoak direlako. Beraz, bi aurkari nagusi daude gerra honetan, Armenia eta Karabakh alde batetik, eta Azerbaijan beste alde batetik. Bi fronte horien helburua argia da: lurraldearen gaineko botereari eustea Armeniarena; eta boterea eskuz aldatzea Azerbaijanena.[4]

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hildako eta zaurituen datuak ez dira argiak, baina segurua da oso handiak direla. Armeniaren arabera, baliteke 500 inguru izatea hildakoak. Azerbaijanek, ordea, ez du jakinarazi bere aldean militarrik hil ote den; soilik zibilen hilketak salatu ditu. Gerra honek familia asko suntsitu ditu, eta gatazka amaitzearen aldeko ahotsak ugaritu. Euren egoera jasanezina dela salatzen dute herritarrek; ez dute hildakoak zenbatzen jarraitu nahi.[5]

Protestak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bizi diren armeniarrek protesta desberdinak eraman zituzten aurrera. Horrela, urriaren 17an, Karabakh Garaiko gatazka salatzeko eta eskualdean bizi den egoeraz ohartarazteko, protesta ekintza egin zuten euskal errepideetan, AP-8a moztuz Irun eta Hendaia artean. 100 lagun inguruk euren kotxeak gurutzatu eta trafikoa geldiarazi zuten ordubetez. Hiru kilometro eta erdiko auto-ilarak sortu ziren Iparraldera bidean. [6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]