Klamidiasia Chlamydia trachomatisbakterioak eragindako gaixotasun infekziosoa da, harreman sexualen bidez transmititzen dena, eta traktu urogenitalari erasotzen diona.
Munduko herrialde garatuetan, klamidiasia sexu bidez transmititzen diren gaitzen artean ohikoena da, eta jende gehiagori erasaten diona, sifili, gonokozia, HIESa edo herpes genitalaren aurretik.
Chlamydia trachomatis bakterioak serotipo asko ditu. Serotipo batzuek trakoma izeneko gaitza sortzen dute, itsueria eragin dezakeen begien infekzio larria. Bakterio horren D eta K-ren arteko serotipoek, aldiz, klamidiasi izenaz ezagutzen diren infekzio genitalak eragiten dituzte. Beste serotipo batzuek, azkenik, linfogranuloma benereo izeneko gaitza sortzen dute, sexu bidez ere transmititzen dena, baina klamidiasien taldetik at sailkatzen dena.
Gaitzaren inkubazio epea aste bat eta hiru aste bitartekoa da.
Klamidiasiak ez du beti sintomak sortzen, infekzio asko sintomarik gabekoak baitira. Sintomak agertzen direnean, gizonezkoen artean uretritisarenak eta epididimitisarenak ohikoenak dira (uretritisak erremina sortzen du txiza egitean eta gernu-maiztasuna areagotzen du; epididimitisak mina eragiten du barrabiletan). Emakumezkoen artean uretritisarenak, zerbizitisarenak eta baginitisarenak (baginaren odol-jarioak, erremina txiza egiterakoan eta gernu-frekuentziaren handitzea). Gaixotasun inflamatorio pelbikoa ere ager daiteke emakumeengan. Bai gizonengan bai emakumeengan ohikoa da muki-jarioa agertzea, uretratik edo baginatik datorrena.
Infektatuta dauden emakume haurdunek ume jaioberria sarri kutsatzen dute erditzerakoan: umeak begien infekzioa (konjuntibitisa) edo pneumonia izan ditzake jaiotzean, erditze-kanalean dauden mikrobioez kutsatzen baita.
Sintoma klinikoek bakarrik ezin dute diagnostikoa ziurtatu. Bakterio eragilearen kultiboa zaila denez (klamidiak ez baitira hazten ohiko hazkuntza-inguruetan, kultibo zelularrak behar baitituzte), proba serologikoaren bidez diagnostikatzen da gaitza (ELISAren bitartez, adibidez). Azido nukleikoen hibridazioaren proba eta PCR-a ere erabiltzen dira sarritan.