Klonazio

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Klonazioa (grekeraz κλων, "ume" esan nahi du) organismo garatuetik kopia berdin-berdinak lortzeko prozesua da, modu asexual batean.

Bi ezaugarri hauek garrantzitsuak dira:

  • Animalia garatu batetik hasten da, izan ere klonazioa nahi dugun animalitik kopiak egitean datza, eta bakarrik heldua denean bere ezaugarriak dakizkigu.
  • Bestalde, era asexual batean sortu behar da. Sorkuntza ez digu uzten kopia berdin-berdinak lortzen, naturak ugalketa mota hau anitza eta ezberdina egiten du eta.

Klonak genetikoki eta itxura aldetik berdin-berdinak diren organismoak dira, zelula bakar batetik sortuak ugalketa asexualaren bidez.

Naturan noizean behin animalia klonikoak agertzen dira berez. Adibidez, biki monozigotikoak, zigotoaren berezko zatiketaren ondorioz agertzen direnak. Biki monozigotikoek osaketa genetiko bera dute, eta itxura aldetik ere berdinak dira, nahiz eta gurasoengandik desberdinak izan.

Klonazio motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klonak aurreko unitatearekiko genetikoki berdin-berdinak diren elementuak dira. Klonatzen diren elementuak ADN molekulak edo geneak izan daitezke, zelulak ere bai, edo organismo oso bat. Hortaz, klonazio mota ezberdinak daude.

Klonazio molekularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klonazio molekularra edo geneen klonazioa ADNaren sekuentzia bat isolatu, plasmido batean sartu eta bizidun prokarioto batean txertatzean datza, prokarioto horrek ADN horren kopiak eta produktu interesgarri bat ekoiz ditzan.

Ingeniaritza genetikoaren bidez gaur egun posible da organismo eukarioto baten ADNaren puska bat bakterio batean txertatzea, ADN horrek bakterio horretan proteinen sintesia zuzendu ditzan. Modu horretan lortu da, esaterako, giza-intsulina ekoizten duten bakterioak eskuratzea, mitologia klasikoaren kimerak gogoratzen dituztenak (animalia ezberdinetako osagaiak zituztenak ziren kimerak, Greziako mitologian).

ADNaren pusketa bat zelula hartzaile batean txertatzeko prozesuak 5 etapa ditu:

  • txertatu nahi den ADN puska isolatu behar da (ADN horrek zelula hartzailean sartu nahi diren geneak ditu)
  • ADN puska hori bektore batean txertatu (plasmidoak dira bektore ohikoenak)
  • bektorea sartu zelula hartzailean (genetikoki aldatu nahi den organismoaren zelulan, alegia)
  • zelula ostalarian sartutako ADNaren erreplikazioa eta adierazpena

Lehenengo etapa burutzeko ADN apurtu behar da toki zehatz batetik, klonatu nahi diren geneak, eta ez beste sekuentzia bat, aukeratzeko. Errestrikzio endonukleasak izeneko entzimei esker posible da hori egitea: izan ere, entzima horiek gai dira DNAren sekuentzia bat ezagutu eta puntu zehatz batetik mozteko.

Manipulatu nahi den ADN zatia lortuta, beste entzima batzuek, ligasa izenekoek, zati hori itsatsiko dute garraiatzaile moduan jardungo duen plasmido batean. Plasmidoez gain, bektore gisa zenbait fagok ere erabiltzen dira.

Zelula ostalariaren barnean klonatutako ADN (plasmidoan dagoena) erreplikatu egingo da plasmidoa erreplikatzen denean, eta zelula ostalaria (bakterioa edo legamia) hasiko da ekoizten klonaturiko geneek sortzen duten produktua (intsulina, interferoia, antibiotikoak...)

Prozedura honek genetikoki aldatzen dituen organismoak (bakterioak) aukeratzeko plasmido bektoreak, klonatu nahi diren geneez gain, erresistentzia ematen duen beste gene bat ere izan behar du (penizilinarekiko erresistentzia, esaterako). Horrela klonatutako zelula gainontzeko guztietatik banandu eta isolatuko da penizilina duen hazkuntza-inguru batean jarriz.

Goian azaldu den klonazio molekularrean bakterioak ziren klonatutako ADNa jasotzen zutenak (ADN horren ostalariak). Nahiz eta klonazio-ostalari erabilgarrienak mikroorganismoak izan (azkar hazten direlako), zelula eukariotoak ere kanpotik sartutako ADNaren ostalariak izan daitezke. Kasu honetan aukeratutako ADNaren sekuentzia zelula eukariotoetara transfekzioaren bidez edo elektropulsazioen bidez sartzen da.

Klonazio zelularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula bat klonatzeak zelula bakar batetik genetikoki berdin-berdinak diren zelula multzo bat lortzea esan nahi du. Medikuntzan teknika hori lantzen da zelula amak lortzeko.

Organismoen klonazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organismoen klonazioa era artifizialean eta ugalketa asexualaren bidez banako baten sorreran datza, banako hori genetikoki klonatutako banako aintzindariaren berdin-berdina izanik.

Organismoen klonazioa burutzeko transferentzia nuklearra (TN) izeneko teknika erabiltzen da: teknika hori, funtsean, obulu bati bere nukleo zelularra kendu eta zelula somatiko baten nukleoaren txertaketan datza. Zelula somatiko horrek kromosoma guztiak ditu, diploidea da, eta azaletik, digestio-aparatutik edo titietatik atera ohi da. Klonatutako organismoak zelula somatiko horren osaketa genetiko bera izango du.

Animaliak klonatzeko erabiltzen den teknika azalduko da jarraian.

Hitz gutxitan esanda, obulu bati bere nukleoa kendu eta klonatu nahi den animaliaren nukleo jartzean datza prozedura, klonatutako animaliaren nukleo zelula somatiko batena izanik. Gero, enbrioiaren garapena eragiten da eta sortutako enbrioia beste animalia baten umetokian sartzen da, ernaldi bat osa dadin. Hortik jaioko den animalia zelula somatikoaren nukleoa eman zuen animaliaren klona izanen da, osaketa genetiko bera izango baitu.

Dolly ardiaren klonazioa


Batzuetan animalia baten nukleo zelularrean aldaketa genetikoak eragiten dira ingeniaritza genetikoaren bidez, eta genetikoki eraldatutako nukleo hori klonatzen da gero transferentzia nuklearraren bidez. Modu honetan sortuko dira genetikoki eraldatutako organismo berriak, jatorrizko animalien aldean ezaugarri onuragarri batzuk (esne gehiago ekoiztu, erresistentzia gehiago eduki infekzioen aurrean, etab.) dituztenak.


Transferentzia nuklearraren bidez lortu zen, 1996an eta Eskozian, lehenengo ugaztunaren klonazioa, Dolly ardiarena. Horretarako Finn Dorset arrazako ardi bati (ile guztiz zuria duena) ugatz-guruinetik zelula somatiko batzuk atera zizkioten. Zelula horiek hazkuntza-inguru berezi batera pasatu ziren, bertan ugal zitezen. Gero, zelula horietako bat beste hazkuntza-inguru batean sartu zen, sor egoeran gera zedin (bertan ez zen ugaltzen). Enbrioi bideragarriak lortzeko nukleoaren genoma "birprogramatu" behar zen, hots, zelularen hasierako funtzioa (ugatz-guruinarena) ahaztu eta funtzio berri bat (enbrioi batena) bereganatu. Horretarako ezinbestekoa da ugalketa etetea.

Hurrengo fasean beste ardi arraza baten (Scotish Blackface, burua beltza duena) ernaldu gabeko obuluarekin lan egin zuten. Obulu horri bere nukleoa kendu eta ugatz-guruinetik zetorren zelula birprogramatuaren nukleoa txertatu zioten (transferentzia nuklearra). Gero, obulu horri deskarga elektriko ahul bat eman zioten, bere ernalketa eragiteko. Enbrioia hasi zen garatzen eta hirugarren ardi baten (Scotish Blackface-rena ere) umetokian ezarri zen, bertan garatu zedin. Azkenik, eta 148 egunetako ernaldi baten ondoren, Finn Dorset arrazako ardia (Dolly) jaio zen, zelula somatikoaren emailearen klona izaten zena.

Organismoen klonazioa ez da oraindik prozesu samurra. Dollyren kasuan 277 saio egin ziren klonazioa lortu aurretik. Transferentzia nuklearraren zailtasunei, umetokian jartzearenak eta ernaldi bideragarriak lortzearenak gehitu behar zaizkie. Dollyren ondoren transferentzia nuklearraren bidez behi, sagu, txerri, oilo eta tximinoak klonatu dira, baina beti ere arrakasta portzentai urriekin (%1-%2).

Klonazio terapeutikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klonazio terapeutikoa enbrioien sorreran datza ere, baina ez organismoak klonatzeko, ehun eta organoak sortzeko baizik. Klonatutako ehun eta organo horiek medikuntzan erabiltzen dira, gaitzak sendatzeko. Esaterako, kaltetutako organoak klonaturiko organoez ordezkatzen dira. Klonatzen diren zelulak emaile gaixoaren beraren direnez, organo berria transplantatzerakoan ez dira errefusa fenomenoak gertatuko.

Klonazio terapeutikoaren oinarria edozein zelula mota bihur daitezkeen enbrioi-zelula amak lortzea izaten da. Horretarako, organismoen klonazioaren antzera, transferentzia nuklearraren izeneko teknika erabiltzen da. Lehenik eta behin, sendatu nahi den gaixoari zelula somatiko bat erauzi eta zelula horri bere nukleoa ateratzen zaio. Nukleo hori obozito (obulu baten zelula aitzindaria) batean txertatzen da, obozito horri bere nukleoa kendu ostean.

Gero, obozito horren ugalketa eragiten da, 4-5 egunetan blastozito izeneko egitura agertuz. Blastozitoa 100-200 zeluletako bola bat da, eta zelula amak dituen enbrioi txikia besterik ez da. Zelula ama horiek, egoki suspertuak, eboluzionatu eta edozein ehun mota bihur daitezke (pluripotenteak baitira). Horrela, nerbio ehuna, gihar ehuna edo epitelio ehuna sor daitezke, gaixoari transplantatu ahal izaten zaiona kaltetutako organo bat sendatzeko eta errefusa fenomenoa agertu barik, klonatutako ehuna bere osaketa genetiko bera baitu.

Klonazio terapeutikoa, beraz, transferentzia nuklearraren bidez enbrioiak sortzen ditu, baina enbrioi horiek zelula amak lortzeko erabiltzen dira, eta ez dira organismo baten umetokian ezartzen indibiduo klonatuak sortzeko.

Giza klonazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Giza klonazio»

Giza klonazio ikerketen helburua ez da inoiz izan gizakiak klonatzea edo ordezko haurrak sortzea.

Ikerkuntzaren helburua gaixotasunak sendatzeko ama zelulak sortzea da, aurreko atalean azaldu denez.

Agerian dago ama zelulak lortzeko animaliekin eta pertsonekin egindako klonazio ikerketen emaitzak argitaratu direla eta, egindako beste ikerketa zientifikoak bezala, argitalpen hauek mundu mailan eskuragarri daude.

Gizabanako hauek ez dute lan egiten unibertsitate, ospital edo gorbernuko erakunde batentzat. Orokorrean, mundu mailako komunitate zientifikoa haur bat klonatzearen hipotesiaren aurka jarri zen.

John Kilnerren arabera, Estatu Batuetako Centre for Bioethics and Human Dignityko presidentea, "Argitaratutako ikerkuntza gehienek erakusten dute klonen heriotza edo mutilazioa oso emaitza posibleak direla ugaztunak klonatzerakoan.

Inor daki zer punturaino garatu zen giza klonazioa haurrengan. 2002ko apirilean, Dr. Severino Antinori zientifiko italiarrak kazetari bati esan zion, hiru emakume haurdun zeudela klonatutako enbrioi batengatik. Harrez geroztik, eszenatokitik aldendu zuten eta ezin izan zuen inoiz bere aipamena baieztatu edota ezeztatu. Nahiz eta egia ez izan, edo saiakera huts egin, ematen duen sentsazioa da Antinorik giza haur bat laster klonatzen saiatuko dela.

Medikuak azaltzen dutenez giza klonazioak dituen arriskuak oso altuak dira.

"Klonazioaren menpean jartzea gizakiaren aldetik ez du esan nahi arrisku ezezagun bat gure gain hartzea, baizik eta pertsonei konszienteki kalte egitea", baieztatzen du Kilnerrek.

Zientifiko gehienek iritzi berdinekoak dira. Animalien klonazio saiakera gehienek enbrioi deformatuak edo abortuak ezarketaren ostean eman zuten emaitza gisa. Defendatzen dute, klonatutako eta jaiotako animalia urrietatik, gehienak uteroaren analisi edo testen bitartez detektatu ezin diren malformazioak azaltzen dituztela, adibidez, birikien azalean deformazioak.

1996.urtean, Dolly ardia klonatu zen. Lehenbiziko aldia zen ugaztun heldu batengatik hartutako DNA erabiltzen zena klonazio bat egiteko, enbrioi batengatik izan beharrean. Baina, nahiz eta Dollyren itxura normala dela eman, eztabaidatzen da ardi normala baino azkarrago zahartzearen aukera. Gainera 277 enbrioi behar izan ziren jaiotza hau gauzatzeko.

Klonazioa erlijioaren ikuspegitik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio katolikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ian Wilmut eta Keith Campbell zientifikoek Dolly ardian egindako interbentzioaren ostean, Vaticanoak dokumentu bat argitaratu zuen Klonazioari buruzko hausnarketak izenburua zuena. Dokumentu honetan gizakiekin klonazio helburuekin egindako edozein esperimentu edo gizakien zelulekin egindako edozein esperimentu zigortzen da.

Giza klonazioari buruzko Eliza katolikoaren zigorra, teknika zientifiko horrek giza sorkuntza erlazionatzeko eta konplementatzeko manipulatzen eta baztertzen duela esaten duen iritzi katolikotik dator, hau da, enbrioia instrumentalizatzen duela esaten du eta indibiduo klonatua bere umetokian eraman behar duen emakumearen erlazioak ere, erlijio katolikoaren ikuspuntutik. Horrekin lotuta, dokumentuak azaltzen du erlijioaren iritzia, hau da, klonazioa pertsona batek beste pertsona bati menderatzeko gaitasuna dela, eta beraz, eliza horren aurka jartzen da.

Amaitzeko, elizak esaten duenez, giza klonazioaren teoriak giza eskubideen oinarrizko printzipioak bortxatzen ditu: berdintasuna eta diskriminazio eza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]