Dolly ardia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Dolly ardia, Eskoziako Errege Museoan.

Dolly ardia (1996ko uztailaren 5a - 2003ko otsailaren 14a) lehen ugaztun klonatua izan zen, ugaztun heldu baten zelula batetik abiatuta eta nukleo-transferentzia izeneko prozedura erabilita.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Keith Campbell, Ian Wilmut eta berauen lankideek sortu zuten Dolly ardia Eskozian, Roslin Institutuan, berau Edinburgoko Unibertsitatearen atal bat, PPL Therapeutics bioteknologiako konpainiarekin batera, azken hau Edinburgokoa. PPL Therapeutics enpresak eta Nekazaritza Ministerioak finantzatu zuten Dollyren klonazioa. Hau jaio zen 1996ko uztailaren 5ean, eta hil zen biriketako gaixotasun batek jota, zazpi urte bete baino bost hilabete lehenago. Zenbait hedabidek, hala nola BBC News zerbitzuak eta Scientific American zientzia-aldizkariak izendatu zuten Dolly “munduko ardirik famatuena”.

Ugatz-guruin batetik hartu zen Dolly klonatzeko zelula emailea. Klon osasuntsu bat sortu izanak frogatu zuen gorputzaren atal berezi batetik hartutako zelula batek sor lezakeela banako oso bat. Dolly izenari dagokionez, Dolly Parton abeslari estatubatuarraren omenez jarri zioten izena, haren titi oparoak gogoan[1]. Ian Wilmut zientzialariak horrela azaldu zuen: “Dolly eratorri zen ugatz-guruin baten zelula batetik, eta (hura izendatzeko) ezin pentsatu Dolly Parton-en ugatz parea baino ezer itzelezkoagorik”.

Jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolly 1996ko uztailaren 5ean jaio zen, eta hiru ama izan zituen: batek arrautza ipini zuen, besteak DNA, eta hirugarrenak enbrio klonatuaren sabelaldia burutu zuen. Dolly sortzeko erabili zen teknika bat, zelula somatikoen nukleo-transferentzia, non zelula heldu baten nukleoa transferitu baitzen ernaldu gabeko oozito batera, zeini kendu baitzitzaion zelularen nukleoa. Xok elektriko batek suspertu egin zuen zelula hibridoa berau banatu arte, eta blastozisto bihurtu zenean, ezarri zen ordeko amagan. Dolly lehen klona izan zen, ugaztun heldu baten zelula batetik sortua. Dollyren berri 1997ko otsailaren 22an eman zen, eta arreta izugarria jaso zuen hedabideetan: telebista-iragarki bat egin zen, eta bertan eskoziar zientzialariak agertzu ziren ardiekin jolasten; Time aldizkariak erreportaje berezia eskaini zion Dolly ardiari; Science aldizkariak, bestalde, Dolly izendatu zuen urteko aurkikuntzatzat. Nahiz eta Dolly ez izan lehen animalia klonatua, hedabideen arreta jaso zuen, lehena izan zelako zelula heldu batetik klonatu zena.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dollyk Roslin Institutuan igaro zuen bizialdi osoa. Bertan Galesko mendi-ahari batek estali zuen, eta sei bildots egin zituen. Lehena, Bonnie izenekoa, 1998ko apirilean jaio zen. Hurrengo urtean bikiak izan zituen, Sally eta Rosie. Eta hurrengoan, hirukiak: Lucy, Darcy eta Cotton[2]. 2001eko amaieran, Dollyk artritisa garatu zuen, eta arazoak izan zituen ibiltzeko. Hori konpontzeko, antiinflamatorioak eman zitzaizkion.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko otsailaren 14an akabatu egin zuten Dolly, ordurako birikak gaixotu eta artritisa garatu zuelako[3]. Bere arrazako ardiek, Finn Dorset direlakoak, batez beste 11-12 urte bizi ohi dira, baina Dolly 6,5 urte bizi izan zen. Post mortem azterketak erakutsi zuen Dollyk biriketako minbizia zuela, nahiko ohikoa ardien artean, JSRV erretrobirusak eraginda. Roslin institutuko zientzialariek esan zuten ez zutela uste Dolly gaixotu zela klon bat zelako, eta taldeko beste ardi batzuek ere gaixotasun bera izan zutela. Biriketako gaixotasun horiek nahiko ohikoak izaten dira barruan bizi diren ardien artean, eta Dolly barruan egiten zuen lo, segurtasun arrazoiak tarteko.

Zenbait jendek espekulatu zuen Dolly sei urteko adin genetikoarekin jaio izana (adin hori baitzuen beste ardiak, zeinengandik klonatu baitzuten) faktore bat izan zitekeela haren heriotzean. Roslin Institutuak esan zuen zehatz eta sakon aztertuta, sekula ez zutela Dollyrengan ezer aurkitu, zahartze aurreratuarekin lotuta.

2016an zientzialariek ez zuten akatsik aurkitu klonatutako hamahiru arditan, Dollyren zelula-lerroko lau barne.

Legatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolly sortuta frogatu zenean klonatzea posible zela, ugaztun handi asko klonatu ziren: txerriak, oreinak, zaldiak eta zezenak. Ordea, argali izeneko ardi basatia klonatzeko ahaleginak ez zuen enbrio bideragarririk produzitu. Banteg zezena klonatzeko saiakerak arrakasta handiagoa izan zuen, baita mouflon ardi basatia ere. Ugaztun handiak klonatzea eraginkortasunik gabeko prozesua izan da —1996an Dolly izan zen bildots bakarra helduarora iritsi zena, 277 ahalegin eginda. 2014an txinatarrek adierazi zuten %70-80 arrakasta maila lortu zutela txerriak klonatzen. 2016an Koreako konpainia bat, Sooam Biotech, egunean 500 enbrio klonatzen ari zen. Bide horretan, askok pentsatu zuten giza klonazioa egun batetik bestera lor zitekeela. Horren arduraz, herrialde askok aurkako legeak idatzi zituzten[4]. Hala ere, 2007an Ian Wilmut-ek, zeinak zuzendu zuen Dolly sortutako taldea, adierazi zuen nukleo-transferentzia izeneko prozedura sekula ez zela eraginkorra izango gizakiengan erabiltzeko.

Klonazioa erabil liteke kontserbatzeko arriskuan dauden espeziak, eta erreminta baliagarria izan liteke berpizteko desagertutako espezieak. 2009ko urtarrilean Aragoiko Jakien Teknologi eta Ikerkuntza Zentroko zientzialari talde batek iragarri zuen Pirinioetako ibex bat klonatu zuela, mendietako basahuntzen bariante bat, zeina 2000. urtean ofizialki desagertutzat aldarrikatu zen. Nahiz eta jaioberria segituan hil zen biriketan zituen akats zenbaiten kausaz, lehen aldia izan zen animalia desagertu bat klonatu zela. Esperimentuak ateak ireki zituen aurrerantzean arriskuan dauden espezieak salbatu eta desagertutakoak berpizteko, ehun izoztua erabilita.

2016ko uztailean Dollyren lau klon identiko (Daisy, Debbie, Dianna eta Denise) bizirik zeuden, eta osasuntsu, bederatzi urte zituztela.

Scientific American aldizkariak 2016an ondorioztatu zuen Dollyren legatu nagusia ez dela izan animaliak klonatzea, baizik eta zelula amen ikerkuntza. Dolly sortu ostean, ikertzaileak konturatu ziren zelula arruntak birprograma zitezkeela zelula ama pluripotentetan, zeinek gara baitezakete edozein ehun.

Primate baten klonazio arrakastatsua, Dollyrekin erabilitako metodo bera erabilita, 2018ko urtarrilean jakinarazi zen. Ikertzaileek Txinan makako baten bi klon identiko sortu zituzten, Zhong Zhong eta Hua Hua, zeinak jaio baitziren 2017aren amaieran[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dolly ardia Aldatu lotura Wikidatan


Zientzia Artikulu hau zientziari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.