Kumulu globular

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Omega Centauriren egungo erdialdeko eskualdea (goiko irudia) eta etorkizunekoa (beheko irudia), Hubble espazio teleskopioak hartua.

Kumulu globular bat (ingelesez: globular cluster), elkarren artean grabitate bidez lotutako 100.000 eta 1.000.000 izar zaharrek (II populaziokoak) osatutako izar elkarte bat da. Gutxi gora-behera esferikoki banatzen dira eta galaxia baten inguruan ilargi baten antzera orbitatzen dute. Izar zahar hauek dira kumulu globularrei euren urre kolore bereizgarria ematen diena, soilik kolorezko argazki bidez ikus daitekeena.

Osaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumulu globularrak, oro har, ehundaka milaka izar zaharrez osatuta daude, galaxia espiral baten erraboil galaktikoa osatzen dutenen mota berekoak, baina soilik parsec kubiko gutxi batzuko bolumen batean mugatuak. Kumulu globularren batzuk (Esne Bidean dagoen Omega Centauri eta Andromedako G1 kasu) bereziki masiboak dira, zenbait milioi eguzki masa dutenak. Beste batzuk, M15 kasu (Esne Bideko beste kumulu bat), nukleo biziki masiboak dituzte, euren erdigunean zulo beltzak egon daitezkeela pentsarazten duena.

Nabarmengarriak diren salbuespen gutxi batzuekin, kumulu globular bakoitzak adin zehatz bat duela dirudi. Hau da, kumulu globular bateko izar guztiak euren eboluzioaren etapa berean daude, guztiak aldi berean sortu zirela iradokitzen duena. Gertaera honen errekonozimendua izan zen, kumulu globularren Hertzsprung-Russell diagramak aztertuz, izarren eboluzioaren lehen teoria sorrarazi zuena.

Kumulu globularrek izar dentsitate oso altua dute, berau osatzen duten izarren artean elkarreragin indartsuak daudelarik, eta euren arteko talkak ere nahiko ohikoak izaten dira. Izar mota exotikoren batzuk, atzeratutako izar urdinak (ingelesez: blue stragglers) milisegundo pultsarrak eta masa gutxiko izar bitar X izpi igortzaileak, askoz ohikoagoak dira kumulu globularretan.

Nonahikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumulu globularrak nahiko ugariak dira: Esne Bidean gutxienez 150 kumulu globular ezagun daude (eta oraindik ezagutzen ez diren beste 10 edo 20 egon daitezke). M31 bezalako galaxia handiagoek askoz gehiago izateko joera dute (M31k 500 behintzat izango lituzke. Galaxia eliptiko erraldoiren batzuk, M87 kasu, 10.000 kumulu globular edo gehiago izango lituzkete. Kumuluek galaxiaren inguruan distantzia handira orbitatzen dute, ohi 100 kiloparsec edo gehiagora.

Edukia metaletan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumulu globularrak, ohi, II populazioko izarrez osatuak daude, metal eduki txikia dutenak, gure eguzkia bezalako I populazioko izarrekin alderatuta (astronomoek metal deitzen diete helioa baino astunagoak diren elementu guztiei, karbonoa, oxigenoa etab. Astronomian "metal" bat hidrogenoa, helioa eta litioa ez diren beste edozein elementu da, hiru elementu hauek baitira modu naturalean aurki daitezkeenak izarretan gertatzen diren fusio nuklearreko erreakziorik gabe).

Galaxia askotan (bereziki galaxia eliptiko masiboetan) metaltasun ezberdineko kumulu globularren bi populazio egon daitezke. Kumuluen azpipopulazio hauek ohi "metaletan pobre" eta "metaletan aberats" bezala ezagutzen dira, metal gehiago duen populazioaren metaltasuna gure eguzkiarenera iristen ez den arren. Zenbait teoria iradoki dira azpipopulazio hauek azaltzeko, fusio galaktiko bortitzak, galaxia nanoen akrezioa eta galaxia bakar batean izar eraketaren fase anitzak kasu. Esne Bidean, metaltasun gutxiko kumuluak halo galaktikoarekin lotuta daude, "aberatsak" erraboil galaktikoarekin lotuta dauden bitartean.