Edukira joan

Hubble espazio teleskopioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hubble espazio teleskopioa
Informazio orokorra
Kontratista nagusiakLockheed (espazio-ontzia)
Perkin-Elmer (jaurtigailua)
SATCAT zenb.20580
COSPAR ID. 1990-037B
Webguneawww.nasa.gov/hubble
hubblesite.org/
spacetelescope.org/
Misioaren hasiera eta amaiera
Jaurtiketa data1990eko apirilaren 24
12:33:51 UTC
Jaurtiketa lekuaKennedy LC-39B
JaurtigailuaDiscovery espazio anezka
Martxan jartzea1990eko maiatzaren 20
Misioaren iraupena29 urte, 3 hilabete eta 18 egun (zabalduta)
Birsartzea2030-2040 inguruan
Ezaugarri teknikoak
Masa11.110 kg
Luzera13.2 m × 4.2 m
Potentzia2.800 watt
Orbita-ezaugarriak
Orbita-motaGeozentrikoa
Orbita-altueraPerigeoan: 537.0 km
Apogeoan: 540.9 km
Orbita-periodoa95.42 minutu
Orbita-abiadura15.09 reb/egun
Ardatzerdi handia6.917,1 km
Eszentrikotasuna0.000283
Makurdura28.47°
Perigeoaren argumentua64.90°
Batezbesteko anomalia23.78°
Garaia2018ko abuztuaren 15
21:40:27 UTC
Hubble teleskopioaren argazkia.
Hubblek hartutako Arranoaren Nebulosaren irudia

Hubble espazio teleskopioa (HST, ingelesezko siglen arabera) 96 eta 97 minutu arteko aro orbitala duen teleskopio errobotiko bat da, Lurraren inguruan 593 kilometroko orbita zirkularrean biraka ari dena. Hubble izena Edwin Hubble astronomo estatubatuarraren omenez ipini zioten. 1990ean jarri zen orbitan, NASA eta ESAren arteko egitasmo gisa, Behatoki Handiak izeneko programa abiaraziz.

Irudiak 0,1 segundo sexagesimal baino gehiagoko bereizmenarekin har ditzake. Atmosferatik haratago teleskopio bat izatearen abantaila atmosferak sortutako oztoporik ez izatea da, Lurrean daudenek, ordea, hodeien eta atmosferaren erradiazio infragorriaren xurgatzearen eragozpenak baitituzte eta; horren ondorioz, irudien kalitatea ere okerragoa da. Gainera, Hubble teleskopioak atmosferaren oztoporik gabe difrakzio muga lor dezake tresnaren bereizmen optiko gisan.

Hubble espazio teleskopioa, zalantzarik gabe, Gizateriaren historia osoko garapen teknologiko eta aurkikuntza espazialari dagokionez ekarpen gehien izan dituzten egitasmoetako bat izan da. Adituek izarrarteko espazioari buruz duten ezagutza zientifikoaren zati handi bat teleskopio horri zor diote.

Deskribapen teknikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teleskopioak 69 tonako pisua du, zilindrikoa da, 13,2 metro luze, eta 4,2 metroko diametroa du. 1990ean, teleskopioaren kostua 2.200 milioi dolarrekoa izan zen. Hasiera batean, Perkin Elmerrek eraikitako teleskopioaren ispilu primarioan, aberrazio esferikoen ondorioz, irudi pixka bat lausoak eragin zituen. Akats hori, bere garaian, egitasmoaren aldetik arduragabekeria itzeltzat hartu zen arren, teleskopio espazialerako lehen zerbitzu misioak ispilu primarioaren akatsa konpontzeko gai izan zen, zuzenketa optiko sistema bat jarriz, eta hasieran aurreikusitako bereizmen zehatzetara iritsi zen.

Teleskopioa bi ispiluko erreflektorea da; garrantzitsuenak 2,4 metroko diametroa du. Zeruaren esploraziorako, zenbait espektrometro eta hiru kamera ditu: bata, eremu estukoa, unibertsoko toki txikien argazkiak hartzeko (distira ahulekoak, hain urrun egoteagatik); beste bat, eremu zabalekoa, planeten irudiak hartzeko; eta, azkena, infragorria.

Elektrizitatea sortzeko, kamerak, teleskopioa egonkortu eta orientatzeko erabiltzen diren lau motorrak, eta 93ºK (-180 °C) graduan lan egiten duten kamera infragorriaren hozte ekipoa eta espektrometroa elikatzen dituzten bi eguzki panel erabiltzen dira.

Jaurti zenetik, astronautek zenbait aldiz bisitatu behar izan dute teleskopioa, funtzionamendu akatsak konpondu eta ekipo gehigarria jartzeko. Atmosferarekin duen marruskaduraren ondorioz (oso ahula altuera hartan), teleskopioa motelki abiadura galtzen ari da eta, aldi berean, grabitate erakarpena edo pisua irabazten; beraz, astronautek bisitatzen duten bakoitzean, espazio anezkak goraxeagoko orbita batera bultzatu behar izaten du. Horrela, orbita mantentzea lortzen da, eragin fisiko horiek aldatuta, marruskadura eta lurraren grabitate erakarpenak, alegia.

2006rako aurreikusita zegoen bosgarren mantenu misioa hasiera batean bertan behera utzi zen, baina, ondoren, berriz hartu zen. Aurreikusitako data 2008ko amaierarako zen. Misio horrekin, Hubble teleskopioa, 2010-2015 epean, bere erabilgarritasun bizitzaren amaierara iristea aurreikusten zen: teleskopioaren amaieraren data zehatza ezin da jakin, giroskopio eta baterien bizitza eta balaztatze atmosferikoaren mende baitago. NASAK 2012an belaunaldi berriko teleskopio bat (James Webb teleskopio espaziala) jaurtitzea aurreikusten zuen, infragorri ertaina eta hurbila behatzeko. James Webbek ez du Hubble ordezkatuko: aldiz, bateragarria da, espektro elektromagnetikoaren beste maila batean behatzen baitu.

2006ko ekainaren 14an, zundaketa kamera aurreratuak (ACS, ingelesezko siglez), teleskopioan funtsezko tresnetako bat, funtzionatzeari utzi zion. Arrazoia elikatze nagusiko zirkuituan gehiegizko boltaje arazo bat zen, eta laguntza sistema aktibatuz konpondu zen. Ekainaren 30ean, ACSa berriz behar bezala funtzionatzen hasi zen. 2006ko urriaren 31n, NASAko administratzaileak mantenu misio baten onarpena iragarri zuen. Hamaika egun iraun zuen misio hori 2008ko udazkenean egitekoa zen eta, lanen artean, bateria berriak, angeluar handiko hirugarren kamera eta espektrografo berri bat instalatu eta giroskopio eta, beharbada, STISaren konponketa zeuden.

2007ko urtarrilaren 27an, ACSak berriz funtzionatzeari utzi zion, zirkuitulabur baten ondorioz. Hasiera batean, detektagailu guztien arabera, kaltea konponezina zela pentsatu zen. Hala ere, horietako bat konpondu zen (SBC izenekoa) eta, egun, beste biak (WFC eta HRCa) hurrengo konponketa misioan konpontzea posible ote den aztertzen ari da. Misio horretan instalatu ziren WFC3 eta COS tresna berriek eragina izan zuten azken erabakian, eta, beharrezkoago ote den ACS edo STISa konpontzea (astronautek ontzitik kanpo igaro dezaketen gehienezko denbora tarte bat dago, eta tresna bat konpontzea gutxienez ordu askotako lana da). Bitartean, Hubble teleskopioak ikerketetarako erabilgarri dauden beste tresnak erabili zituen.

NASAk apustu bakarrera jokatzen zuen guztia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993ko azaroan, astronomoek eta zientzialariek espero zuten goiburuko berria argitaratu zuen Science News aldizkariak: "Konponketa handia: NASAk Hubble teleskopio espaziala konpontzeko asmoa du". Aldizkariaren arabera, "aeronautikaren historiako asmo handieneko konponketa" zen. Zazpi astronautak osatutako talde batek Hubble berreskuratu eta anezkaren karga sotoan konpondu behar zen, espazioan bertan. Honelako gauzak esan ziren: "NASAk apustu bakarrera jokatzen du misio honetan" eta "Patuarekin hitzordu bat".

Oftalmologo espazialek jokaldi bikaina egin zuten zientziaren arloan: bost ibilaldi espazialetan, Hubbleren tresna optikoak konpondu eta piano baten tamainako kamera berri bat jarri zuten. Hiru urteko prestaketa behar izan zen atal akastunak aldatu eta elementu zuzentzaileak jartzeko. Okulistari egindako bisita garestia izan zen. Iturri fidagarrien arabera, lenteen konponketak 263 milioi dolarreko kostua izan zuen.

Puntu gailenera 1994ko urtarrilean heldu zen, goiburukook argitaratu zirenean: "Hubble teleskopioa jada ez da miopea" eta, "Hubblek azkenean ikusten du zeruko loria". Astronomy aldizkariak honako hau iragarri zuen: "Hubble fabrikatik irtenda baino hobeto geratu da". Gainera, lehen irudiak jaso zituztenean, Teleskopio Espazialaren Institutu Zientifikoko astronomoen erreakzioak argitaratu zituen: "Benetan sinestezinak", "Lehen irudiak ikustean, hotzikarak izan genituen", "Hubble sekula amestu ez genuen bezalako mailan konponduta geratu da", esan zuen pozik egitasmoko buruzagi zientifiko Edward J. Weilerrek.

Unibertsoaren jatorriari buruz bildutako datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hubble teleskopioa lortzen ari da teorikoek unibertsoaren adinari buruzko euren ideietako batzuk berreratzea. Izan ere, gaur egungo ezagutzak paradoxa batean utzi ditu teorikoak. Teleskopioak emandako emaitzarik berrienek The New York Times egunkariko kontu zientifikoei buruzko idazle Wilforden arabera, "modu sinesgarrian, unibertsoa zientzialariek uste zuten baino gazteagoa izan litekeela adierazten dute. Beharbada, ez du zortzi mila milioi urte baino gehiago izango", aurreko kalkuluetan ez bezala; hor, hogei mila milioi urteko adina ematen zitzaion. Arazoa "izar batzuen adina hamasei mila milioi urtekoa dela ziurtzat jotzen dela" da. Ez da harritzekoa, segitzen zuenez, "unibertsoak, dirudienez, kosmologoak engainatu nahi izatea, efektuarekin gertaerak botaz eta, horrela, euren ezagutzen muga negargarriak frogatuz". Eta beste hau gaineratu zuen: "Unibertsoa aztertzen aritzen direnek, nahi bezain irudimentsu eta argiak badira ere, funtsezko galdera batzuk sekula erantzun ezin izatearen aukera onartu beharra dute".

Bidalitako irudiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hubbleekin hartutako Shoemaker-Levy 9 kometaren irudia.

Sistema optikoa zuzentzeak merezi zuela frogatu zen laster. 1994ko ekainean, Time aldizkariak Hubble teleskopioak zulo beltzen existentziaren euskarri ziren froga argiak aurkitu zituela argitaratu zuen. Hubblek "1,9 milioi kilometro orduko abiada bizian biratzen ari den gas hodeiak aurkitu zituela" iragarri zuen NASAk. 50.000.000 argi urtera dago, M87 galaxiaren erdian. Esaten denez, zulo beltz horrek Eguzkiaren tamaina halako 2.000 eta 3.000 milioi arteko masa estimatu du, baina gure eguzki sistemaren tamainako espazio batean konprimituta. Zientzialariek gasezko diskoak 10.000 graduko tenperatura duela kalkulatzen dute. Gaur egun, fenomeno horrentarako eman daitekeen azalpen bakarra diskoa bere inguruan biraka ari den zulo beltz erraldoi batek eragindako grabitate indar erraldoi baten egotea da.

Hubble teleskopioak Shoemaker-Levy 9 kometaren irudi bikainak ere bidali zituen, kometa Jupiterreranzko ibilbide autosuntsitzaile batean zihoanean: 1994an suntsitu zen. Hubblek bidalitako galaxien irudiak hain dira garbiak, non zientzialari batek honela adierazi zuen lana: "Ispiluan aldaketa txiki bat, pauso erraldoi bat astronomian". Scientific American aldizkariaren arabera, gaur egun "Hubbleren bereizmena lurreko tresnarik onenarena baino hamar aldiz hobea da, eta, horri esker, argiago ikus dezake beste teleskopio batzuek baino mila aldiz handiagoa den espazio bolumena".

  • Jaurtia izan zen unean, bagoi zisterna edo lau solairuko eraikin baten tamainakoa zen, 13 metro luze zen, 4 metroko diametroa zuen, eta 12 tona baino gehiagoko pisua zuen.
  • Teleskopioaren kamerarik sofistikatuenak zeruaren zati handi baten irudi mosaiko bat eratu du: haren barnean, 10.000 galaxia daude.
  • Hubble itsasoaren mailatik 593 kilometroko altuerara dago.
  • Teleskopio espazial haren bidez, milioi bat objektu ikusi dira. Alderatuz, giza begiak, begi hutsez, 6.000 izar baino ez ditzake ikus.
  • HSTren behaketek –horien artean 500.000 argazki daude–, 6,66 gigabyteko 1420 diska optiko betetzen dituzte (8,34 terabyte).
  • Hubblek aurkibide bat du, 15 milioi izarren kokapen xehearekin (G. S. C. katalogoa edo Guide Star Catalogue), bere helburuetara zehaztasun handiarekin begiratzea ahalbidetzen diona.
  • Teleskopioak Lurrari itzulia eman dio 90 minututik behin, ia 3.000 milioi kilometro eginez, Neptunorainoko joaneko bidaia baino luzeagoa. Hala ere, astro batera zehaztasun handiz apunta dezake (desbideraketa kilometro eta erdiko distantziatik ikusitako giza ile baten lodiera baino txikiagoa da).
  • 45 herrialdetako astronomoek Hubblerekin eginiko aurkikuntzak 4.800 artikulu zientifikotan argitaratu dituzte.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]