Laborategiko haragi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Londresen laborategiko haragiarekin aurkeztutako lehen hanburgesa, 2013ko abuztuaren 5ean.
Haragiaren iraultza hitzaldia, Munduko Ekonomia Foroan.

Laborategiko haragia, haragi artifiziala, haragi sintetikoa, landutako haragia edo in vitro haragia, animalia baten gorputzetik zuzenean ez datorren animalia-haragia da: ez da inoiz animalia baten parte izan, baizik eta aldez aurretik animalietatik ateratako muskulu-zelulen hazkuntzatik dator. Zelula ametatik abiatuta, benetako haragiaren egitura berreraikitzen dutela ziurtatzen dute sustatzaileek, eta munduko elikaduraren arazoari irtenbidea eman nahi diote, jasangarritasuna eta animaliekiko tratu etikoa sustatzen duten bitartean.[1]

Era kritikoz «Frankenstein haragia» ere esaten zaio.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an aurkeztu zen mundu guztiko hedabideen aurrean laborategi batean sortutako lehen «hanburgesa» jangarria. Herbehereetako Utrechteko Unibertsitateko Mark Post ikerlariak garatu zuen proiektua, eta, ordutik, hazi besterik ez da egin laborategiko haragiaren inguruko ikerketa, eta, are, ekoizpena. Mundu osoan ari dira enpresak sortzen, etorkizuneko merkatua nork dominatuko duen lehian.Antza denez, 2030. urterako, mundu osoan jaten den proteinaren %16 laborategitik eratorritako honen bidez kontsumituko da.[2]

Nola sortzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela azaldu du Xalba Ramirezek: "Haragi sintetikoa egiteko ez da animaliarik hil behar prozesuan: animalia bizi baten muskulu ehunaren lagin txiki bat ateratzen da biopsia baten bidez, «animaliari minik egin gabe». Zelula amek bereizteko eta ugaltzeko gaitasuna dutenez, hazkuntza ingurune batean jartzen dira aminoazidoekin, karbohidratoekin, bitaminekin eta mineralekin, haien hazkundea sustatzeko" kopuru askoz txikiagoak ere eman izan diren arren.[1]

"Hurrengo urratsa bioerreaktore batean ematen da, eltze handi moduko batean, tenperatura, hezetasun eta abarreko mantenugai eta baldintza kontrolatuekin. Helburua zelulak hazten eta ugaltzen jarraitzea eta hiru dimentsioko masa zelularra osatzea da. Behin masa zelular tridimentsionala lortuta, muskulu zuntz bihurtzeko, estimulazio elektrikoa eta luzatze mekanikoa aplikatzen da. Zuntzak biderkatu egiten dira honela, eta benetako haragiaren testura berbera garatzen dutela ziurtatzen dute industriaren bultzatzaileek".[1]

"Behin behar bezala garatuta, bioerreaktoreetatik atera, findu eta azken produktu batean moldatuko dira, hainbat teknika erabiliz, tartean, 3D inprimaketa".[1]

Donostiako lantegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian ari den enpresa.

Donostia dago lehia horren munduko buru bat. Izan ere, Zubietako Eskusaitzeta industrialdean, JBS enpresa brasildarraren eskutik, BioTech Foods, eraikiko da munduko fabrikarik handienetako bat: 11.000 m2 eta 150 langile, urtean 4.000 tona haragi sintetiko egiteko gai, aurreikusten denez.[2] Munduko laugarren laborategia izango da.

BioTech Foods atzean dagoen multinazionala, JBS enpresa, ustelkeriari eta Amazoniaren suntsiketari lotuta dago.[1]

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasta platera oilasko haragi sintetikoarekin, Singapurreko jatetxe batean zerbitzatutakoa.

Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak (EHNE) horren kontra mobilizatu da. Haien ustez, laborategiko haragiak «patenteen menpe bizitzera» bultzatzen duela ohartaraziz. Salatu zuenez, horrek mendeetako ezagutza, biodibertsitatea eta paisaia «kolokan» jar ditzake. Gainera, elikadura subiranotasunean sortuko duen arrakala «nabarmena» izango dela adierazi zuen sindikatuak, uste baitu patenteetan oinarritutako elikadurak ez duela bermatuko «berdintasunik», ezta ingurumen edo pertsona osasuntsurik» ere. Aipatutako sindikatuaren ustez, Haragi mota hau animalien ongizaterako onuragarria edo ekologikoa dela dioen diskurtsoak «hutsuneak» dituela esan zuten; batetik, zelulen ugalketa araututa ez dagoenez, minbizidun zelulak ere sar daitezkeelako produktuan, eta bestetik, planta hauen karbono dioxido isurketa handiagoa delako. «Ozen esan nahi dugu ez dela sozialki bideragarria, ez diola ingurumenari onik egiten eta gutxi batzuen patrikak bakarrik beteko dituela ustezko haragi horrek», adierazi zuen Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak. [3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Salba Ramirez: [1], Urtean 4.000 tona laborategiko haragi, Donostiatik mundura, 2023-06-30.
  2. a b Salba Ramirez: [2], 2023-07-04.
  3. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2023-06-23/hemeroteca_articles/laborategiko-haragia-egingo-duen-plantaren-kontra-agertu-da-ehne

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]