Lagun liburu-denda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lagun liburu denda» orritik birbideratua)
Konstituzio plazaren alde horretan zegoen lehen liburu-denda.
2023ra arte zabalik egon zen denda Donostiako erdigunean.

Lagun liburu-denda Donostiako Parte Zaharrean 1968an sortutako liburu denda da. Sortzaileak Ignacio Latierro (1934), María Teresa Castells (1935-2017) eta Jose Ramon Rekalde (1930-2016) izan ziren. Bere ibilbidean eraso ugari pairatu zituen liburu-dendak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko giro politikoan sortu zuten Donostiako Konstituzio plazan. Denda ezkerreko ikuspegi batetik sortu zuten eta Frankismo garaian liburu debekatuak saltzen zituen. Jarrera horren ondorioz, eskuin muturreko erasoak ezagutu zituen eta Maria Teresa Castells, isun bat ez ordaintzeagatik, espetxeratua izan zen.[1] 1976an Guerrilleros de Cristo Rey taldeak bonba bat ezarri zien.[1]

1983tik aurrera ETAren aurkako jarrera hartu zuen eta, ondorioz, ezker abertzalearen eta ezker muturreko sektore batzuen erasoak pairatu zituen. Azkenik, 2000. urtean denda ixtea erabaki zuten, Jose Ramon Rekaldek eraso bat jasan ondoren.[2] Handik hilabete batzuetara, 2001eko abuztuaren 3an, talde baten laguntza ekonomikoarekin, Donostiako erdigunean berriro ere ireki zuten, Urdaneta kalearen 3an, Artzain Onaren katedraletik gertu.[3] Besteak beste salmenten beherakadaren ondorioz, 2023ko abuztuaren 31n itxi zuten azkenik.[2][1]

Jasandako erasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoaren bukaera partera Maria Teresa Castells, liburudendaren arduraduna atxilo hartu zuen Poliziak, greba orokor batean denda ixtearen ondorioz jarritako isuna ordaintzeari uko egiteagatik. Gerora, 1976an, Guerrilleros de Cristo Rey taldeak bonba bat zartarazi zuen dendaren atarian.

1983an, greba deitu zuten egun batean denda ez ixtea erabaki zuten, eta itxiera exijitzeaz gain, eraso egin zioten dendari. Berriari honelako irakurketa egin zion Latierrok: "Pentsatzen dut jende askorentzat gogorra zela antifrankista izandako liburu denda bati eraso egitea".

Gerora, 1990eko hamarkadan ugaritu egin ziren Lagunen aurkako erasoak, ezker abertzalearen eremutik. Besteak beste, 1995ean, ETAk Gregorio Ordoñez erail ondoren, hari buruzko liburu bat atera zen eta hura erakusleihoan jarri zuten; kristaleria hautsi zioten. Garai gordinenak horiexek ziren Latierroren iritziz, Irutxuloko Hitzari 2018ko elkarrizketa batean kontatu zioenez: "Gogorrena 1996an izan zen, erakusleihoetako kristalak hautsi eta barrualde guztia pinturaz zikindu ziguten, eta hortik gutxira, liburu pila bat erre zizkiguten. 2000. urtean José Ramón Rekalde hiltzen saiatu ziren, Teresaren gizona. Momentu ikaragarriak izan ziren, eta denda lekuz aldatzea erabaki genuen". PSE-EEko legebiltzarkidea zen Latierro. El País egunkarian salatu zuen Latierrok "hogeitik gora eraso" jasan zituela 1990eko hamarkadan[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]