Lakhmidarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lakhmidar Erresuma
المناذرة
c.300 – 602
Monarkia
Geografia
Hiriburuaal-Hirah
Kultura
Hizkuntza(k)Arabiera, aramera
ErlijioaNestorianismoa (ofiziala)
Historia
Ondorengoa
Sasandar Inperioa

Lakhmidarrak (arabieraz: اللخميون‎al-Laḫmiyyūn), arabieraz al-Manādhirah (المناذرة) edo Banu Lakhm (بنو لخم) deitua, arabiar kristau dinastia izan zen, hegoaldeko Mesopotamian bizi zena. al-Hirah hiriburutzat izanda, III. mendearen amaieratik 602raino iraun zuten.[1][2] Sasandar Inperioaren alitu eta basailuak, Erromatar-Persiar gerretan parte hartu zuten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lakhmidarren Erresuma lakhmidar (Lakhmen semeak) tribuak zuzendu zuen. Dinastiaren sortzailea, Imru al-Qays ibn Amr kristautasunera bihurtu zen.[3] Gero, pixkanaka, erresumako biztanleria ia osoa kristautu zen. Imru al-Qaysek, arabiar erresuma sortzeko ametsa izan zuen eta, ondorioz, Arabiako hainbat hiri bereganatu zituen eta Himyarreko Shimrir al-Ahha erregea garaitu zuen. Garaipen honen ondoren, armada handi bat sortu zuen eta Bahraingo kostaldeko herriak menderatzen zituen ontziteria bat garatu zuen. Posizio honetatik, Persiako zenbait hiri eraso zituen (garai hartan gerra zibil batean murgilduta zegoena oinordekotza liskarren ondorioz), sasandar erregeen jaioterriraino, Pars probintzia erasotzera ere iritsiz.

325ean, persiarrak, Xapur II.aren agindupean, arabiarren aurkako kanpaina militar bati ekin zioten. Imru al-Qaysek 60.000 gerlariko armada persiar boteretsu bat bere erresumara hurbiltzen ari zela jakin zuenean, Erromatar Inperioari laguntza eskatu zion. Konstantino Handiak lagunduko ziola agindu zuen, baina ezin izan zion behar zuen laguntza eman. Persiarrek, al-Hirahrantz egin zuten aurrera, eta, hiriburutik gertu zorigaiztoko gudu batzuen ondoren, zenbait hirik amore eman zuten. Xapur II.ak, lakhmidar armada suntsitu eta hiriburua konkistatu ondoren, Parsek jasandako erasoengatik mendeku ekintza batean herritarrak akabatzea agindu zuen. Xapur II.ak ohi baino bortitzago jokatu zuen bere garaian, bere boterea arabiar erresumen eta persiar nobleziaren aurrean erakusteko. Arabiarrek Xapur II.ari Dhū l-Aktaf ezizena eman zioten, hau da, bizkarra hausten duena, hauxe baitzen bere preso batzuei ezarritako zigorretako bat.

Ondoren, Xapur II.ak Aws ibn Qallam jarri zuen lakhmidarren tronuan, eta Persiar Inperioko lurralde metropolitarraren eta arabiar penintsulako lurraldeen arteko estatu txontxongilo bihurtu zuen.

Imru al-Qaysek hasieran Bahrainera eta gero Siriara ihes egin zuen, arabiar estatu bateratu bat sortzeko ametsari eutsiz, Konstantinoak agindutako laguntza eskatuz, baina hau ez zen inoiz zehaztu eta itxaropen horretan jarraitu zuen hil zen arte. Horrekin amaitu zen bere amets bateratzailea, gero islamaren etorrerarekin zati batean gauzatu zena. Hil zenean Al-Namāran lurperatu zuten, Siriako basamortuan. Bere hilobi-inskripzioa paleo-arabiarraren lehen adibideen artean dago, eta ulertzeko oso zailak diren hizkietan idatzita dago; inskripzio horretan, Imru al-Qaysek "arabiar guztien errege" aldarrikatzen zuen bere burua, eta Arabiar penintsularen iparralde eta erdialde osoan kanpaina militarrak arrakastaz eraman zituela adierazten zuen, hegoaldeko Nayrāngo oasiekiko mugetaraino. Hil eta bi urtera, hau da, 330ean, matxinada bat lehertu zen Aws ibn Qallamen aurka, Imru al-Qaysen seme Amrrek hilko zuena.

Lakhmidarren aurkari nagusiak ghassanidarrak izan ziren, hauek ere kristau arabiarrak ziren baina monofisitak, lakhmidarrak difisitak ziren bitartean. Bestalde, ghassanidarrak bizantziarren basailu bihurtu ziren, eta lakhmidarrak, berriz, sasandarren basailu persiarren aurrean galdu ondoren.

602an Kosroes II.a xahanxahk, azken lakhmidar erregea, Al-Nu'man III.a, zuen traizio susmo faltsu batengatik heriotza zigorrera kondenatu, eta lakhmidar erresuma Persiar Inperioari erantsi zion.[4][5] Horrek islamaren hedapena erraztu zuen, izan ere, lurraldean eta biztanlerian lakhmidar izan zirela aurkitu zuten, persiarren aurkako eta musulmanen aldeko jarrera bihurtuz. Ordurako, al-Hirah hiria ia abandonatuta zegoen, eta musulmanek haren hondakinak birziklatu zituzten, ondoko Kufan kanpamentu gotortua (miṣr) eraikitzeko.

Lakhmidar erregeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Agintaria Agintaldia
1 'Amr I.a ibn Adi 268–295
2 Imru' al-Qays I.a ibn 'Amr 295–328
3 'Amr II.a ibn Imru' al-Qays 328–363
4 Aws ibn Qallam (ez zen dinastiakoa) 363–368
5 Imru' al-Qays II.a ibn 'Amr 368–390
6 al-Nu'man I.a ibn Imru' al-Qays 390–418
7 al-Mundhir I.a ibn al-Nu'man 418–462
8 al-Aswad ibn al-Mundhir 462–490
9 al-Mundhir II.a ibn al-Mundhir 490–497
10 al-Nu'man II.a ibn al-Aswad 497–503
11 Abu Ya'fur ibn Alqama (ez zen dinastiakoa, zalantzazkoa) 503–505
12 al-Mundhir III.a ibn al-Nu'man 503/5–554
13 'Amr III.a ibn al-Mundhir 554–569
14 Qabus ibn al-Mundhir 569–573
15 Suhrab (persiar gobernadorea) 573–574
16 al-Mundhir IV.a ibn al-Mundhir 574–580
17 al-Nu'man III.a ibn al-Mundhir 580–602
18 Iyas ibn Qabisah al-Ta'i (ez zen dinastiakoa)
eta Nakhiragan (persiar gobernadorea)
602–617/618
19 Azadbeh (persiar gobernadorea)
gero Persiaren konkista musulmana
617/618–633

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lakhmid dynasty. in: Encyclopedia Britannica..
  2. Bryan Ward-Perkins; Michael Whitby. (2000). The Cambridge ancient history. Cambridge University Press, 692 or. ISBN 9780521325912..
  3. Shahid, Irfan. Byzantium and the Arabs in the Fourth Century. , 33–34 or..
  4. Abu Ja‘far Muhammad ibn Jarir Al-Tabari, Tarikh al-Rusul wa al-Muluk, Vol. 1. (Beirut: Dar Sader, 2003 ed.), pp. 286-293.
  5. Ali ibn Al-Athir, Al-Kamil fi al-Tarikh (Beirut: Maktaba al-Asriyya, 2009 ed.), pp. 339-334.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]