Lankide:Ainhoa Untza/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Romeo eta Julieta" Maitasun erromantikoaren ikurrak.

Maitasun erromantikoa esapideak bi adiera ditu: alde batetik, bi pertsonen (edo gehiagoren) arteko erakarpen biziari egiten dio erreferentzia; erakarpen horrek beste pertsonaren idealizazioa eta erotizatzea eragin ohi ditu, eta intimitatea eta harremanak irautea nahi izaten da. Bestetik, maitasun erromantikoa maitasun eredu kulturala litzateke; azken mendeetan mendebaldeko gizarteak deritzenetan sortu da, baina gaur egun planeta osoan zabalduta dago, batez ere fikzio erromantikoaren hedapenaren bidez. [1]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai aurremodernoan pertsonen bizitza lotura tradizionalek baldintzatzen zuten, alegia; familia, aberria, erlijioa etb. Lotura hauek bi aurpegi zituzten: alde batetik, gizabanakoa mugatu egiten zuten baina, bestetik, babesa eskaintzen zuten. Modernitatean, aldiz, indibidualizazioa agertzen da eta horrek lotura tradizionalekin apurtzen du, aukera eta pentsamolde berriak ekarriz. Aurreko gizarteen ardura nagusia biziraupena zen baina, modernitatean gizarteko hainbat sektorek beharrizanak hasetuak zituzten eta, ondorioz, espazio eta aukera berriak ireki zitzaizkien. [2]

Europa aurremodernoan familia komunitate ekonomiko bezala ulertzen zen. Bizitza eta belaunaldien ondorengotza ziurtatzea berebiziko garrantzia zuen eta, hortaz, sentimenduetarako tarte txikia gelditzen zen. Bikotearen hautaketa ez zen erakarpenagatik gauzatzen baizik eta arrazoi ekonomikoengatik eta, klase baxuen kasuan, ezkontzaren bitartez landa lana antolatzen zuten. Frantzia eta Alemanian XVII mendean zehar musuak eta laztanak sexuarekin harremantzen ziren eta bikoteen artean gutxitan gertatzen ziren. Baina, aldiz, gizonen kasuan oso ohikoak ziren ezkontzatik kanpoko amodio harremanak. Bakarrik aristokraziaren barruan baimentzen zen emakumeen askatasun sexuala eta horrek adierazten du nola askatasun sexuala boterearekin harremana duen. Azpimarratzekoa da nola emakume aristokratak ugalketa eta lanetik liberatuak zeuden goxamen sexual independientean arduratu zitezen.

Maitasun erromantikoa XVIII mendetik aurrera indarra hartu zuen eta, garai horretan zehar, emakumeengan aldaketa nabariak gauzatu ziren: etxearen sorrera, guraso eta seme-alaben harremanen aldaketa eta, azkenik, amatasunaren sorrera. XIX mendean botere patriarkala errotuta egon harren, gizonaren boterea etxearen barruan ahuldu egin zen hau sistema produktiboaren erdigunea bilakatu baitzen eta, baita, etxea eta lanaren banaketa gauzatu baitzen. Hori dela eta. emakumeak seme-alaben heziketaz arduratu ziren eta amen idealizazioa gauzatu zen. "Ama eta emaztea" irudia bi sexu eredua indartu zuen eta emakumeak eta gizonak desberdinak izango balira bezala irudikatu ziren. Laburbilduz, esan genezake maitasun erromantikoa maitasun feminizatu bezala garatu zela eta gaur egun arte indar handia izan duela. [3]

Sozializazioaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozializazioa bizitza osoan zehar gertatzen den prozesua bada ere, genero rolak barneratzeko unean testuinguru sozial hurbilena (batik bat, familia) bereziki garrantzitsua da, eta, hortaz, haren efektuek eragin handiagoa dute haurtzaroan, non genero-nortasunaren oinarrizko elementuak eskuratzen eta garatzen diren imitazio- eta identifikazio-mekanismoen bitartez. Bigarren mailako sozializazioan (eskola, komunikabideak, berdinen taldea), aurrez barneratutako rol eta nortasun horien zilegiztatzea nahiz finkatzea (edota errefusatzea, zenbait kasutan) gertatzen da. Hau horrela izanik, nabarmentzekoa da nola egun sozializazio prozesuak ezberdintzaileak dira gizon eta emakumeentzat.[4]

Sozializazio hori maitasun-eredu konkretu baten inguruan gauzatzen dela, maitasun erromantikoaren inguruan, alegia. Amodio mota hori kulturalki onartzen diren mito batzuen gainean eraikitzen da, eta, oro har, maitasun erromantikoaren ezaugarri nagusia bikote maitasun idealtzat onartua egotea da. Idealizatua daukagun pertsona batengatik edozer egitea esan nahi du, maitasunaren izenean edozein sakrifizio egitea. Maitasun horrek gainditu beharreko zailtasunak ugariak izan ohi dira, eta bidea sufrimenduz betea egoten da. Hala ere, sentitzen dena benetako maitasuna bada, zailtasun oro gainditzeko gai den bizi osoko amodioa dela sinesten da, eta igarotako sufrimendu guztia maitasun-froga ere kontsideratzen da. Pasioz beteriko maitasuna da, magikoa, irrazionala eta aurresanezina eta menderaezina , marku afektibo-sexual onargarri bakartzat heterosexualitatea hartuta.[5]

Mito erromantikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, historian zehar indibiduoak maitasun erromantikoaren kontzeptua homogeneizatzeko izan duen joerak, zenbait ideia garatzea eragin du, egun gizartean bikote harremanen eta maitasun kontzeptuen sostenguak direnak, hala nola, bikotekiderik gabe ez zara inor; jeloskortasuna maitasunaren adierazle bikaina da; bikoteko maitasuna bermatzeko dena eman behar da... Hona hemen maitasun erromantikoaren balioak garatu dituen mito horietako batzuk, literatura eta kultura konkretu batzuen bitartez elikatuak izan direnak: [6]

  • «Eta zoriontsu bizi izan ziren betiko» mitoa: Esaldi hori da maitasun erromantikoaren mito nagusia. Zailtasun guztiak gainditu ostean, azkenean bere maitasuna bakean bizi dezakeen bikote zoriontsuaren ideia adierazten du, eta inplizituki, «benetako maitasunezko» istorio orok horrela amaitu behar duela esan nahi du, bizi dena benetako maitasuna bada.
  • Printze urdinaren eta printzesaren mitoa: Aurreko mitoari estuki lotua, printzea eta printzesa genero-rolen banaketa gogor eta estereotipatu batean eraikitzen dira: printzea salbatzailea da, indartsua, adorez betea, dominatzailea. Printzesa, berriz, beldurtia da, zaurkorra, eztia eta esanekoa. Mendetasun-eredu idealizatua aurkezteak emakume askok rol tradizional hori gogoz onartzea eragin dezake.
  • Laranja erdiaren mitoa: Pertsona bakoitzarentzat bikotekide predestinatu bat existitzen den sinesmena, aukera posible guztien artean onena edota bakarra dena. Hura gabe, pertsonak ez dira osotasunera iristen, bikotekide ideal horrek ekarriko dien erdia behar baitute izaki oso izateko.
  • Bikotearen mitoa: Bikote heterosexuala naturaltzat eta unibertsaltzat hartzea, monogamia leku eta garai guztietan presente egon den ezaugarria dela sinetsiz.
  • Esklusibotasunaren mitoa: Bi pertsonaz edo gehiagoz aldi berean maiteminduta egotea ezinezkoa dela berresten duen ideia. Mito hori oso indartsua da, eta jabetza pribatuarekin eta norberekeriarekin zerikusia dauka, pertsonak eta euren gorputzak ondasunak bailiran ikusten ditu eta.
  • Fideltasunaren mitoa. Desira sexual, erromantiko eta erotiko guztiak pertsona bakarrarekin (bikotekidearekin) ase behar direla sinestean datza, mantentzen dena benetako maitasuna izango bada.
  • Jeloskortasunaren edo zeloen mitoa: Jeloskor egotea maitasun-froga dela pentsatzea, baita benetako maitasunaren ezinbesteko eskakizuna ere.
  • Baliokidetasunaren mitoa: Maitasuna (sentimendu bat dena) eta maitemina (iraupen jakin bat duen egoera) gauza bera direla sinestea.
  • Ahalguztiduntasunaren mitoa: «Maitasunak guztiarekin ahal duela» uste izatea dakar, eta benetako maitasuna nahikoa dela arazo oro gainditzeko zein jarrera oro bidezkotzeko.
  • Aukeramen librearen mitoa: Maitasun-sentimenduak guztiz intimoak eta faktore sozio-biologiko-kulturalek eragin gabeak direla sinestea.
  • Ezkontzaren edo elkarbizitzaren mitoa: Maitasun erromantikoak, halabeharrez, bikotearen lotura egonkorra ekarri behar duen ustea, ezkontzan egikarituko dena. Mito honek XIX. mendearen amaieran du jatorria; historian lehenengo aldiz, maitasuna arautu egiten da eta ezkontzak komenentziaz hitzartua izateari uzten dio, eta, gainera, behar sexualak ezkontzaren barnean asetu behar diren ustea ere hedatzen da.
  • Betiereko pasioaren mitoa: Lehen hilabeteetako maitasun erromantiko eta sutsuak denboran iraun behar duela sinestean datza.

Maitasun erromantikoa eta emakumeen aurkako biolentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeari emakume izateagatik egindako indarkeria da. Zehatzago, sexu-bereizkerian oinarritzen den eta emakumea helburu duen edozein indarkeria ekintza da, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragiten diena edo eragin diezaiekeena, baita halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsadura edo askatasun-kentze arbitrarioa ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuak.[7] Maitasun erromantikoa emakumea kontrolatzeko eta menderatzeko tresnarik indartsuena da, batez ere halako herrialdeetan non emakumeek eskubide guztiak baitituzte eta ez baitira, legez, inoren jabetza. Laztanak eta tratu txarrak batzerakoan emakumearen autoestimua deuseztatu egiten da eta mendekotasuna sortzen du.

Modu patriarkalean maite dugu: kultur mekanismo bat da erromantizismo patriarkala, patriarkatua betikotzen duen mekanismo bat, eta, gainera, legeak baino askoz eraginkorragoa da, gure bihotzean sustraitzen baitu berdintasun eza. Jabetza pribatuaren kontzeptua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza dira maitatzeko moduaren zutarriak. Emakumeoi irakasten digute gizonak debozioz maitatu behar ditugula, garai batean Jainkoa edo Jesukristo maitatzen zen bezala.

Emakumeoi irakatsi digute gizonen askatasuna maitatzen, ez ordea gurea. Gizonak nabarmendu dira beti politikan, ekonomian, zientzian eta artean. Gizonak miresten ditugu, eta boterea duten heinean maitatzen ditugu; baliabide ekonomikoez eta jabetzaz gabetu baitituzte, emakumeek gizonak behar dituzte bizirik iraungo badute.

Generoak dakarren desberdintasun ekonomikoari tiraka, horra hor emakumeen mendekotasun ekonomikoa eta sentimentala. Gizon aberatsak erakargarri zaizkigu hain zuzen ere dirua eta aukerak dituztelako, eta txikitatik erakutsi digutelako senar bat topatzea dela salbatzeko bidea. Ez digute erakutsi berdintasunaren alde borrokatzen, eskubide berdinak lortzearen alde borrokatzen; aitzitik, erakutsi digute polit jartzen eta beste inork manten, maita eta babesa gaitzala lortzen; nahiz eta adiskideak galdu, nahiz eta gizon bortitz, desatsegin, berekoi eta anker batekin elkartu.

Kulturaren eta ekonomiaren bitartez eusten zaio emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari. Gizon-emakumeok baliabide ekonomiko berdinak izango bagenitu eta aukera izango bagenu haurrak komunitatean hazteko, baliabideak konpartituz, bada, orduan, gure harremanak ez lirateke beharrizanean oinarrituko. Hala balitz, tartean ez balego interes ekonomikorik, iruditzen zait askoz modu askeagoan maitatuko genukeela elkar. Eta askoz gutxiago lirateke nerabetan haurdun geratzen diren neska pobreak, zertarako eta arraren maitasuna ziurtatzeko edo hogei urtean gutxienez elikadura-pentsio bat jasoko dutela segurtatzeko.[8]

Biolentzia motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indarkeriaren kontzeptua eraso fisikoen arlora mugatzen da. Baina, indarkeria ez da bakarrik fisikoa, era desberdinetan adierazten da, eta denak ez dira erraz sumatzekoak.

  • Indarkeria fisikoa: gorputzeko min, kalte edo traumatismoak eragiten ditu intentsitate ezberdineko kolpeen bitartez, eta horiek eskuekin, armekin edo beste mota bateko tresnekin eragin daitezke
  • Indarkeria sexuala: desio ez diren harreman sexualen, jarreren, janzkeraren eta abarren inposizioa, bai eta indarkeria fisiko bidezko abusu edota bortxaketa ere
  • Indarkeria psikologikoa: irainak, gutxiespenak, isekak, hertsadura eta kritika etengabeak, utzikeria eta isolamendu emozionala, inkomunikazioa, oihuak, xantaiak, mota guztietako mehatxuak, kontrola…
  • Indarkeria soziala: biktima bere inguru sozialetik (adiskideak, familia…) aldenduta mantentzea.
  • Inguruneko indarkeria: objektuak hautsi, hondatu, jo eta botatzea.
  • Indarkeria ekonomikoa: diruaren gaineko kontrola, irismena, erabilera galaraztea, baita egoera ekonomikoaren berri ez ematea ere; diru-iturri propioak moztea (esaterako, enplegu bat izatea ekidinez) eta egindako gastuen azalpenak eskatzea.[9]


Giltzarrapoak "Pont des Arts" zubian. [10]

Maitasun erromantikoa literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, literatura bera balio patriarkalen aliatu fina izan da, ideologia hori eraikitzen, transmititzen nahiz naturalizatzen izan duen funtsezko paperagatik, maitasunari zein emakumeen rolari dagokienez. [11]

Literatur lanak ikuspegi androzentriko eta misogino batez idatzi izan dira oro har, gizonezkoen desiraren irudikapen unibertsalari erantzunez. Genero-rol eta -estereotipoak indartzeko erabili den beste bide bat haur-literatura da, printze urdin salbatzailez, printzesa ahul esanekoz, amaorde ankerrez… betea. Literatura garaikidean ere maitasun erromantikoa eta indarkeria iraunarazten dituzten adibide asko aurki daitezke, deigarrienak gazte-literaturari dagozkionak, hala nola Crepúsculo saga edota Federico Moccia-ren eta Nicholas Sparks-en eleberriak. Cincuenta sombras de Grey adibide bat besterik ez da, baina izan duen arrakasta eta eraginagatik fenomeno soziologiko bilakatu da.

Literaturak eta beste industria kulturalek, beraz, etengabe saltzen dute maitasun erromantikoaren mitoa nahiz indarkeria matxista euren produktuetan, eta literaturan, musikan edota zineman presentzia iraunkorra izateak ordena sozial patriarkala elikatzen jarraitzeko baino ez du balio belaunaldi berriei indarrez helaraziz eta normalizatuz, emozioak kulturan ikasten baitira kontakizun eta mitoen bitartez.[12]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Espainar Zeinu Hizkuntza (EZH)» glosario.pikaramagazine.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  2. 1944-2015., Beck, Ulrich,. (2001). El normal caos del amor : las nuevas formas de la relación amorosa. Paidós ISBN 8449310911. PMC 49546650. (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  3. Anthony., Giddens,. (1995). La transformación de la intimidad : sexualidad, amor y erotismo en las sociedades modernas. Cátedra ISBN 8437613248. PMC 34207009. (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  4. Rodríguez, I. F. (2010). Maitasuna, generoa eta nerabezaroa: ikerketa baten emaitzak. Ankulegi: gizarte antropologia aldizkaria= revista de antropología social, (14), 105-118.
  5. Suarez Errekalde, Maialen. (2016). «Indarkeria matxista eta maitasun erromantikoa Cincuenta Sombras de Grey eleberrian» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 98): 99–124. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  6. Guzmán, Capilla Navarro; Fiol, Esperanza Bosch; Pérez, Victoria Aurora Ferrer. (2010). «Los mitos románticos en España» Boletín de psicología (99): 7–31. ISSN 0212-8179. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  7. Nazio Batuen Erakundeko Batzorde Orokorrak onartutako Emakumeen aurkako indarkeriaren desagerpenerako adierazpena dokumentuko 1. artikuluan oinarrituriko definizioa.
  8. (Gaztelaniaz) «Genero-indarkeria eta maitasun erromantikoa» www.pikaramagazine.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  9. La violencia contra las mujeres : prevención y detección, cómo promover desde los servicios sanitarios relaciones autónomas, solidarias y gozosas. Díaz de Santos 2004 ISBN 8479786280. PMC 60743320. (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  10. (Ingelesez) CNN, A. Pawlowski. (2011-10-19). «The joys of slowly savoring Paris» CNN Travel (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
  11. El sustrato cultural de la violencia de género : literatura, arte, cine y videojuegos. Síntesis 2010 ISBN 9788497566759. PMC 658630382. (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  12. Linares Bahillo, Estibaliz. (2016-07-06). «Cincuenta sombras de una «mujer habitada» Estudio cualitativo de la trilogía «Cincuenta Sombras de Grey»» Papers. Revista de Sociologia 101 (3): 389.  doi:10.5565/rev/papers.2185. ISSN 2013-9004. (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).