Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Mito

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Bikingoen Thor jainkoa, erraldoien aurkako gudan. Mårten Eskil Wingeren margolana (1872).

Mitoa (grezieraz μῦθος, mythos, «kontakizun», «ipuin» dena) aspaldian gertatu omen ziren gertakariak narratzen dituen kontaketa fantastikoa da. Kontakizun hauek miragarriak dira eta naturaz gaindiko botereak duten pertsonaiak dira nagusi, hala nola, jainkoak, heroiak, munstroak... Bestalde mitoak jatorri ezezaguneko kondaira sakratuak eta gizakiari ulergaitzak egiten zaizkion gertakariei buruzko sinesteak islatzen dituzte.

Deskribapen orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen filosofikoak eta zientifikoak azalpen mitikoei kontrajartzen hasi zirenetik, mito hitza mespretxu kutsu batekin erabili izan da, "gezur" hitzaren sinonimoa izatera ere iritsiz.

Gainerako genero narratibo tradizionalen antzera, mitoa ahozko jatorria duen testua da; bertsio desberdinak izan ditzake trasmisioan zehar xehetasunak aldatu daitezkelako. Idazkera zeukaten gizarteetan, mitoa obra literario izatera igaro da. Ondorioz, mitoak ez dira desagertu gaur egungo garaitik, medio desberdinez trasmititzen edo agertzen dira soilik.

Mitoen eginkizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitoak eginkizun asko dauzka, baina hiru dira garrantzitsuenak: azalpenezkoa, esanahikoa eta pragmatikoa.

  • Azalpen funtzioa dutela diogunean, mitoek gizabanakoaren, gizartearen edo munduaren aspekturen bat azaldu, justifikatu edo sakontzen dutela esan nahi da. Adibidez, Biblian esaten da emakumea gizonezkoaren saihets batetik datorrela.
  • Mitoek funtzio pragmatikoa dutela diogunean, egitura sozial baten oinarria direla esan nahi da. Hau da, mito batek determina dezake zeintzuk gobernatu ahal duten eta zeintzuk ez, adibidez genealogia zehatz batzuei errege eskubideak eskainiz, edo gizarte bazterkeria batzuen arrazoi mitologikoak emanez. Funtzio honi esker azaltzen eta justifikatzen da egoera bat zergatik den modu batean eta ez beste batean.
  • Azkenik, esanahi funtzioa dutela diogunean, gizabanakoari helduleku esistentzial bat eskeintzen diotela esan nahi da. Gizarte eta munduko egoera kontatu, azaldu eta justifikatzeaz gain, mitoek kontsolamendu, bizi helburu edo barne bakea ere eman dezakete. Horrela gertatzen da heriotzari, sufrimenduari edo garaipenei buruzko mitoetan. Hiru funtzio edo eginkizun hauek askotan konbinatua agertzen dira.

Mitoen ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzekoak diren arren, mitoak, elezaharrak eta ipuinak ezberdinak dira. Ipuinek helburu moralistak dituzte eta entzuleak ez ditu normalki egiatzat jotzen, mitoak ordea egiatzat jotzen dira eta helburuak azalpenezkoak izan ohi dira. Elezaharretan, garai historikoetako pertsonaia errealak ageri dira, garai eta toki zehatz eta erreal batean; mitoetako pertsonaiak, ordea, naturaz gaindikoak izan ohi dira, eta askotan toki edo garai ezezagunetan gertatuak izaten dira.

Hona hemen mitoen zenbait ohiko ezaugarri:

  • Mitoa irudimenezkoa da, hau da, ez da arrazoiaren bidez sortua.
  • Ez kritikoak dira, hau da, kondairan kontatzen zaiguna agertzen den bezala sinetsi behar da, ezin da kuestionatu, ezin da zalantzan jarri, bere horretan sinetsi behar da eta, horretarako, fedea behar da. Adibidez, kristau batek ezin du kuestionatu Biblian agertzen dena, fededuna izan behar da horretarako.
  • Arbitrarioa da, hau da, unibertsoan gertatzen diren gauzak jainkoen borondatez gertatzen dira, jainkoek horrela erabaki dutelako.
  • Dinamikoa da giza portaera eragiten era zuzentzen dutelako.
  • Indar naturalak pertsonifikatu eta jainkotu egiten ditu. Sua eta haizea..., esaterako, jainkoak dira eta pertsonok ditugun jokabide berdinak dituzte (beraien artean haserretu, maitemindu, borrokatu,...) egiten dira. Horretaz gain, munduko gertakariak (ekaitzak, suteak, lehorteak,...) beraien menpe daude.
  • Oraina ere azaltzen dute gertakari horiek. Adibidez, gaiztakeriaren azalpena Adan eta Evaren tentazioan oinarritzen da.

Mito motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mito kosmogonikoak: munduaren sorrera azaltzea dute helburu. Mito zabalduenak eta ugarienak dira. Askotan, lurraren sorrera ozeano batean kokatzen da. Batzuetan, erraldoien edo titanen arraza batek sorrera horretan ezinbesteko papera jokatzen du. Ohikoa da erraldoi edo titan horiek erdi-jainkoak izatea eta munduko lehenengo izakiak izatea.
  • Mito teogonikoak: jainkoen jatorriaren inguruan hitz egiten dute. Adibidez, Atenea Zeusen burutik sortzen da.
  • Mito antropologikoak: gizakiaren agerpenaren inguruan hitz egiten dute. Edozein materiatik sortuak direla esan dezakete (animalia, landare, hautsa, lokatza...). Jainkoek lurrean bizirauten irakasten diete. Mito kosmogonikoei lotuta egon ohi dira.
  • Mito etiologikoak: izakien, gauzen, tekniken eta instituzioen jatorria azaltzen dute.
  • Mito moralak: ongiaren eta gaizkia azaltzen dute.
  • Mito fundazionalak: hirien sorrera azaltzen dute, jainkoen nahien arabera. Erroma Romulo eta Remo anaiek sortu zutelakoaren mitoa da horren adibide.
  • Mito eskatologikoak: etorkizunaren ingurua jarduten dute, munduaren amaieraz. Mito horiek bi taldetan sailkatu daitezke munduaren amaiera zerk ekartzen duenaren arabera: suak edo urak. Askotan astrologiari lotuta daude. Amaiera eklipseak, lurrikarak eta mota horretako istripu gehiagok iragarriko lukete.

Irakurketa: literala, alegorikoa eta sinbolikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitoak literalki egiak diren istorio bezala planteatu dira, nahiz eta azalpen filosofiko eta zientifikoek mitoen irakurketa ez literala bultzatu duten, hauetan sinetsi ordez interpretatu egin beharko liratekeela egotziz.

Gauzak horrela, mitoen irakurketa alegorikoak, garai helenistikoko Grezian sotua, jainkoak elementu naturalen pertsonifikazio gisa interpretatzeko proposamena du. XIX. mendean zabaldu zen Max Müllerren teoriaren arabera, mitoek gaizki ulertutako istorioetan daukate jatorria.

Bere aldetik, irakurketa sinbolikoak mitoak istoria baino haratago doan esanahia daukala proposatzen du, euren sortzaileen pentsamendueak, adibidez.

Mitoaren inguruko ikerketa modernoek hiru posizio ezarri dituzte:

  • funtzionalista, Malinowski antropologoak garatutakoa, eguneroko bizitzan mitoen erabilera aztertzen du.
  • estrukturalista, Lévi-Strauss-ek sortua, mitoen eraketa aztertzen du, bere elementuak eta euren arteko erlazioak aztertezen ditu.
  • sinbolista, Jung, Bachelard eta Gilbert Durand erreferente gisa dituena, mitoaren oinarrizko elementua sinboloa dela kontsideratzen du. Adibidez, haurra eta adinekoaren sinboloak (bata jakinduriaren ikurra eta bestea esperientziarik ezaren sinbolo).

Mitoa eta beste narrazio mota batzuen arteko desberdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan, mitoa ipuina, fabula edo kondaira bezalako narrazioekin nahasten da.

Hainbat desberdintasun daude mitoa eta ipuinaren artean: ipuinak fikziozko kontakizunak bezala aurkezten dira, baina mitoak egiazko istorio bezala kontatzen dira. Funtzioa ere desberdina da: mitoa etiologikoa da (gauzak momentuko egoerara nola iritsi diren azaltzen du) eta ipuinak balioak igortzen ditu (pentsatzeak indarrari irabazten dio, ongi jokatzeak saria dakar, gezurrak beti harrapatzen dira...). Bestalde, ipuinen gaiak sinpleak eta umeei zuzenduak izan ohi dira. Mitoenak konplexuagoak dira, istorio bakoitza beste hainbat istoriorekin elkarlotuta egoten baita.

Fabula edo alegiaren eta mitoen arteko desberdintasunak pertsonaietan darrai. Alegietako protagonistak animaliak dira, mitoetakoak aldiz, jainkoak, heroiak, munstroak... Funtzioa ere ez da berdina, fabulek ikasketa moralak ematen dituztelako eta mitoak etiologikoak direlako.

Kondairei dagokionez, mitoen antzera aurkezten dira eta funtzio etiologikoa ere izan dezakete. Hala ere, kondairak denbora errealean gertatzen dira, leku ezaguterrazetan eta batzuetan protagonista errealekin.

Trama berbera mito, ipuin edo kondaira batean ager daiteke, baina desberdintasuna istorioa aurkezteko moduan eta bere funtzioan dago.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]