Lankide:Enautgala2/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elurretan zehar ziklo-kros lehiaketa, biziketa sorbaldan harturik, oztopoak direla eta.

Ziklo-krosa moldatutako errepideko bizikleta batez errepidea, zelaiak eta hainbat oztopo zeharkatuz egiten den txirrindularitzako kirol-diziplina da. Hortaz, Ziklo-krosa txirrindularitzaren espezialitate bat da lur mota orotan burutzen dena, non lehiakideak oztopo jakin batzuk gainditu behar dituzten. Oro har, mendiko bizikleta baten ordez, eraldatutako errepideko bizikleta bat erabiltzen da. Lehiatzen den eremuan belarra, lurra, legarra eta harea egon daitezke, eta hortaz, neguko eguraldia dela eta, gehienetan lokatza egon ohi da.

Bizikletak gurpil takodunak izaten ditu, aipaturiko azalera latz eta labainkorrak gainditzeko. Ziklo-kroseko denboraldia urritik otsaila arte luzatu ohi da eta lasterketak 60 minutukoak izan ohi dira, 2.5 eta 3km tartean dituen zirkuitu bati itzuliak emanez. Arestian aipatu den moduan, honako zirkuituek errepidea, zelaia eta korrika egiteko lekuak izan behar dituzte, beti ere UCI erakundeak ezartzen dituen arauen barne. Honela txirrindulariek gutxienez zirkuituaren %90 bizikletaren gainean egiteko gai izan behar dute, bestela lasterketa bertan behera geratzeko arriskua egon bailiteke.

Aipatu bezala, ziklo-kroseko zirkuituak oztopoz osaturik egoten dira, gainditu daitezkeenak, aitzitik txirrindulariak bizikletatik jaisteko beharra izango baitute, bizikleta bizkarrean eramanez oztopoa gainditu arte. Bestalde, zirkuituaren zati bat egoera txarrean egongo balitz, atletak, berriz ere, bizikleta sorbaldan jarri dezake, egoera hori askotan izanez ikusgai.

Kirol-diziplina hau oso ezaguna da Europa iparraldean, baina Estatu Batuetan gailentzen hasia da jada. Hala ere, Belgika eta Herbehereak dira espezialitatean nagusitasun handien duten herrialdeak, bertan ziklo-kroseko probek futbol partiden antzeko ikusleak baitituzte telebistan. Zirkuituaren luzera laburra eta kokapen naturala direla eta, ekitaldi ezin hobea da ikusleentzat.[1]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziklo-krosaren jatorriari dagokionez, Manu (2009)-k dioenaren arabera, hiru istorio nagusi daude ziklo-krosaren hasiera azaleratzeko.

Lehenengoa txirrindularitzaren historiari lotuta dago, garai hartan lokaztutako bideetatik, zuloz betetako bideetatik edota lurrez, harriz edo hareaz estalitako bideetatik ibiltzen baitziren txirrindulariak. Horregatik guztiagatik, ez dirudi zentzugabea ziklo-krosaren ernamuina bizikletaren historiari lotuta sortu zela iradokitzea.

Bestetik, 1903an, Tourra jaio zen urte berean, Frantziako Union Velocipédica eta L’Auto egunkariek indarrak batu zituzten ziklo-kroseko proba bat antolatzeko Ville d’«Avray» egunkarian. Ziklo-kros froga honen bultzatzaileak, Géo Lefevre-k (Frantziako Tourra asmatu zuen gizona), bere egunkariko orrialdeetan ondorengoa idatzi zuen ziklo-krosaren inguruan: “demagun txirrindulari batek, gerra garaian, adibidez, egoera txarreko errepideetan ibiltzeko, pedalei eragiteko, laborantza-zelaietan trostan ibiltzeko, basoetan zehar bideratzeko, edota hobiak zeharkatzeko betebeharra duela. Honela jakingo duzue zein den oinezko ziklo-krosaren printzipioa”.

Eta azkenik, XX. mendearen hasieran, Daniel Gousseau-k, soldadu frantziar gazte batek, bere bizikletan zelaiak gurutzatzen zituen, markatutako bideetatik irten eta basoetan, lokatzetan eta harritzarretan zehar ibiliz, bere nagusiek zaldiz jarraitzen zuten bitartean. [2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sylveer Maes 1936-an. Nazioarteko Kriterium-aren garaile izan zen.

1924an ziklo-kroseko Nazioarteko Kriteriumaren lehen lehiaketa ospatu zen, gaur egun oraindik ziklo-kroseko munduko txapelketaren atarikotzat jotzen den lehiaketa. Bertan lehen irabazlea Gaston Degy frantziarra izan zen eta urte batzuk geroago, Henri Moerenhout-ek Belgikaren lehen garaipena lortu zuen. Urteetan zehar irabazleetako asko frantziarrak izan ziren arren txirrindulari ospetsu ugari daude honako lasterketa irabazi dutenak, hala nola, Sylveer Maes eta Georgess Ronsse.

Horrez gain, 1925ean ziklo-kroseko lehen emakumeen lasterketa ospatu zen, 5 emakumek parte hartuz, 5 km-ko itzuli batean. Bertan Mademoiselle Billot izan zen garaile.[3]

1950-1960[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen munduko txapelketa 1950ean ospatu zen UCIren gidapean. Frantziarrek ziklo-kroseko Nazioarteko Kriteriumean irabazi zuten tradizioa mantendu zuten hamarkada honetako munduko txapelketetan. Jean Robic izan zen munduko lehen txapelduna, baina Roger Rondeaux herrikidea izan zen jaun eta jabe 50eko hamarkadako lehen urteetan. Horrez gain, Munduko txapelketa urtero herrialde desberdin batean antolatzen hasi zen, eta hori Frantzian beti gertatzen zen Nazioarteko Kritetiumetik bereizten du. [4]

1960-1970[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirurogeiko hamarkada nazioarteko ziklo-krosaren giltzarritzat jo daiteke. Berrogeita hamarreko hamarkadan frantsesak nagusi izan ziren bitartean, hirurogeiko hamarkadako munduko txapelketek hainbat herrialdetako txapeldunak izan zituzten, ziklo-krosaren ospea izugarri haziz. Renato Longo italiarra eta Rolf Wolfshohl alemaniarra izan ziren nagusi hamarkada horretako lehen zatian, baina aurkari bikaina aurkitu zuten Eric De Vlaemincke-kin (lehen munduko txapeldun Belgikarra).

1970-1980[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erik de Vlaeminck 1971-an, bere nagusitasunaren irudi.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako lasterketetan aurreko hamarkadan aipaturiko Eric De Vlaeminck izan zen nagusi, Wolfshohl eta Van Damme izanik aurkari nagusiak. Herbeheretarrek asko gozatu zuten ziklo-kross-aren arrakastarekin eta kirol hau oso ezaguna egin zen herrialde honetan.

Bestalde, De Vlaeminck eta Van Damme txirrindularien arteko lehia oso ezaguna izan zen garai honetan. Gainera, Albert Zweifel izeneko suitzar batek lau munduko txapelketa jarraian irabazi zituen, eta nazioarteko ziklo-kroseko ikur bilakatu zen. Herbeheretan, Robert Vermeriek munduko bost titulu irabazi zituen amateur gisa, baina inork ez zuen nazioartean distirarik lortu aipaturiko herrialdean.

1980-1990[aldatu | aldatu iturburu kodea]

80ko hamarkada Roland Libotonen hamarkada gisa definitu beharko litzateke. 1978an amateur mailan bere lehen munduko txapeldun titulua irabazi ondoren, laurogeiko hamarkadako menderatzaile bihurtu zen. Munduko lau titulu irabazi zituen 80ko hamarkadako lehen urteetan.

Bestalde, honako hamarkadan superprestigioa izeneko lehiaketa ere sortzen da.

1982an, ziklo-kroseko lasterketa handietako lau antolatzaileek euren karrerei azken sailkapen bat jartzea erabaki zuten, ziklo-kroseko lehiaketarik garrantzitsuena bihurtu zena. Honako hamarkadan, belgikar eta herbeheretarrek munduko ziklo-krosean agindu arren, munduko txapelketan, normalean,Thaler, Zweifel edo Richarden bezalako txirrindulari kanpotarrek irabazi ohi zuten.

1990-2000[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laurogeita hamarreko hamarkadan ez zegoen nazioarteko ziklo-krosaren panoraman nabarmendu zen txirrindularirik, aurreko hamarkadetan gertatu zen moduan, baizik eta txirrindulari asko pare bat urtez nabarmendu zirela.

Garai honetan Munduko Kopa ere agertzen da, UCIko azken sailkapen baterako balio duen lasterketa. Munduko kopa gaur egun ziklo-kros modernoaren lehiaketarik garrantzitsuena da eta nazioarteko txirrindularirik onena nor den neurtzeko gutxi gorabeherako modu bat da. Gainera, hamarkada honetan babesleak agertzen dira eta txirrindularientzako ekonomikoki egonkorragoago bilakatzen da, Rabobank edo Domo Farm Frites bezalako taldeak ere gehiago interesatzen baitira ziklo-krosaz.

Ziklo-kroseko Munduko Kopa-ko lasterketa bateko helmuga. Zehazki 2015-ko Munduko Kopako Heusen Zolder lasterketako helmuga.

2000-2020[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdintasunaren alorretik, urte luzeetako lanaren ostean, 2000. urtean emakumeen lehenengo Munduko Txapelketa ospatu zuten, Herbeheretan, Sint-Michielsgestel-en. Bertan, Hanka Kupfernagel izan zen garaile.

Azken hamarkadetan berriz talde handiak agertu ziren ziklo-krosean. Horren adibide dira Sven Nijs eta Richard Groenendaalen (biak ere Super Prestigioan eta Munduko Kopan garaipendunak) Rabobank taldearen kasua; eta Bart Wellens, Peter Van Santvliet, Wim De Vos eta Erwin Vervecken munduko txapeldunarekin batera, Mario De Clercq eta Sven Vanthourenhout gaztea izan zituen taldea ,Domo Farm Fritesek; eta bestetik, Petr Dlask eta Jiri Pospisil dituen Author taldean elkarrekin aritu ziren lasterkari txekiarrak. Goi mailako beste txirrindulariak errepideko talde profesional batean edo bestean aritu ohi ziren, Daniele Pontonik bakarrik baitzuen babesle indibidual bat.

Honako guztiaz gain, emakumeen ziklo-krosa indartzen jarraitzeko asmoz, 2002-2003garren denboraldian lehen emakumeen Munduko Kopa burutu zen. Honako estreinuko lasterketan 55 emakumek hartu zuten parte eta 5 lehiaketa burutu zituzten guztira, Europako herrialde ezberdinetan burutu zirenak (Alemania, Belgika, Frantzia, Luxenburgo, Suiza eta Herbeheretan). Bertan, Daphny Van Den Brand Munduko Koparen jaun eta jabe izan zen, 5 lasterketak irabazi ostean. Hilde Quintens eta Anja Nobus Belgikarrak izan zituen kide podium-ean. [5]

Emakumeen 2018ko ziklo-kroseko Munduko Txapelketako podium-a.


Horrez gain, 2010-ko hamarkadan Zdenek Štybar izan zen nagusi, 2010,2011 eta 2014ko munduko txapelketen irabazlea izanez. [6]

Bestalde, eta berdintasunean oinarrituriko ziklo-kros bat izanik oinarri, emakumeen Munduko Txapelketa 2000. urtean eta 2002-2003 denboraldian emakumeen Munduko Kopa sortu ostean, 2011-2012-ko denboraldian lehen emakumezkoen superprestigo lehiaketa ospatu zuten, non Nikki Brammeier izan zen garaile.

Amaitzeko, eta egungo egoerari erreferentzia eginez, esan daiteke ziklo-krosaren aro oparoenaren aurrean gaudela, lasterketa ugariko egutegi batekin eta lasterketak erakargarri egiten dituzten txirrindulariekin, hala nola, Mathieu Van der Poel (5 aldiz munduko txapeldun eta 4 aldiz Superprestigioko txapeldun), Wout Van Aert (3 aldiz munduko txapeldun eta behin Superprestigioko txapeldun) eta Tom Pidcock (behin munduko txapeldun).

Namur-eko lasterketan Mathieu Van der Poel garaile, Wout Van Aert haren ezkerrean izanik.

Arautegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UCI-ren araudiak dio zirkuituak lasterketan zehar erritmo-aldaketa sustatzeko modukoa izan behar duela. Horrez gain, pistek 2,5 eta 3,5 km arteko luzera izan behar dute.

Oztopoek ziklo-kros modernoaren parte izaten jarraitzen dute, eta UCI-ko probek ezin dute zirkuituan sei oztopo artifizial baino gehiago izan. Taulak eta eskailera-mailak erabil daitezke, hareaz egindako oztopoen antzera. Oro har, txapelketek iraupen mugatua dute, eta UCI Munduko Koparen kasuan 60 minutukoa da. Komisarioek bira bakoitza kronometratzen dute.

UCI-ren arautegia laburki aztertuz, Real Federacion Española-k (s.f) argitaratzen duenez, 6 kapituluz (ziklo-kros-eko frogak, sailkapena, Munduko Kopa, Munduko txapelketak, UCI-ko taldeak, eta lasterketetako gertaera edo istiluak) osatua dago.

Lehen atalean, ziklo-kroseko frogen inguruan ondorengo atalak arautzen ditu: gizonezko eta emakumezkoen partaidetza, kategoriak aztertuz; lasterketetetarako gidaliburua; egutegia; instalakuntzak; segurtasuna; ibilbideak; oztopoak, trantsizio eremuak

Bigarren atalean, sailkapenei dagokienez, ondorengo atalak zehazten ditu: kategoriaka burutzen den sailkapena; puntuen araberako sailkapena; taldekako sailkapena…

Hirugarrengoan, munduko kopari dagokionez, ondorengo atalak arautzen dira: haren jabetza; bertako partaidetza, zein joan daitekeen eta herrialdeko kopuruak adibidez; jantziak; sailkapenak; eta sariak.

Laugarrengo kapituluan, orkorrean Munduko txapelketen egitura eta funtzionamendua arautzen dira.

Bosgarrengo atalean berriz, UCI-ko taldeen inguruan, haien egitura, funtzionamendua, osaera, parte-hartzea… arautzen dira.

Eta amaitzeko, lasterketetako istiluen inguruan arau hauste eta zigorrak aipatzen dira nagusiki. [7]

  1. (Gaztelaniaz) «Todo lo que necesitas saber sobre el ciclocross» Red Bull (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  2. Manu. (2009-08-29). «Historia del ciclocross: CICLOCROSS; el origen» Historia del ciclocross (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  3. «Historia del ciclocross - Ciclocross.com» www.ciclocross.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  4. (Gaztelaniaz) Goff, Cycles. (2022-01-08). «Campeonato Mundial de Ciclocross • Cycles Goff Granada» Cycles Goff Granada (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  5. «Ciclocross - Copa del mundo 2002/2003 - Clasificación» www.los-deportes.info (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  6. Caballero, Jose Eugenio. (2014-06-03). «CICLISMO HISTORIA: Ciclocross» CICLISMO HISTORIA (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  7. (Gaztelaniaz) «REAL FEDERACIÓN ESPAÑOLA DE CICLISMO» rfec.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).