Lankide:IratiME/Gripe

Wikipedia, Entziklopedia askea
H1N1 influenza birusa

Gripea (edo influentza) influenzavirus-ak eragindako gaixotasun infekzioso bat da. Influenzavirusa RNA motako birusa da eta Orthomyxoviridae familiaren barruan sailkatzen da[1].

Gripearen sintomak bat-batean agertzen dira eta horien artean sukarra, eztarriko mina, eztula, ondoeza, nekea, buruko mina, muskuluetako mina, artikulazioetako mina, sudur-kongestioa, doministikuak eta ahultasuna aurki daitezke. Gripeak umeetan ere oka eta beherakoak eragin ditzake[2].

Gripea dutenak, orokorrean, egun gutxi batzuen epean sendatzen dira, baina zenbait kasuetan gaixotasuna larritu daiteke eta hilgarria izatera ere iritsi daiteke[2], batez ere, ume txikietan, haurdun dauden emakumeetan, adin handiko helduetan eta sistema immunitarioan afekzioak dituzten pertsonetan, besteak beste[3].

Gripearen birusek urteroko sasoiko epidemiak edo, gutxiagotan, pandemiak eragiten dituzte. Infektatuak dauden pertsonek jaurtikitutako arnas-tanten bidez trasmititzen dira eta orokorrean, haiengandik nahiko gertu (metro bat baino gutxiago) egon behar da infekzioa hartzeko[4].

Orokorrean sintomak leuntzeko tratamenduak erabiltzen dira. Kasu larrienetan sendagai antibiralak erabiltzen dira, baino hauek eraginkortasun nahiko mugatua dute. Antibiotikoak erabilgarriak dira soilik, bakterioekin koinfekzio bat baldin badago[3].

Gripearen aurkako txertoak gaixotasunaren prebentziorako funtsezko tresnak dira. Txertoak poblazio osoarentzako gomendagarriak dira, baino batez ere gaixotasuna hartzeko arrisku handien duten pertsonentzako eta sintoma larriak izateko arrisku gehien duten pertsonentzako baliagarriak dira[3].

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen birusaren egitura

Gripearen birusak lipidoz osatutako kanpo bilgarria du, ostalariaren zelula mintzetik eratorritakoa. Bilgarri horren barnean kapsidea du, birusaren genomak kodetutako proteinez egina. Barne proteina horien arabera, gripearen birusa 3 motetan sailkatzen da: A, B eta C. Kapsidearen barruan berriz, material genetikoa dago. Influenzavirusaren genoma 8 RNA[4] zati desberdinez osatuta dago. Zati bakoitzak birusaren egiturarako edo funtziorako ezinbestekoa den proteina desberdin bat kodifikatzen du. Beraz, zati horiek birus berriak sortzeko informazioa dute:

  • PB2: Transcriptasa. Funtzioa: Kapelara lotura
  • PB1: Transcriptasa. Funtzioa: Kapelaren luzapena
  • PA: Transcriptasa. Funtzioa: Proteasa jarduera
  • HA: Hemaglutinina. Funtzioa: Zelulara ainguratzea
  • NP: Proteina nuklearra. Funtzioa: RNA-ra lotura eta RNA-aren garraioa
  • NA: Neuraminidasa. Funtzioa: Birusen askatzea
  • M1/M2: Matrizeko proteinak. Funtzioa: M1, birioiaren osagai nagusia; M2, ioi-kanala
  • NS1/NS2: Proteina ez estrukturalak: Funtzioa: NS1, RNA-aren garraioa eta itzulpena; NS2, funtzio ezezaguna.

Hemaglutinina (HA) eta neuraminidasa (NA) birus-partikularen kanpoaldean dauden glikoproteina kate handiak dira. HA-k, infektatuko den zelulari atxikitzeko eta birusaren material genetikoa zelula barruan sartzeko prozesuan parte hartzen du. NA-k ordea, sorturiko birus berriak infektatutako zelulatik kanporatzeko prozesuan parte hartzen du[5]. Gripearen birusaren aurkako sendagaiak bi proteina hauei zuzenduta daude[6]. Gainera gorputzeko antigorputzek hauen aurka egiten dute, antigeno moduan funtzionatzen dutelako. Hemaglutinina eta neuraminidasa moten arabera, gripearen birusak zenbait azpimotetan sailkatzen dira, H eta N nomenklatura sortuz[7].

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak infektatzeko gaitasuna duten 3 motatako influenzavirus daude: A, B eta C. Sailkapen hau, mota bakoitzak aurkezten dituen nukleoproteinen (NP) eta matrizeko proteinen (M1/M2) araberakoa da.

Influenzavirus A[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A motako birusak beste bi motekin alderatuz, patogenorik erasokorrenak dira. Urtero sasoiko epidemiak sortzeaz gain, gaixotaun pandemikoak eragin dituzten gripe birus mota bakarra dira. A motako gripearen birusak aldaketa antigeniko ugari pairatzen ditu eta horren ondorioz, talde honen barnean azpimota asko daude. Azpimota horiek HA motaren eta NA motaren arabera sailkatzen dira. Gaur egun, 18 HA  mota (H1–H18) eta 11 NA mota (N1–N11) desberdin  ezagutzen dira. Gizakiak kutsatzeaz gain, A motako birusek ugaztun-espezie ugari (txerria horien artean) eta hegaztiak (bereziki basa-hegaztiak) kutsatzen dituzte ere. Hortaz, birusak beste espezie batzuetara transmititu daitezke, eta horrek epidemia larriak eragin ditzake giza kontsumorako hegazti edo ugaztunetan; edo animalietatik zuzenean gizakiarengana jauzi egin dezakete pandemia bat eraginez[3].

Influenzavirus B[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Influenzavius B-ak urtero, sasoiko gripe-kasu gutxi batzuk soilik eragiten ditu. Ez du inoiz pandemiarik eragin, izan ere, ez dituelako A motako gripe-birusak jasaten dituen aldaketa antigeniko berdinak jasaten. Gizakiaz gain, fokak dira B motako birusaren ostalari bakarrak eta hortaz, horrek birusaren aldakuntza txikiagoa eta espezieen arteko trasmisio txikiagoa dakar. Nahiz eta B motako gripeak orokorrean larritasun ertaineko gaixotasuna eragiten duen, badira urtero B gripeak eragindako kasu hilgarriak, batez ere, ume txikietan[4].

Influenzavirus C[aldatu | aldatu iturburu kodea]

C motako gripearen birusak, gizakiak eta txerriak kutsatzen ditu. Animalietan gaixotasun larriak eta tokiko epidemiak eragin ditzake. Gizakietan, ordea, C motako birusak beste bi motatakoekin alderatuz, maiztasun txikiagoarekin eragiten du, eta oro har, haur txikietan, hauei sintoma arinak eraginez[8].

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen birusek urtero larritasun ezberdineko epidemiak eragiten dituzte. Epidemia horiek sasoi hotzetan gertatzen dira eskualde epeletan (Ipar hemisferioan abendutik apirilera; Hego hemisferioan ekainetik irailera), hezetasun eta tenperatura baxuko giro-baldintzek birusaren transmisioa areagotzen dutenean[3].

Hala ere, gripearen birusek pandemiak ere eragin dituzte historian zehar. Sasoiko gripearekin alderatuta, pandemiak 20-30 urtean behin gertatu dira eta, oro har, sintoma larriagoekin lotzen dira, biztanleria gazte osasuntsu bati eragiten diotenak eta hilkortasun-tasak areagotzea eragin dezaketenak[3].

Hortaz, gripe-pandemiak mehatxu handia dira osasun globalarentzat, eta sortzen ari diren anduiak, animali biltegietan zein giza populazioan, agintariek eta Osasunaren Mundu Erakundeak zorrotz zelatatzen dituzte.

Transmisioa eta sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen birusa arnas tanten bidez trasmititzen da gizabanakoen artean. Transmisioa, batez ere, kutsatutako pertsona batekin kontaktu estua izaterakoan (1 m-ra) ematen da. Hala ere, infekzioa arnas tantez kutsatutako gainazal batekin kontaktua izaterakoan ere eman daiteke[4]. Sintomak, infekzioa gertatu eta 24-48 orduren ostean agertzen dira[3]. Helduak, oro har, infekziosotzat hartzen dira sintomak agertu aurreko egunetik 5-10 egun bitartera. Haurrek eta immunodeprimatutako panzienteek epe luzeagoan jarraitzen dute kutsakor izaten[4].

Gripearen sintomak pertsona bakoitzarentzat desberdinak izan daitezke. Gehiengoak, ez du sintomarik edo sintoma arinak  aurkezten ditu. Kasu hauetan, gaixotasunetik berreskuratzea oro har, egun gutxitan (2 aste baino gutxiago) lortzen da[3].

Sintoma arinak bat-batean hasten dira eta horien artean aurki daitezke: hotzikarak, eztula (lehorra, iraunkorra; bularreko ondoezarekin edo gabe), diaforesia, ondoeza (orokorrean), nekea, sukarra (bat-bateko agerpena; egonez gero, 3-4 egun iraun dezake), buruko mina (frontala edo retroorbitala), mialgia (muskulu/gorputzeko mina; batez ere besoak, hankak eta bizkarra), sudur-kongestioa edo errinorrea, mina artikulazioetan, faringitisa (eztarriko mina), doministikuak eta ahultasuna. Gainera, haur txikiek eta heldu ahulagoek goragalea edo oka eta beherakoa izan dezakete ere[2].

Kasu bakanetan ordea, sintoma moderatuak edo larriak (bizia arriskuan jartzen dutenak) ager daitezke. Sintoma larrien agerpenean eragina duten faktoreen artean pertsonen adina eta egoera kroniko komorbidoen presentzia daude. Konplikazioak, gripearen birusak berak eragin ditzake edo bestela, gripearen birusarekin batera erasotzen duten bakterio inbaditzaileek eragin ditzakete[2]. Streptococcus pneumoniae eta Staphylococcus aureus-ekin egindako koinfekzioak dira ohikoenak[3].

Infekzioaren konplikazio moderatuen artean bronkitisa, otitisa eta sinusitisa aurki daitezke. Konplikazio larrien artean hurrengoak ager daitezke: deshidratazioa, hantura, entzefalitisa (garuna), miokarditisa (bihotza), miositisa (muskulu-ehuna), rabdomiolisia (muskulu eskeletikoa) eta organo desberdinen porrota (giltzurrunak, sepsia, pneumonia, arnasketa organoak)[2].

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, gripeak jota dagoen norbaiti, atseden hartzea eta sintomak leuntzeko tratamenduak erabiltzea gomendatzen zaio. Gripea orokorrean berez sendatzen da, baina badira gripearen aurkako zenbait sendagai.

Gripearen birusen aurkako tratamendu antibiral nagusienak neuraminidasa (NA) inhibitzaileak dira. Neuraminidasa inhibitzaileek infektatutako zelula batetik birioiak ateratzea ekiditen dute, ondoko zelulen infekzioa saihestuz. Elikagai eta Sendagaien Administrazioak onartutako 2 neuraminidasa inhibitzaileak oseltamivir eta zanamivir dira[4]. Tratamendu hauek gaixotasunaren sintomak agertu eta 48 orduko epean dira eraginkorren, eta horregatik gripearen detekzio goiztiarra funtsezkoa da. Gripearen tratamenduak, birusaren sudur-isuria, gaixotasunaren iraupena eta pneumoniarekin lotutako konplikazioak izateko arriskua murrizten ditu[4].

Gripearen sintomak aurkezten dituzten pertsona guztiei, sintomak agertu eta 48 orduko epean badaude, tratamendua eskaini ahal zaie, komorbiditateak dituzten ala ez kontuan hartu gabe[4].

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendiotan, konplikazioak izateko arrisku handia duten paziente guztiek eta arnas gaixotasun larriak dituzten paziente guztiek tratamendua jaso behar dute sintomak agertzeko unea edozein dela ere. Arrisku handiko pazienteen artean, immunodeprimituak, komorbiditate larriak dituztenak, biriketako gaixotasun kronikoak dituztenak, <2 edo >65 urte dituztenak, obesitate morbosoa dutenak, zaharren egoitzetan bizi direnak eta haurdun dauden edo erditze osteko emakumeak aurkitzen dira[3].

Konplikazioak izateko arriskua ez duten pazienteei ez zaie tratamendu antibiralik eskaini behar sintomak agertu eta 48 ordu pasa badira, erresistentzia potentziala izateko arriskua terapiaren onura baino handiagoa delako[4].

Bestetik, gripea infekzio birikoa denez, antibiotikoek (bakterioen aurkako sendagaiak, baina birusen aurka baliorik ez dutenak) ez dituzte sintomak leuntzen eta ez dute gaixotasuna sendatzen. Antibiotikoak soilik baliogarriak dira, bakterioen koinfekzioek gaixotasuna larritzen duten kasuetan[3]. Hortaz, ez dira helburu profilaktikoekin (prebentziorako) administratu behar, izan ere, alferrikakoak izateaz gain, mikrobio erresistenteen agerpena bultzatzen dutelako.

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen aurkako txerto tetrabalentea.

Prebentziozko txertoa gripearen morbositatea murrizteko funtsezko tresna da. Txertoa ez da soilik gomendatzen arrisku handiko gaixoei edo esposizio arrisku handia dutenei, baizik eta populazio osoari (6 hilabete edo gehiago), infekzio arriskua deuseztatzeko eta artaldearen immunitatea hobetzeko balio duelako[3].

Gripearen birusaren anduiak urtaro batetik bestera aldatzen direnez, txertoaren osaera urtero berritzen da. Berritze hori, ikertzaileen ustetan urtaro horretan gaixotasun gehien eragingo duten birus anduietan oinarritzen da.

Gaur egun onartutako txertoak bi motatakoak dira: 1) muskulu barnean administratzen diren arrautza- edo zelula-kultiboetan hazitako birus azpiunitate inaktiboak, edo 2) haurren sudur barneko administraziorako erabiltzen diren gripe-birus bizi eta atenuatuak. Lehenengo motatako txertoak tribalenteak edo tetrabalenteak izan daitezke, eta influenzavirus A motako 2 anduiren (H1N1 eta H3N2) eta influenzavirus B motako 1 edo 2 anduiren antigenoak dituzte, hurrenez hurren[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Moghadami, Mohsen. (2017-01). «A Narrative Review of Influenza: A Seasonal and Pandemic Disease» Iranian Journal of Medical Sciences 42 (1): 2–13. ISSN 0253-0716. PMID 28293045. PMC 5337761. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  2. a b c d e (Ingelesez) Keilman, Linda J.. (2019-06-01). «Seasonal Influenza (Flu)» Nursing Clinics of North America 54 (2): 227–243.  doi:10.1016/j.cnur.2019.02.009. ISSN 0029-6465. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  3. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Peteranderl, Christin; Herold, Susanne; Schmoldt, Carole. (2016-08). «Human Influenza Virus Infections» Seminars in Respiratory and Critical Care Medicine 37 (04): 487–500.  doi:10.1055/s-0036-1584801. ISSN 1069-3424. PMID 27486731. PMC PMC7174870. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  4. a b c d e f g h i (Ingelesez) Labella, Angelena M.; Merel, Susan E.. (2013-07-01). «Influenza» Medical Clinics of North America 97 (4): 621–645.  doi:10.1016/j.mcna.2013.03.001. ISSN 0025-7125. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  5. Suzuki, Yasuo. (2005). «Sialobiology of Influenza: Molecular Mechanism of Host Range Variation of Influenza Viruses» Biological and Pharmaceutical Bulletin 28 (3): 399–408.  doi:10.1248/bpb.28.399. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  6. (Ingelesez) Wilson, J. C.; Itzstein, M. von. «Recent Strategies in the Search for New Anti-Influenza Therapies» Current Drug Targets 4 (5): 389–408.  doi:10.2174/1389450033491019. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  7. (Ingelesez) Hilleman, M. (2002-08). «Realities and enigmas of human viral influenza: pathogenesis, epidemiology and control» Vaccine 20 (25-26): 3068–3087.  doi:10.1016/S0264-410X(02)00254-2. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  8. (Ingelesez) Matsuzaki, Yoko; Katsushima, Noriko; Nagai, Yukio; Shoji, Makoto; Itagaki, Tsutomu; Sakamoto, Michiyo; Kitaoka, Setsuko; Mizuta, Katsumi et al.. (2006-05). «Clinical Features of Influenza C Virus Infection in Children» The Journal of Infectious Diseases 193 (9): 1229–1235.  doi:10.1086/502973. ISSN 0022-1899. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).