Wikipedia, Entziklopedia askea
Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Pirritx, Porrotx eta Marimotots haurrei barrea sortzeko elkartu ziren pailazo hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an hasi ziren, Euskal Herriko plazetan haien show-arekin.

Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta MariMotots izenarekin ezagunak badira ere, bere garaian Takolo, Pirritx eta Porrotx bezala hasi ziren. Hasieran hiru pailazoak mutilak ziren eta gaur egun hirutik bi, neska dira.


Pirritx Porrotx Marimotots

Zer egiten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero Euskal Herriko hiri eta herrietara joaten dira euskarazko ikuskizunak eskaintzera. Euskara eta alaitasuna uztarturik, urtero gai jakin bati lotutako antzerki-ikuskizun berri bat sortzen dute. Antzerkiarekin batera, kantua eta dantza erabiltzen dituzte ikusleei balioak transmititzeko.

Gidoiak sortzerako orduan, gizartea kontuan hartzen dute, gai sozialak landu nahi dituztelako. Lantzen dituzten gaien artean elikagaien kalitatea eta jatorria, ekologia, kultur-aniztasuna, etorkinen egoera eta familia-ereduak aurki ditzazkegu. Mezu baikorrak eta eraikitzaileak proiektatzen dituzte lantzen dituzten gaien inguruan, hori baita beraien lanaren helburua.

Eskainitako materialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

2010. urtean Pirritxen seme-alabak jaio ziren, Pupu eta Lore izeneko bikiak.

Zuzeneko antzerki-ikuskizunez gain, baliabide desberdinak erabiltzen dituzte haien lana eta mezua transmititzeko. Haurren aisialdirako materialak sortzen dituzte umeek bakarka, familiartean edota lagunartean denbora atsegina pasatzeko asmoarekin.

Musika-diskoa eta DVD[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero musika-disko bat prestatzen dute. Disko hau aukeratutako gaiarekin bat dator, eta antzerkiarekin lotutako ipuinak eta abestiak biltzen ditu.

Halaber, DVD bat kaleratzen dute, egiten dituzten ikuskizunekin eta landu duten gaiarekin zerikusia duen erreportajeren batekin.

Ipuinak eta jolasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur txikientzako ipuinak ere egiten dituzte, kartoizkoak izaten direnak eta hainbat gai lantzen dituztenak.

Horrez gain, Pirritx Porrotx eta Marimototsen mahai-jokoak ere badaude. Familian edo lagunartean aritzeko karta jokoak eta puzzleak daude, hala nola animalien bikote kartak, familien kartak eta puzzle desberdinak.

Irrien Lagunen Kluban parte hartu nahi duzu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pupu eta Loreren jaiotzarekin, Irrien Lagunen Kluba sortu zuten. Bertan Euskal Herriko haurrek Pupu eta Lore hezten laguntzea nahi zuten. Hortaz, hezteko hurrengo balioak sustatu nahi zituzten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Balio bakoitzarentzat pertsonai bat sortu zuten: Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.

Ekimen honek Irria izeneko aldizkaria sortu du, 2 eta 8 urteko haurrei zuzenduta dagoena. Haurrentzat interesgarriak diren gaiak biltzen ditu eta kolorez beteta dago. Bere helburua euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta umeak balore aurrerakoietan heztea da.