Lankide:Jon Buldain/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Brachinus generoko kakalardo bonbaketariaren bizkarraldeko irudia
Sailkapen zientifikoa
Erreinua Animalia
Filum Arthropoda
Klasea Insecta
Ordena Coleoptera
Familia Carabidae

Kakalardo bonbaketaria lur-kakalardoa da (Carabidae), eta Brachinini, Paussini, Ozaenini edo Metriini taldekoa izan daiteke. Guztira 500 espezie daude, eta horien berezitasunik nabariena defentsarako duten mekanismoa da: erasoen aurrean substantzia bero eta kaltegarri bat jariatzen dute haien sabelaldetik, eta horrek eztanda-soinu txiki bat sortzen du. Soinu hori da, hain zuzen ere, kakalardoaren izenaren zergatia.

Erreakzioa bi substantzia kimikoren artean gertatzen da: hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa. Bi osagai horiek kakalardoak sabelaldean dituen bi gordailuetan pilatzen dira. Kakalardoak eraso bat nabaritzen duenean, hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa sabelaldeko bestibulura bideratzen dira. Bertan, hidrogeno peroxidoa deskonposatu egiten da, eta hidrokinona, aldiz, erreduzitu, bero kantitate handia sortzen duen katalisi entzimatiko baten bitartez[1]. Horrek bi konposatu kimikoen nahastea ia uraren irakite-punturaino berotzen du. Ondoren, sortutako gasek nahastearen kanporaketa eragiten dute, barrunbeko presioa izugarri igotzen baitute. Kakalardo-espezie batzuek jaurtiketa norabideratu dezakete. Eragindako kaltea hilgarria izan daiteke erasotzailearentzat.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakalardo bonbaketaria Antartikan izan ezik, beste kontinente guztietan bizi da.Oro har, tenperatura altuko baso edo belardietan bizi da. Ingurune desberdin askotan aurki daiteke, betiere haren arrautzak jartzeko hezetasun nahikoa badago.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakalardo bonbaketariaren espezie gehienak haragijaleak dira, baita haien larbak ere[2]. Kakalardoak normalean gauez ehizatzen du. Egunean zehar, ordea, bere espezie bereko beste kakalardo batzuekin elkartzen da leku ilunetan[3].

Anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuek oro har dituzten ezaugarri guztiak dituzte, hots, sei hanka, bi antena, sabelaldea eta toraxa. Ezaugarri orokor horiez gain, sabelaldearen puntan bi guruinez osaturiko bi egitura berdin dituzte. Lehenengo guruinak hidrokinonak eta hidrogeno peroxidoa sintetizatzen ditu eta bigarrenak, ordea, entzima katalitikoak. Lehenengo guruinak sortzen dituen konposatuak gordailuan pilatzen dira. Erreserba-gune horrek pareta mehe eta konprimagarriak ditu[1].

Kakalardo bonbaketariaren anatomia

Bigarren guruina pareta zurruna duen bestibulu baten inguruan kokaturik dago; izan ere, bestibulu horretan gertatzen dira erreakzio katalitiko guztiak. Azkenik, erreakzio-gunea eta konposatuak metatzeko gunea konektatzen dituen muskulu bat dago[4].


Defentsa-mekanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakalardo bonbaketariak arriskua sentitzen duenean, balbula bat irekitzen du. Balbula horrek gordailuan bildutako soluzio urtsua bestibulura pasatzea ahalbidetzen du. Modu horretan, bestibuluko paretak estaltzen dituzten katalasek hidrogeno peroxidoa deskonposa dezakete. Erreakzio honen bitartez:

Peroxidasa-entzimek hidrokinonak oxidatzen dituzte, kinonak lortzeko. Zehazki bentzeno-1,4-diola oxidatzen da 1,4-bentzokinona eratzeko (eta berdin metilhidrokinonaren kasuan). Hau da gertatzen den erreakzioa:

Erreakzio-katearen estekiometria ondoko hau da:

Erreakzioa oso exotermikoa da, hots, energia asko askatzen du. Askatutako energia hori nahastearen bostena lurruntzeko eta gainerakoa 100 gradu arte berotzeko erabiltzen da. Sortutako lurrunak eragindako presioaren ondorioz, sarrera-balbulak itxi egiten dira. Balbula horiek ixterakoan erreserborioko nahasketa ezin da atera eta, horrela, intsektuaren barne-organoak babestu egiten dira. Kanporaketa-balbula, aldiz, irekitzen da eta, ondorioz, irakiten dagoen nahastea bortizki kanporatzen da.

Kakalardoaren guruinek metatzen duten entzima kopurua nahikoa da 20 aldiz esprai kimikoa erabiltzeko. Kantitate hori, batzuetan nahikoa da predatzailea hiltzeko[5]. Espraiaren osagai nagusiak, 1,4-bentzokinonak, predatzaile ornodunen begiak eta arnas-hodiak narritatzen ditu.

Erreaktiboaren erreakzio-ganberarako fluxua eta ondorengo eiekzioa gertatzen da 70 pultsuko txandetan, eta 500 pultsu segundoko abiaduran. Gertakari guztien sekuentzia segundo-frakzio batean gertatzen da. Erreakzio-ganbera eta gordailua batzen dituen balbularen txandakako irekiera eta etengabeko presioa dela eta, pultsazio bidezko kanporaketa gertatzen da. Mekanismo hori onuragarria da intsektu bonbaketariarentzat; izan ere, kanporatzeko presioa erabiltzen denez, ez da energia kontsumitu behar gihar-uzkurdurarako. Gainera, erreakzio-ganberan erreaktibo berriak sartu eta tenperatura jaisten den heinean, katalasak eta peroxidasak desnaturalizazio termikotik babesten dira[6].

Intsektu bonbaketariak gorputza mugi dezake esprai kimikoa erantzuna eragin duenaren norabidera bideratuz. Esaterako Afrikako intsektu bonbardaketari batzuk 270°-ko mugimendua egin dezakete[7].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Aneshansley, Daniel J.; Eisner, Thomas; Widom, Joanne M.; Widom, Benjamin. (1969-07-04). «Biochemistry at 100°C: Explosive Secretory Discharge of Bombardier Beetles (Brachinus)» Science 165 (3888): 61–63.  doi:10.1126/science.165.3888.61. ISSN 0036-8075. PMID 17840686. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  2. «Animal Facts & Photos» web.archive.org 2011-07-08 (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  3. (Ingelesez) Poetker, Ezra. «Brachinus fumans» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  4. «Physiology» Bombardier Beetles (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  5. Eisner, T.; Aneshansley, D. J.. (1999-08-17). «Spray aiming in the bombardier beetle: Photographic evidence» Proceedings of the National Academy of Sciences 96 (17): 9705–9709.  doi:10.1073/pnas.96.17.9705. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  6. Dean, J; Aneshansley, D.; Edgerton, H.; Eisner, T. (1990-06-08). «Defensive spray of the bombardier beetle: a biological pulse jet» Science 248 (4960): 1219–1221.  doi:10.1126/science.2349480. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).
  7. Piper, Ross.. (2007). Extraordinary animals : an encyclopedia of curious and unusual animals. Greenwood Press ISBN 978-0-313-08594-9. PMC 191846476. (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).