Lankide:Nafarroako ordezkaritza/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jose Manuel Urtasun Lakidain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Manuel Urtasun Lakidain (Zildotz, 1773ko azaroaren 26a – Zildotz, 1844ko ekainaren 1a). Apeza eta euskarazko predikuen idazlea izan zen, Anaia Juan Manuelekin batera.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zildozko Perutxenean sortua, Juan Jose Urtasunen eta Manuela Mikaela Lakidainen seme gehiena izan zen. Aitatxi-amatxiak Zildozko Juan Urtasun eta Barbara Leranotz zituen aitaren aldetik, eta Matias Lakidain eta Juana Maria Larunbe beltzuntzearrak amarenetik.

Aldatz-Etxabakoizko parrokia eskuratu zuen 1798ko maiatzaren 9an, eta 1801eko uztailaren 13an Untzuko parrokiara joan zen, bestea utzita. Kargu hartan egon zen hil arte. Tarteka, behin-behineko apez ere ibili zen Zildotzen eta Nabatzen, eta Anueko behin-behineko artzipreste karguan ere aritu zen urte luzez.

1812an Untzun bizi ziren 15 eta 50 urte bitarteko gizonen errolda egin zen, datu fisionomiko eta guzti, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dago kontsultagai. Manuel Urtasun ageri zaigu, Untzuko apezetxena bizi zena. Altueraz txikia bide zen, kolore sanokoa, kopeta-zabala, begi urdinkarak zituen, sudurra eta ahoa arruntak, eta ilea eta bizarra urdintzen hasiak.

1844ko ekainaren 1ean zendu zen Zildotzen, 70 urtetan, eta aspaldi burua galdua zuela. Hil horren 3an ehortzi zuten sorterrian, eliza ondoko kanposantuan.

Sermoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortetxean, Perutxenean, Urtasun Lakidain anaiek euskaraz idatzitako ehundik gora prediku gorde zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako bestelako eskuizkribu eta liburu inprimatu zenbaitekin batera. XX. mende hastapenean, predikuen eta eskuizkribuen zati bat Aingeru Irigaraik bereganatu zuen, eta gaur egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dago. Predikuen beste sorta bat eta zenbait euskal liburu, aldiz, Diez de Ultzurrun-Sagalà familiaren eskutan dira egun.

Predikuek ez dute ez datarik ez sinadurarik, eta ez da beti erraza nork zer idatzi zuen argitzea, bi anaiek letrakera bertsua baitzuten. Sermoi batzuen saihetsean, ordea, predikazio-urteak jaso ziren. Goiztiarrena 1810ekoa dugu, eta zaharrena, aldiz, 1879koa. Bistakoa da, beraz, testuak Untzuko eta Zildozko elizetako sermoietan erabili zirela, eta, irudiz, Isidoro Diez de Ultzurrun Urtasunek, Perutxenean sortutako ilobak, 1842tik 1879ra Untzun eta Zildotzen apez ibili zenak ere erabili zituela.

Sermoiak idatzeko, ohi bezala, bestelako lan batzuk izan zituzten iturri urtasundarrek. Hala, Sebastian Mendibururen Jesusen Amore-nequeei dagozten cembait otoitz gai (1760) obraren emaria ikusten da, baita latinez eta gaztelaniaz idatzitako sermoi-bildumetatik egindako itzulpenak ere. Hona esaterako, Francisco de la Madre de Diosen Theatro Trinitario adornado de sermones para la dominica del año… (1705. Iruñea: Juan Joseph Ezquerro) obratik egindako itzulpena.

Lastimoso caso! Lance estrecho! y riguroso ahogo es la memoria de el Juycio Universal, q[ue] oy nos pinta la pluma de San Lucas. Precederàn señales espantosas, y horribles al dia de el Juycio. Vendra el Hijo de Dios con espantosa Magestad, à juzgar à los mortales. El sol, luna, y estrellas han de apagar sus resplandores, en señal, de que Dios ha encendido su divino enojo.

Caso lastimosoa! lance erchia! eta neque rigurosoa da juicio universalaren memoria, cein pintacen baitigu egungo egunean S[a]n Lucasec. Juicioaren egunari alcinduco zaizquio sañale izugarriac. Etorrico da Jang[oicoare]m (sic) semea magestade espantoso batequi, mortaleac juzgazera, Yguzquiac, Yllarguiac, eta Yzarrac guibelatuco dute beren arguitasuna, mateco entendazera, etzi Jang[oico]ac ychequi, edo vistu duela bere colera divinoa (IR-019).

Predikuen hizkera, Egileen jatorria eta lantokia ikusita, Ezkabarteko edo Txulapaingotzat hartu izan da. Bonaparteren etiketak erabiliz, Hegoaldeko goi nafarrera dela ere esan izan da.

Bestelako euskal testuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, predikuez gain, bestelako euskal testuak ere baziren Perutxenean. Liburu inprimatuen artean, Larramendiren hiztegiaren (1745) liburuki bat ere bazen, Mendibururen Jesusen biotzaren debocioaren bigarren edizioa (1751), eta Mikelestorenaren Cerura nayduenac ardezaquean vide erraza lanaren zatia, 1754ko ediziokoa, gaur egun Diez de Ultzurrun-Sagalà familiaren eskutan denak.

Eskuizkribuen artean, beste apezek idatzitakoak ere badaude, hala nola sermoi zenbait; Gurutzebide bat eta otoitzak dakartzan liburutxoa, hainbat eskuk idatzitakoa, eta San Joseren bederatziurrena.

Bestalde, ezkontideei ezkontzan irakurri beharreko euskarazko abisu bat ere, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan gordea, urtasundarrek idatzia da ziur aski.

[1]

  1. Santazilia, Ekaitz. (2022-11-03). «Zildozko Perutxeneko euskal predikuak (XIX. m.): aurkezpena eta ikerketaren lehen emaitzak» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"  doi:10.1387/asju.23959. ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).