Luis Luziano Bonaparte

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Luis Luziano Bonaparte
Luis Luziano Bonaparte
Luis Luziano Bonaparte irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Luis Luziano Bonaparte Bleschamp
Jaio 1813ko urtarrilaren 4a
Ingalaterra Worcestershire (Ingalaterra)
Hil 1891ko azaroaren 3a
Italia Fano, Marche (Italia)
Bikotekidea(k) Maria Anna Cecchi
Marie Clémence Richard

Luis Luziano Bonaparte Bleschamp[1]frantsesez Louis-Lucien Bonaparte— edo Bonaparte printzea (Worcestershire, Ingalaterra, 1813ko urtarrilaren 4a – Fano, Marche, Italia, 1891ko azaroaren 3a), euskal hizkuntzalari frantsesa izan zen.

Napoleon Bonaparteren iloba zen eta bere lanek euskalaritzaren historian berebiziko garrantzia izan dute, euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egiten lehena izan baitzen: Carte des sept provinces basques, 1863an. Euskal Herrira bost aldiz etorri zen, 1856tik 1869ra.

Euskal herrialde guztietako berriemaileak baliatu zituen, hala nola Jean Pierre Duvoisin aduanetako kapitain lapurtarra, Fray Jose Antonio Uriarte, Jose Samper apaiza, Mariano Mendigatxa eta Prudentzio Hualde bidankozetarrak, Klaudio Otaegi zegamarra, Aita Ibarnegarai, Emmanuel Intxauspe kalonje zuberotarra. Lan-metodo moduan, berriemaile horiei Bibliako pasarte ezagunak toki jakin bateko euskaran jartzeko eskatzen zien eta barreiatuta zeuden eskuizkribu zaharrak bildu eta aztertu zituen. Bere sailkatze-lanean, hiru multzo handitan zortzi dialekto, hogeita bost azpidialekto eta berrogeita hamar barietate bereizi zituen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon I.aren iloba, Lucienen semea. Ingalaterran jaio zen bere aita gatibu zegoela, eta Waterlooko guduaren ostean Elizaren Estatuetako herri batera aldatu zen familiarekin (1815). 1833an Florentziako Maria Anna Cechirekin ezkondu zen. Europan eta Estatu Batuetan izan ondoren, kimika, mineralogia eta, geroago, hizkuntzalaritza ikasketei ekin zien. 1847an hizkuntzalaritzari buruz argitara eman zuen lehen liburuan euskara hartu zuen gai nagusi, eta 1848an politika munduan sartu zen, bere lehengusu Luis Bonaparte Frantziako enperadore zelarik. 1850. urtean emaztearengandik banandu eta 1852an, senadore zela, lehengusuak printze egin eta urteko 130.000 liberako saria eman zion. Oxfordeko Unibertsitateko irakasle zela, Antoine d’Abbadierekin jarri zen harremanetan Londresen (1855-1856) eta honen ondorioz hasi ziren Bonaparteren euskarari buruzko lanak. 1856-1869 bitarteko urteetan egin zituen ibilaldien eta bere baitara bildu zituen laguntzaileen lan ugarien emaitza dira euskarari eskaini zizkion lan nagusiok: Langue basque et langue finnoise (1862), Curiosidades eúskaras (1866), Le Verbe Basque en tableaux (1869), Deux Cartes des sept Provinces Basques (1869), Études sur les trois dialectes basques des vallées d’Aezcoa, de Salazar et de Roncal… (1872), Observations sur le basque de Fontarabie, d’Irun… (1877), Observaciones sobre el vascuence de Navarra (1881), eta abar. Bonaparte printzearen lana ezinbestekoa da egun euskal dialektoak ezagutu nahi dituen edonorentzat.

Berak mugatu zituen euskalkiak lehenbizikoz (zortzi euskalki: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, hegoaldeko goi-nafarrera, iparraldeko goi-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaleko behe-nafarrera eta zuberera; azpieuskalkiak…); berak egin zituen euskararen lehen mapak, euskalkiak kontuan hartuz, 1868. urtean euskararen hedapena norainokoa zen erakusgarri: “Muchos de los trabajos hechos por encargo del príncipe tenían una finalidad puramente científica, a saber, suministrar elementos para poder estudiar con exactitud una variedad subdialectal determinada. Es decir, eran trabajos hechos con fines y criterios científicos, no con fines y criterios literarios” (Villasante 1979, 176. or.). Argitara eman zituen kristau ikasbideek, Biblia zatiek eta Biblia osoek (Duvoisinen Bible saindua edo testament zahar eta berria bereziki), dokumentazio gaitza eskaini zuten ordura arte gisa horretako materialik ez zuten euskaralarientzat, bertako nahiz kanpokoentzat.

Itzulpen gehienok, eta bestelako lanen bat, Euskaltzaindiak berrargitaratu ditu haren mendeurrenean (1991). Baliozko pertsonez inguratzen jakin izan zuen, laguntzaile bikainak izan baitzituen: J. P. Duvoisin (lapurtera), J. A. Uriarte (bizkaiera eta gipuzkera), Klaudio Otaegi (gipuzkera eta goi-nafarrera), M. Mendigatxa (erronkariera), E. Intxauspe (zuberera), M. Salaberri (behe-nafarrera), B. Etxenike (baztanera).

Ingalaterran bizi zela, urteko diru saririk gabe geratu zen Frantzian III. Errepublika aldarrikatu zenean. 1881ean alargun gelditu eta Clemence Richard Grandmontaigne, Klaudio Otaegiren koinata atarraztarrarekin ezkondu zen bigarrengoz. 1883. urtean Gladstoneren gobernuak urteko 250.000 liberako diru saria eskaini zion ingelesaren dialektoei buruzko bere ikerketak buka zitzan.

Hil ondoren, bere liburutegi osoa Chicagoko Newberry Library delakoak erosi zuen. Euskal gaiei eta beste hainbat gairi buruzko eskuizkribuak R. M. Azkuek erosi zituen Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako diputazioentzako eta haietan daude gorderik.

Euskararen inguruko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Carte des sept provinces basques, 1863.
  • Le Verbe Basque en tableaux, 1869.
  • Etudes sur les trois dialectes basques des valleés d'Aezcoa, de Salazar et de Roncal, 1873.
  • Observations sur le basque de Fontarabie, d'Irun,etc, 1877.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luis Luziano Bonaparte Aldatu lotura Wikidatan