Lankide eztabaida:Amaib/Proba orria

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaur8
MotaInformazio orokorreko gehigarria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
FormatuaPaperezkoa eta digitala
KoloreaKoloreko eta zuri-beltzeko orriak tartekatzen ditu
ArgitaletxeaHerritar Berri S.L.U.
Banaketa
Banatze-eremuaEuskal Herria
MaiztasunaAstean behin
Salneurria0,50€
Historia
ZuzendariaAmagoia Mujika Telleria
KomikigileakAmaia Ballesteros, Alai Zubimendi, Unai Gaztelumendi
https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8

Gaur8 Gara egunkariaren euskara hutsezko gehigarri jeneralista da, larunbatetan egunkariarekin batera argitaratzen dena. Izan ere, Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea S.A. taldearen baitan dago Gaur8, Gara, Naiz, 7K, Mediabask, Kazeta, Naiz Irratia eta 11TB hedabideekin batera (azken biak ikus-entzunezkoak). Paperezko edizioaz gain, edizio digitala ere badauka[1].

Donostiako Igara auzoan du egoitza, eta Amagoia Mujika Telleria da zuzendaria. Informazio orokorra eskaintzen du, eta bere ikuspegia nazionala da, Euskal Herrikoa. Bere ildo editoriala, bestalde, ezkertiarra, abertzalea eta aurrerakoia da. “Mila leiho zabalik” da bere eslogana.

2007ko martxoaren 10ean kaleratu zen lehenengoz Gaur8, Garak “euskararekin duen konpromisoan beste urrats kualitatibo bat emateko” asmoarekin[2]. Beraz, historia nahikoa laburra du hedabide honek. Hasiera batean, papera eta Internet uztartzeko intentzioarekin jaio zen, webgune esklusibo eta guzti (www.gaur8.info)[3]. Hala, leiho bat ireki nahi zien teknologia berriei. Webguneak eguneko albiste nagusiak eta idatzizko edizioa bilduko zituen, gaurkotuta[2]. Era berean, tarte berezia eskainiko zien bere orduko blogariei Blogariak eta Blogosfera ataletan. Euskaraz idatzitako blogen eta horien egileen erreferente eta topagune izan nahi zuen lehenak; bigarrena, berriz, kolaboratzaileen eta blogarien ekarpenak argitaratzeko erabiliko zen. Hala ere, moldatzen joan da denborarekin[3]. Egun, ez dago blogik, baina kolaboratzaileek protagonismo berezia dute: eurek idazten dituzte testu gehienak, baita EKHE osatzen duten beste hedabideetako kazetariek ere. Amagoia Mujika zuzendariak eta beste bi langilek baino ez dute osatzen berez Gaur8ren lantaldea.

Gertaeren gaineko begirada pausatua eskaintzen du Gaur8 astekariak. Horretarako, lau sailetan daude banatuta edukiak, paperezko edizioan zein digitalean: Atzerria, Begirada, Herria eta Herritarrak. Horietan guztietan eduki informatibo, interpretatibo, analitiko eta iritzizkoak nagusitzen dira. Izan ere, erreportajeak, albisteak, elkarrizketak, analisiak, iritzi artikuluak, binetak eta zutabeak aurkitu daitezke proiektu komunikatibo honetan. Denak euskaraz. Edizio digitalaren kasuan, papereko eduki berdinak ageri dira gehienbat, baina badu sail berezi bat: Egunerokoa. Bertan, artikulu berri bat edo bi argitaratzen dira egunero. Gainerakoa larunbatetan eguneratzen da, aldizkaria kaleratzearekin batera[4].

2021eko apirilaren 24ko Gaur8ren azala.
2021eko apirilaren 24ko zenbakiaren azala.


Beste sailei dagokienez, Atzerria atalak Euskal Herriko mugetatik kanpoko informazioa jasotzen du. Adibidez, 2021eko apirilaren 24ko zenbakian, Brasilgo egoera aztertu zuen Martin Mantxo aktibistak, eta Ainara Lertxundi kazetariak erreportajea egin zuen, klima aldaketaren muturreko ondorioak pairatzeko arriskuan dauden herrialdeetan, fenomeno meteorologikoek haurrengan izan ditzaketen ondorioei buruz.

Herria eta Herritarrak sailek, aldiz, Euskal Herrian jartzen dute fokua: Herriak Euskal Herriko tokien, arazoen, istorioen eta proiektuen berri ematen du, besteak beste; Herritarrak sailak, berriz, pertsonen gain jartzen du fokua elkarrizketen edo erreportajeen bidez.

Begirada saila hiru testuz osatuta dago, eta bakoitza sail desberdinen artean dago tartekatuta. Iritzi artikuluak dira, baina badute kutsu dibulgatibo bat. Izan ere, arkitekturan, osasunean edota hezkuntzan bezalako esparruetan aditu direnen begiradak jasotzen dira bertan[5].

Herritar Berri S.L.U. da Gaur8 gehigarriaren enpresa argitaratzailea. Enpresa honek Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea S.A. (EKHE) taldea osatzen du Tai Gabe Digitala S.L., Baigorri Argitaletxea S.A., Euskal Irrati Zerbitzuak S.L. edota Iparla Baigura Komunikazioa elkartearekin batera[1].

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria itxi ondoren, 10.000 norbanako baino gehiagok proiektu komunikatibo berri baten sorrera babestu zuten diruz. 1.000 milioi pezetako kapitalarekin sortu zuten azkenean EKHE enpresa, eta proiektua diruz babestu zuten norbanako horiek guztiak akziodun bilakatu ziren. Hasieran, 1999. urtean, EKHEk Gara egunkariaren sorrera sustatu zuen, eta, gero, bultzatu zuen egun taldea osatzen duten gainerako hedabideen sorrera: 7K iganderoko gehigarria (1999), Kazeta Ipar Euskal Herriko hedabide digitala (2008), Naiz hedabide digitala (2012), Mediabask Ipar Euskal Herriko astekaria (2014), Naiz Irratia (2019) eta 11TB (2006). Azken hau Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea S.A. enpresarena da, eta EKHEk akzioen %20 du.

Negozio eredua eta hedapena[aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Gaur8 Gara egunkariarekin batera argitaratzen den, egunkaria erosi gabe ere lortu daiteke gehigarria kioskoetan 0,50 zentimoren truke (2021). Sarean, berriz, doan eskaintzen ditu eduki guztiak, inolako ordain hesirik gabe. Gainera, ez da beharrezkoa harpidetza egitea eduki digitalak kontsumitzeko.

Amagoia Mujika zuzendariaren arabera, asko sare sozialen bidez edota edizio digitalari esker irakurtzen dute asko Gaur8. Twitterren, adibidez, 2.500 jarraitzaile baino gehiago ditu[6], eta Facebooken, 780 jarraitzaile baino gehiago (2021)[7].

Erreferentziak[aldatu iturburu kodea]

  1. a b «naiz: nor gara» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  2. a b «GAUR8, 'Gara'ren informazio eta komunikazio proiektu berria» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Gaur 8, una iniciativa del diario Gara que pretende compaginar versión en red con versión semanal en papel» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  4. SLU, Herritar Berri. «GAUR8» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  5. «naiz: hedabidea zara» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  6. «https://twitter.com/gaur_8» Twitter (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  7. «Hasi saioa Facebook-en» Facebook (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).

Ikus, gainera[aldatu iturburu kodea]

Gara (egunkaria)

Naiz Irratia

Kazeta.info

Mediabask

11TB

Info7

Kanpo estekak[aldatu iturburu kodea]

Gaur8 gehigarriaren webgunea