Lekuona (enpresa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lekuona (enpresa)
Datuak
Motaenpresa
Agintea
Egoitza nagusi (1963–2007)
  • Urantzu Kalea, 7, 20100 Errenteria, Gipuzkoa
  • Lekuona
Historia
Sorrera1858
SorlekuaErrenteria

Lekuona, izen erregistratuz Panificadora Lecuona, okintzaren arloko Errenteriako enpresa historiko bat da, 1858an sortua Errenterian, bere egoitza nagusia Oiartzun ibaiaren ertzean zuena, herrigunearen parean. 150 urteko jardueraren ondoren desegin zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, familia negozio bat izan zen, Balbina Etxeberria errenteriarrak eta Leonardo Lekuona Andoainen jaiotako arotzak eratua eta bost belaunaldiz sendian jarraipena izan zuena. Lehenengo egoitza Erdiko Kalea, 6 zenbakian zegoen kokatuta; hala ere, gero, negozioa industrializatu ahala, kokaleku ezberdin gehiago izan zituen, hala nola, Kapitan-enea kaleko 24 zenbakian eta gero Oiartzunen, salmenta Erdiko Kalean zegoen eraikinean mantentzen zen bitartean.

Leoncio Lekuona negozioaren buru gisa jarri zen 1902. urtean, baina gazte hil zen, eta zazpi seme-alaba utzi zituen, oraindik txikiegi zirenak. Hori dela eta, hamalau urtez hildakoaren arreba Antonia eta koinatua, Garmendia, hitzartu zuten jarraipena Kapitan-enea kaleko egoitzan. Koskortzean, Leoncioren semeak, Genaro Lekuonak, lantegia berreskuratu zuen. Tokiko kontsumorako lan egiten zuen familia-enpresa bat zen, eta antzeko ezaugarriak zituzten beste lau enpresekin lehiatzen zen Errenterian: Albisu, Villarreal, Aduriz (lehenago Etxeberria) eta Garmendia. Banaketa zaldi batek eramandako gurdi batean egiten zen, eta 1933. urtetik aurrera furgoneta batekin.

Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Genaro Lekuona bere furgonetarekin intendentzia lanetan parte hartu zuen, Errepublikaren aldeko armada ogia hornitzen Durangon, bere bi arrebek, Balbina eta Pilar, Errenteriako okindegian jarraitzen zuten bitartean, hornidura arazo askori aurre egiten. Ondoren, Genaro atxilotu egin zuten, eta lan behartuak egin behar izan zituen 18. langile-batailoian, Guadalajaran, eta amaitutakoan soldadutza egin. Gerraostearen ondoren lehengaien hornikuntza-arazoak gainditu ondoren, izan zen leherketa demografikoaren ondorioz ogi eskari handiagoa zegoen, eta aurrerapen teknologikoetara moldatu beharra zegoen. Hori dela eta, enpresa eraikin egokiago batean birkokatu behar izan zen.

Horrela, 1963. urtean eraikin nagusia ibaiaz bestaldean altxa zen, fabrika bat eraikiz, Galletas Olibet lantegia zegoen orubearen zati batean.[1] Han, okintzaz gain, gozogintza alorra ere jorratu zuen lantegiak, eta orduko eskualdeko erraldoi gisa gailendu zen eremu horretan.[2]. 2007. urtean orduko instalazioak utzi, eta hirigunetik kanpo dagoen Masti-Loidi industriagunera lekualdatu zen lantegia, orubea Errenteriako Udalak eskuratu zuen bitartean.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Antton. (2008). «Lekuona desde 1858» Oarso 2008 (Errenteriako Udala): 22-28..
  2. .Fernandez Pérez, Zaida; Maceira Ochoa, Luz.- Galleteras y más: desde las vivencias hacia la historia. Huellas de las mujeres en el proceso de industrialización de Errenteria (siglos XIX-XX) Argitaratua Bilduma aldizkarian, 27 zk. orr. 74-75 (2015).ISSN 0214-624X
  3. (Gaztelaniaz) MUGA, Aitziber: Errenteria conservará el edificio de la panificadora Lekuona, Noticias de Gipuzkoa, 2007-07-22 [Kontsulta data 2021-06-27]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]