Asurbanipalen Liburutegia

Koordenatuak: 36°24′N 43°12′E / 36.4°N 43.2°E / 36.4; 43.2
Wikipedia, Entziklopedia askea
Library of Ashurbanipal» orritik birbideratua)
Asurbanipalen Liburutegia
Kokapena
Antzinako herrialdeaIrakeko Erresuma
Governorate of IraqNinawa
HiriaMosul
Antzinako hiriNinive
Koordenatuak36°24′N 43°12′E / 36.4°N 43.2°E / 36.4; 43.2
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaAssurbanipal
Objetu kopurua30.000 Buztinezko taulatxo

Asurbanipalen Errege Liburutegia, K.a.ko 7. mendeko testu bilduma handi bat osatzeko eraiki zen liburutegia izan zen; eta haren edukiak berreskuratu izan diren neurrian, antzinateko Mesopotamiako hainbat testuren jatorri dokumentala da egungo zientzia eta historialarientzat. Besteak beste, Gilgamexen Epopeia aurkitu da liburutegiko edukien artean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asurbanipal omenez, Neo-asiriar Inperioko azken errege handiaren omenez, buztinezko milaka tableta eta zatiz osatutako bilduma da, VII.a mendeko era guztietako testuak biltzen dituena.

Antzinako tradizio persiar eta armeniarren arabera, Alexandro Handiak, Asurbanipalen liburutegi handia ikusi zuenean, hartan inspiratu zen bere liburutegia sortzeko. Alexandro bere liburutegia sortu baino lehen hil zen, baina bere lagun eta ondorengoetako batek, Egipton agindu zuen Ptolomeok, Alexandriako Liburutegi ospetsua bihurtu zenaren hastapenak gainbegiratu zituen.

Liburutegiko edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkista militarrengatik ez ezik, Asurbanipal irakurtzen eta idazten zekien buruzagi jakintsu izateagatik ere bazen ezaguna, baita textu eta taulatxo bildumagile amorratua izateagatik ere. Bere liburutegirako testuak biltzeko, Mesopotamia osoko hiri eta ikastegiei leku bakoitzeko idatzizko lan guztien kopiak bidaltzea agindu zien. Aditua zen bai akaderan bat sumerreran. Idazlariak bidali zituen Neo-asiriar Inperioko eskualde guztietara antzinako testuak biltzeko. Jakintsu eta idazlari asko kontratatu zituen testuak kopiatzeko, bereziki jatorri babiloniarreko testuak.

Gerra ere erabili zuen bere liburutegia hornitzeko. Azti-lanei buruzko testuek sortzen zioten jakin-mina izan zen liburutegirako testuak biltzeko bere motibazio bat. Baliteke liburutegia osatzeko jatorrizko arrazoia "boterea mantentzeko beharrezkoak zituen erritu eta araoak eskuratzea" izatea.

Asurbanipalen liburutegiak 30.000 taulatxo inguru ditu, nahiz eta gehienak oso zatituta dauden. Taulatxo hauetako asko zigilu batekin daude markatuta, haren jauregikoak zirela adierazteko. Taulatxo gehienek legeak, gutuneria, beste herrialdeekin adostutako hitzarmenak, aristokrazia-aitortzak eta gai ekonomikoak biltzen zituzten. Gainerako testu batzuek azti-lanak, araoak eta hainbat jainkoren ereserkiak zituzten idatzita, eta beste batzuk medikuntzari, astronomiari eta literaturari buruzkoak ziren. Liburutegiko testu guztien artean, hamarrek besterik ez zituzten lan literarioak biltzen, hala nola epopeiak eta mitoak.

Asurbanipalen liburutegiko babiloniar testuak bi taldetan sailka ditzakegu: batetik, testu literarioak ditugu, hau da, azti-lanei, erlijioari, lexikoari, medikuntzari, matematikari eta historiari buruzko testuak, adibidez, eta bestetik, lege-dokumentuak. Lege-dokumentuen multzoan gutunak, kontratuak eta administrazio-testuak daude, eta 1.128 taulatxoz dago osatua. Testu literarioen multzoan 1.331 taulatxo sailkatu dira oraingoz; haietako 759 testutan azti-lanak agertzen dira, eta beste 636 testuk iragarpenak, orakulu-kontsultak eta antzekoak aipatzen dituzte.

Gilgamexen Epopeia, antzinako babiloniar olerkigintzako maisulana, liburutegi honetan aurkitu zuten, baina baita Enûma Eliš munduaren sorreraren mitoa, Adapa lehen gizonaren mitoa eta beste hainbat istorio ere, Nippurgo behartsuarena adibidez.

Bestalde, literatur-testuen artean testu lexikoak eta zeinu-zerrendak ere badaude. Hogei taulatxo zati daude zeinu kuneiforme arkaikoak A silabarioaren arabera antolatzen dituztenak, eta taulatxo zati bakar bat B silabarioaren arabera antolatzen dituena. Asurbanipalen Liburutegiko idazlari asiriarrek zeinu zerrenda horiek behar zituzten antzinako inskripzioak irakurtzeko, eta zerrenda hauetariko gehienak idazlari babiloniarrek idatzitakoak ziren. Niniven aurkitutako beste testu babiloniarrak epopeia eta mitoetan eta historia-testuetan sailkatzen dira. Matematikari buruzko testu bakarra aurkitu da bertan.

Testu gehienak akaderaz idatzi ziren, idazkera kuneiformean; hala ere, askotan zaila da taulatxo askoren jatorria zein den jakitea. Asko idazkera neo-babiloniarrean daude idatzita, baina beste asko asirieraz idatzita daudela ere badakigu.

Sarritan taulatxoak formaren arabera sailkatzen zituzten: lau aldeko taulatxoak finantza-transakzioetarako ziren, eta taulatxo biribilak nekazaritza-informazioa idazteko ziren (garai hartan, idatzizko dokumentu batzuk egurrezko eta argizarizko taulatxoetan ere idazten zituzten). Taulatxoak edukiaren arabera banatzen zituzten eta gela desberdinetan gordetzen zituzten: gobernua, historia, zuzenbidea, astronomia, geografia, eta abar. Taulatxoen edukia zein zen jakiteko, kolorezko markak edo idatzizko deskribapen laburrak erabiltzen zituzten, eta batzuetan baita "incipita" ere, hau da, testuko lehen hitzak.

K.a. 612an Ninive suntsitu zuen koalizioa babiloniarrez, eszitiarrez eta mediarrez, antzinako irandar herri batez, zegoen osatuta. Ustez, jauregia erretzen ari zen bitartean, sute handi bat liburutegira iritsi eta buztinezko taulatxo kuneiformeak partzialki egosiarazi zituen. Berez suntsigarria zen gertaera honek taulatxoak egoera onean mantentzen lagundu zuen. Buztinezko taulatxoez gain, baliteke beste testu batzuk argizarizko taulatxotan egotea idatzita, baina taula hauek, material organikoz eginda zeudenez, galdu egin dira.

Britainiar Museoko bildumen datubaseak Niniveko liburutegiko 30.943 taulatxo biltzen ditu, eta Museoak katalogo eguneratu bat kaleratzeko asmoa du Asurbanipalen Liburutegia proiekturako. Testu bakar bat osatzen zuten taulatxo zati txiki guztiak zenbatuz, baliteke Asurbanipalen liburutegiak guztira 10.000 testu inguru bildu izana bere garaian. Hala ere, liburutegiak ordu hartan gordetzen zituen dokumentuen artean larruzko biribilkiak, argizarizko taulatxoak eta beharbada papiro-orriak ere bazeuden. Beraz, baliteke gaurdaino iritsi zaizkigun buztinezko taulatxoetan biltzen den jakintza baino askoz gehiago bildu izana liburutegiak berez. Asurbanipalen liburutegiaren zati handi bat idazteko oholez zegoen osatuta, buztinezko taulatxoez baino gehiago.

Ashurbanipal Library Project (Asurbanipalen Liburutegia Proiektua)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mosulgo Unibertsitatearekin lankidetzan sortuta eta Townley taldeak finantzatuta, Britainiar Museoa Asurbanipalen liburutegian aurkitutako objektu guztien katalogo bat biltzen aritu da 2002az geroztik. Haien helburua liburutegiaren edukiak ahalik eta zehaztasun handienaz dokumentatzea da, zeinuen transliterazioekin, eskuz marraztutako kopiekin, itzulpenekin eta kalitate handiko irudi digitalekin.

Proiektua hiru fasetan burutu zen, eta emaitzak 2003an, 2004an eta 2014an kaleratu zituzten. Hamburgoko Unibertsitateko Jeanette C. Fincke doktoreak, antzinako ekialdeko ikasketetan, hititologian eta egiptologian aditua denak, lan handia egin zuen proiektu honen lehen bi faseetan. Lehen fasean, Finckek liburutegiko 3.500 idazketa babiloniarren taulatxoen zerrenda osatu zuen. Bigarren fasean, Niniveko hainbat testu astrologiko ere bildu zituen. Hirugarren fasean ezinbestekoa izan zen Riekel Borger irakaslearen laguntza, baina katalogoa osatu aurretik zendu zen, eta Andrew Mellon Fundazioari esker burutu zen lana 2009 eta 2013 artean, Jon Taylorren gidaritzapean. Azken fase honetan, liburutegiko taulatxo guztien bereizmen handiko irudiak sortu ziren. Irudi bakoitza sortzeko 14 argazki erabiltzen dira, eta horrela hiru dimentsioko taulatxoen bi dimentsioko irudikapenak egiten dira. Irudiak Liburutegi Digital Kuneiformearen Iniziatibaren (Cuneiform Digital Library Initiative) web orrian argitaratu dira, Britainiar Museoaren Bildumen webgunean.

2020az geroztik, proiektuak bi helburu izan ditu: lehenbizikoa katalogatutako taulatxoak elkartuz medikuntza-testuak berreraikitzea da, eta bigarrena taulatxoek behekaldean izaten dituzten idazlarien oharrak erabiliz taulatxo-bildumaren eskala eta tamaina estrapolatzea. Katalogoa oraindik ere eguneratzen jarraitzen dute, eta lan hau gauzatzeko ezinbestekoak izan dira hainbat kide eta proiekturen (besteak beste, Asiriako Estatu-Agiritegia, Iruzkin Kuneiformeen Proiektua, Testu Kuneiformeen Korpus Digitala eta Neo-Asiriar Aroko Errege-Inskripzioa) ekarpen materialak.

Aurkikuntza eta arpilatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburutegia Kouyunjikeko kokaleku arkeologikoan aurkitu zen, antzinako Ninive hiriburu asiriarraren parte zelatik toki hiri, Mesopotamiako iparraldean. Gaur egungo Iraken dago aztarnategia.[1][2]

Liburutegia Austen Henry Layard-ek egindako aurkikuntza arkeologiko bat dela esan ohi da. Bere eduki dokumental gehiena, idazkera kuneiformean aurkituako tableta gehienak, Ingalaterrara eraman zituzten eta orain Britainiar Museora daude.

Arpilaketa gutxi izan ez balitz, indusketetan, jatorrizko materialak kontu handiz ez manipulatzearen ondorioz, liburutegiko zati handi bat ordenarik gabe geratu zen, konponbiderik gabe ondorengo ikerlarientzat.

Museo britainiarraren bildumako datu-baseak 30.943 tableta zenbatzen ditu Níniveko liburutegiko bilduma osoan[3]. Berez testu berekoak diren zatirik txikienak kenduz gero, litekeena da "liburutegiak" guztira 10.000 testu inguru izatea.

Arpilaketa eta indusketan, gainera, liburutegiko jatorrizko tresna asko galdu ziren, larruzko tapak, argizarizko taulak eta, posible da papiroak galdu izana ere: tabletetakoaz aparte ezagutza asko galdu zen horrela.

2002. urtean Erresuma Batuak agindu zion Iraki pieza batzuen kopiak bidaliko zizkiola, Asurbanipalen Liburutegia berreraikitzeko plan baterako. Baina minimo hori egiteko ere, ordainketa eskatu zuen Britainiar Museoak[4]. Gerora, Irakeko gerra etorri zen, eta Liburutegia berregiteko planak berpiztu arren Iraken, materialak Londresen jarraitzen du[5].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Material hauek guztiak Londresko Britianiar Museoan daude.

Britianiar museoko erakusleiho bat, Mesopotamian arpilatutako materialekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Polastron, Lucien X.: "Books On Fire: The Tumultuous Story Of The World's Great Libraries" 2007, pages 2-3, Thames & Hudson Ltd, London
  2. Menant, Joachim: "La bibliothèque du palais de Ninive" 1880, Paris: E. Leroux
  3. Ashurbanipal Library Phase 1. Britishmuseum.org.
  4. (Ingelesez) British Museum welcomes Iraq library project. 2002-05-10 (Noiz kontsultatua: 2022-06-11).
  5. (Ingelesez) «Plans to revive ancient library in Iraq approach fruition» Egypt Independent 2011-08-18 (Noiz kontsultatua: 2022-06-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]