Longyouko haitzuloak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Longyouko haitzuloak
Longyou Xiaonanhai Shishi 2016.12.11 15-49-15.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Txinako probintziaZhejiang
Prefektura mailako hiriQuzhou
KonderriLongyou County
Koordenatuak29°3′36″N 119°10′48″E
Ezaugarriak
Sakonera30 m.
BisitagarriaBai

Longyouko haitzuloak Shiyan Beicun herritik hurbil, Txinako Zhejiang probintzian, Longyoun dauden haitzuloak dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992an Shiyan Beicun herritik hurbil, Txinako Zhejiang probintzian, herritar batek Longyouko haitzuloak aurkitu zituen. Urez beterik zeuden eta horregatik naturak sorturiko leize nahiz haitzuloak zirela uste izan zen hasieran, baina urez hustu ondoren gizakiak eraikitakoak zirela baieztatu zen[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurdaino 36 haitzulo aurkitu dira, 30.000 metro karratuko zabaleraz guztira. Haitzulo bakoitza harkaitzean zulatuta dago eta 30 metroko sakonera dauka. Haitzulo bakoitzean zutabeak daude, sabaia eta hormak eusten dituztenak, eta horma nahiz zutabe guztiak zizelarekin egindako marra paraleloz apainduak daude. Haitzulo guztietatik bat bakarra dago egun ikusgai, bertako hormetan zaldi bat, txoriak eta arrainak irudikatuta aurkitu direlako[1].

Ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerlariek, haitzuloek 2.000 urte baino gehiagoko adina daukatela ondorioztatu dute, baina gutxi gehiago: ingeniari, arkitekto, historialari nahiz geologoek ez dakite egun nork eraiki zituen, nola, ezta zertarako ere[1].

Haitzuloaren eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobak eraikitzeko milioi bat metro kubiko harkaitz atera behar izan zela kalkulatu dute zientzialariek, eta honek mila lagunen lana suposatu behar izan zuela sei urteren zehar gau eta egunez lan egiten. Honek jakina gizarte eta lanaren antolakuntza aurreratu bat behar zuen, eta enperadore edo antzekoren agindua izan behar zuela suposatzen da. Baina guztiak dira usteak, zeren, zenbat denboran zehar eraiki ziren jakiteko, erabilitako lanabesak ezagutu beharko lirateke, eta hauen inolako aztarnarik ez da aurkitu. Gainera, erauzitako harkaitzak non pilatu edo nora bota ziren adierazten digun aztarna arkeologikorik ere ez da aurkitu. Eta arraroena da, bi mila urte baino gehiagoko historiako dokumentuetan ez dela haitzulo hauen eraikuntzaren ezta existentzia beraren inolako lekukotzarik aurkitu[1].

36 haitzuloak ez daude elkarrekin komunikatuta, baina kilometro karratu bateko zabaleran daude guztiak. Honek haitzuloen arteko distantzia txikia dela adierazten du, eta haitzuloak banatzen dituzten hormak askotan meheak izan behar dutela, batzuetan 50 zentimetroko lodiera besterik ez daukatelarik. Hala ere ez dago behera erori den sabairik edo ganbararik, ezta kaltetutako edo arrakaladun hormarik. Inguruko lurretan bi mila urteren zehar uholdeak, gerrak eta bestelako gorabeherak gertatu badira ere, haitzuloak atzo bertan zulatuak izan balira bezala kontserbatzen dira[1].

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haitzuloen tamaina txundigarria da, diseinua, fina eta aurreratua, eta eraikuntza, garatua. Nahiz eta bata bestearengandik banatuta egon, haitzulo guztiak oso antzekoak dira eta adituek oraindik ez dakite egileek nola lortu zuten hainbesterainoko zehaztasuna, simetria eta antzekotasuna, lur azpian lan eginez. Egileek ezin zuten alboko haitzuloan egiten ari zena ikusi, baina aldi berean koba bat bestearekiko paraleloan eraiki behar zen, hormak zulatu ez zitezen. Izatez, haitzulo ezberdinak banatzen dituzten hormak lodiera oso antzekoa daukate eremu guztian. Honek eraikuntza guztien aurretiko planifikazio bat eskatzen zuen eta neurketetarako lanabes aurreratuak. Koba bakoitza gela erraldoi bat bezalakoa da; alde bat bertikala da eta bestea 45 graduko inklinazioa dauka; hormak lauak dira, bazterrak eta angeluak zehatz markatuta daude. Zizelaturiko apaindurak era berekoak dira haitzulo guztietako hormetan[1].

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilobiak izan balira, gorpuak edo bestelako hileta aztarnak aurkituko ziratekeen, eta ez da horrela izan. Lurrazpiko jauregiak izan balira, gela ezberdinetan banaturik egongo lirateke eta gainera ez dira eguneroko bizitzan erabili ohi diren objektuen aztarnak aurkitu. Meategia izateko ez dauka zentzu handirik horren eraikuntza sofistikatu eta apaindu bat egitea mineralak ustiatzeko. Beste teoria batek dio ejertzitoak ezkutatzeko leku bat izan zirela haitzuloak, baina kasu honetan ere ez da aurkitu haitzuloetan inor inoiz bizi izan zenik frogatzen duen aztarnarik[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g IBON LARRAZABAL, «Longyouko haitzuloak», Argia, maiatzak 29, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]