Lourdes Auzmendi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lurdes Auzmendi» orritik birbideratua)
Lourdes Auzmendi

Bizitza
JaiotzaAtaun, 1956 (67/68 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea eta politikaria
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea

Inguma: lurdes-auzmendi-aierbe-00

Lourdes Auzmendi Aierbe (Ataun, Gipuzkoa, 1956) itzultzailea, interpretea eta politikaria da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen 2010eko martxotik 2012ko abendura.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi senideren artean gazteena,[2] Euskadiko Ezkerreko zuzendarietakoa izandako Martin Auzmendiren arreba da.[3] Familia eta herri guztiz euskaldunean hazi zenez, txikitan gaztelaniaz ez zekien mintzatzen. Herriko eskolako maistrak gogor zigortzen zuen horregatik, eta hamaika urte zituela gurasoek Donostiako moja jesuiten kolegiora —Gipuzkoako burgesiaren alabak biltzen zituen ikastetxera— bidali zuten barneko ikasle, gaztelaniaz ikas zezan. Filosofia eta Itzulpengintza ikasiko zuen gero.[2]

Frankismoaren garaian etakide izana, Perturren bikotekide zen, ETA (pm)-ko buruzagi hori desagertu zenean (1976); geroztik, Pertur hil izana leporatzen dio ETAri Auzmendik. 1970eko hamarkadaren bukaeran, Zeruko Argiako kazetari izan zen. Gero Euskadi Irratian ere aritu zen kazetari. Yoyes adiskide mina zuen; ETAk hura hil zuenean (1986) Auzmendi jota geratu zen, eta, albistegietako aurkezle izatearen estresari aurre egin ezinda, Euskadi Irratia utzi eta itzulpengintzari heldu zion.[2]

1987an, EIZIEren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) sortzaileetako bat izan zen, eta elkarte horretako lehendakari ere bai aldi batez. 2001etik 2017. urtera bitartean Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritu zen lanean, Itzulpengintzako lizentziaturan.[4] Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 25 lan baino gehiago bildu dira.[5]

2004an, Aldaketa, Cambio por Euskadi plataforma sortzeko manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen Lourdes Auzmendi. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, plataforma horrek Patxi López hautagaiaren alde egin zuen; hautagai horrek hauteskundeak irabazita, Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuen Auzmendi, Ramon Etxezarretak zuzendutako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren barruan. 2010eko martxoan, Etxezarretak dimisioa eman zuenean, Auzmendi izendatu zuten sailburuorde.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]