Xabier Euzkitze

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze 2009an.jpg
Bizitza
Izen osoa Xabier Peritz Mendizabal
Jaiotza Azpeitia1966ko ekainaren 9a (51 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntza euskara
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Lanbidea
Lanbidea bertsolaria, kazetaria eta poeta

Xabier Peritz MendizabalXabier Euzkitze goitizenaz ezaguna— (Azpeitia, Gipuzkoa, 1966ko ekainaren 9a) kazetaria, euskaltzalea eta bertsolari profesional ohia da. Umetatik euskaltzalea eta pilotazalea, ogibide bihurtu ditu zaletasun horiek: ETB 1 telebista katean jarduten du, esku huskako pilota partiden emankizunetan esatari (gehienetan, Joxean Tolosa pilotari ohia lagun) eta hainbat umore nahiz elkarrizketa saioren aurkezle, betiere euskaraz. Euskal Herri osoan ulertuko den euskara batua erabiltzearen aldezle sutsua, betiere tokian tokiko aberastasunak jasota, euskalkiak maite baititu: gipuzkera da ondoen dakiena, baina lanaren eta lagunen bitartez bizkaieraz eta behe-nafarreraz egiten ere ikasia du. Nortasun handikoa, bertsolari zaharrek gogotik jo zioten adarra belarritakoak jantzita ibiltzen zelako, eta albistegiak belarritako eta guzti aurkeztu zituen lehen gizona izan zen ETBn.[1][2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotzaz azpeitiarra, ezkondu zenetik Zarautzen bizi izan da, eta Azkoitian —gurasoak bizi zaizkion herrian— du lagun taldea. Hain zuzen, Azkoitiko bere arbasoen Euzkitze baserritik datorkio goitizena, bere familiako beste askori bezala. Amarekin sartu zitzaion komunikazioaren harra, baita euskaltzaletu ere. Umetatik pilotazale amorratua, Azkoitira joaten zen esku huska jokatzera, Azpeitian ez baitzuen pilotaleku egokirik. 13-14 urte arte maila politean jokatu zuen, bai eta kopak eta txapelak irabazi ere, baina handik aurrera ezin izan zion mailari eutsi. Kolpe indartsurik ez zuenez eta eskuko minez ibiltzen zenez, garbi izan zuen pilotari profesionala izatera ez zela iritsiko.[3][1][2]

Gazterik hasi zen bertsotan nabarmentzen. Eskolarteko II. Txapelketa irabazi zuen lehenik, eta gazte mailako beste hainbat sari ondoren. Bertsolari Txapelketa Nagusian, 3. izan zen 1989an, eta txapeldunorde 1993an. Bertso irakasle ere ibili zen, Arabako bederatzi ikastolatan. Jendaurrean bertsotan gazterik hasi ez ezik, erretiratu ere halaxe egin zen: 1998ko abenduaren 11n, 32 urte besterik ez zuela, egin zuen azken saioa Soraluzen. Bertso saioetarako gogoa galduta eta bikotekidearengandik banantzeko prozesuan sartuta, bat-batean erabaki zuen azken saioa izango zuela hura. Orain, jendaurrean urtean behin kantatu ohi du, Zumaiako Artadi auzoan, Done Mikel egunez, irailaren 29an, hedabideetan agertu gabe; Aner semearekin ere aritzen da bertsotan, jendaurretik at; eta bertsoak idazten jarraitzen du, urtean 50 bat.[1][2]

Bien bitartean, kazetari hasia zen lanbidez. Lehen urratsak irratian egin eta gero, Euskal Telebistan hasi zen, eta hainbat saio aurkeztu ditu: Hi Heu, Gaur Egun 2 albistegia, Sorginen Laratza umore saioa, Kalaka elkarrizketa eta eztabaida saioa... 2010eko irailean Anitzele eztabaida saioa aurkezteari ekin zion. Halaber, 1988. urtetik ETB 1en esku huskako pilota emankizunen arduraduna da.

Bestalde, hainbat GKEtan lagundu izan du, eta Mendebaldeko Sahararekiko elkartasunean diharduen Saharautz erakundearen bozeramailea da.[4] Hiru seme-alabaren aita da, eta aldi baterako beste ume batzuk ere hartu izan ditu etxean, zituzten arazoei aurre egiten laguntzeko.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]