Luzaroko herri-guda
Luzaroko herri-guda edo bakunki herri-guda (txinera tradizionalez: 人民战争; pinyinez: rénmín zhànzhēng) Mao Zedongek Txinako Guda Zibilean asmatutako estrategia politiko-militar bat da. Herri-guda herritarren babesa bereganatzean eta arerioa herritarrek, higidura eta gerrilla guden bidez, garai dezaketen lekura erakartzean datza. Marxista-leninista maoisten aginpidea hartzeko epe luzerako borroka iraultzaile iskiluduneko estrategia da.
Herri-gudaren teoriaren oinarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luzaroko herri-gudaren oinarria norberaren indarrei eustean eta arerioarenak agortzean datza. Herri-guda hainbat idazlanetan aztertu eta ikertu izan dute Japoniar inperialismoaren aurkako borroka taktikari buruz (1935), Txinako guda iraultzailearen estrategia-arazoak (1936) eta Luzaroko gudari buruz (1938), besteak beste.
Etapak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guda beraren garapenak zehaztutako hiru etapaz osatuta dago:
- Babes estrategikoa: Gerrillen gudari eta nekazari iskiludunen taldeen hasierako eraketari lotutako aldia da. Gerrillariek, jaurlaritzaren makineriaren aurkako erasoen bitartez, herritarren babesa bereganatzen dute, eta propaganda zabalkuntzari ekiten diote.
- Oreka estrategikoa: Kokagune-gudari eta gudaroste iraultzailearen hazkuntza eta hedapenari lotutako aldia da. Guda-aginpidearen eta Estatuaren oinarrizko erakundeen aurkako erasoen indarraren handiagotzea dauka ezaugarri.
- Erasoaldi estrategikoa: Indar bitzuk gudaren amaierara hurbiltzen diren ohiko borrokaren aldia da. Liskar artezak eta hedatutako kontingenteak areagotzen dira. Etapa hau hirietan matxinada egiteko, jaurlaritza gainezteko eta herrialdea mendean hartzeko bideratzen da (Mao Zedong).
Txinatik kanpoko saioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vietnamgo gudan Hego Vietnamgo Askapenerako Nazio Fronteak herri-gudaren estrategia erabili zuen arrotzak kanporatzeko eta Vietnamen errepublika sozialista eta batua ezartzeko. Nepalen Nepalgo Alderdi Komunista (maoista)-k erabili zuen, baina, sozialismoari uko eginez, errege-erreginak bota eta alderdi anitzeko errepublika parlamentarioa itundu zuten. Perun Peruko Alderdi Komunista (Bidezidor Argitsua)-k, Indian naxalitek eta Filipinetan Filipinetako Alderdi Komunistak arteztutako Herriaren Gudaroste Berriak herri-gudako prozesuak bultzatzen dituzte.