Mafia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Palermon ustezko hainbat eta hainbat mafiosori 1901ean egindako epaiketa handiaren zirriborroa, L'Ora egunkarian argitaratua (1901eko maiatza).

Mafia edo Cosa Nostra (italierazko izena; «gure gauza» esan nahi du) organizazio kriminala da, XIX. mendearen erdialdean Sizilian sortua. Mafiako kideei mafioso deritze (italieraz, mafiosi). Erakunde mafiosoak Mendebaldeko kulturaren zati bihurtu dira, hainbat eta hainbat pelikula, liburu eta telebistako saioetan agertu baitira.

Mafiako kideek ohore araudia jarraitu behar dute: taldeko agintariek esaten dutena egin behar dute beti, elkarri lagundu, eta mendekua hartu erakundearen sekretuak zabaltzen dituenaren kontra (senide guztiengana zabal daiteke mendekua).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleonen gudarosteak Sizilia inbaditu zuenean, herriko aristokraziaren interesak zaintzeko sortu zen mafia. Ondoren, lur jabe handien esanetara zegoen polizia pribatu gisako zerbait bilakatu eta ezkutuko elkarte moduan antolatu zen.

Faxismoaren garaian, haren kontra jarri zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Siziliaren burujabetasuna eskatzen zuen higikundearen alde jarri zen.

XX. mendearen hasierako mafia Estatu Batuetan zabaldu zen, italiarren immigrazioa zela bide. Lege lehorrari esker, 1920ko hamarkadan, indar handia hartu zuten, 1980ko hamarkada arte galdu ez zutena. Estatu Batuetan duen adarrak, Cosa Nostra izenekoak, Estatu Batuetako drogaren, prostituzioaren eta jokoaren zati handi bat kontrolatzen du. Mafiaren interesak bai Italiako eta bai Estatu Batuetako politikari askoren interesekin bat datozenez, askotan ez dituzte arazo larriak izan justiziarekin.

1982an Palermon Carlo Alberto della Chiesa, mafiaren kontrako borrokaren buruzagi nagusia hil ondoren, Italiako gobernuak erakundearen kontrako neurri gogorrak hartu zituen. 1993ko urtarrilean Siziliako poliziak Salvatore Riina (dirudienez 1970-1990 bitartean mafiaren buruzagi nagusia izandakoa) atxilotu zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mafia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]