Manuel Arrillaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Arrillaga

Bizitza
JaiotzaPasai San Pedro, 1879
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaPasai San Pedro1961eko martxoaren 1a (81/82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakarraunlaria
1928ko Kontxako Bandera irabazi zuen sanpedrotarren kuadrillaren buru ageri da "Aita Manuel" (beltzez).

Manuel Arrillaga Arzak "Aita Manuel" (Pasai San Pedro, 1879Pasai San Pedro, 1961eko martxoaren 1a) traineru estropadetako patroi ospetsuenetakoa izan zen, 10 aldiz irabazi baitzuen Kontxako Bandera, lehena arraunlari zela eta beste bederatziak patroi lanetan.

Kirol ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pedroko traineruan hasi zen arraunean eta 20 urte zituela, 1899an, irabazi zuen lehenengo Kontxako Bandera. Lukas Iturralde zen orduko patroia eta Elkartean gordeta dagoen Banderan arraunali guztien izenak ageri dira bordaturik. 1906an San Pedroren beste garaipen baten berri badugu baina ezin da jakin Manuel Arraillagak bertan arraun egin ote zuen.

Patroi lanetan 1909an hasi zen eta 1917an Kontxako Bandera berria irabazi zuen San Juan eta Donostiaren aurretik. Hurrengo urteetan Donostia eta Orioren atzetik ibiltzea tokatu zitzaien pasaitarrei eta 1921ean San Pedrok eta San Juanek bat egitea erabaki zuten, patroitzarako bera aukeratuz. Traineruaren izena La Unión izan zen eta lehia estua izan zuten Oriorekin, izan ere lehen egunean 15 segundu atzetik izan ondoren bigarrenean 16 atera baitzizkieten oriotarrei. Garaipen honek animatuta hurrengo urtean formula bera errepikatu zuten, baina gauzak ez zitzaizkien ondo joan. Lehenengo jardunaldian Getaria nagusitu zen eta bigarren postuan berdinduta gelditu ziren Donostia eta Pasaia. Ohorezko txanda nork jokatu behar zuen erabakitzeko bien arteko desberdinketa estropada jokatu zuten eta Pasaiak erraz irabazi zuen. Hala ere donostiarrek protesta egin zuten, estropada honetarako pasaitarrek Hondarribiako bi arraunlari sartu zituztela esanez, eta epaileek Pasaia kanporatu egin zuten. Honen ondoren istiluak izan ziren Pasaiako auzo bien artean eta ez dira berriz inoiz elkartu.

1926an Ondarroak Kontxa irabazi ondoren 1927an gipuzkoarrak garaipen gosez zeuden. San Pedro nagusitu zen guztien gainetik eta berdindu ez den ratxa bati hasiera eman zion. 6 garaipen lortu zituen jarraian, Aita Sanpedrokua traineruak 1927 eta 1932 arteko bandera guztiak irabazi baitzituen. Orduan hasi zitzaion Manuel Arrillagari Aita Manuel ezizenez deitzen izan ere traineruan arraunlari zihoazen Manuel, Dionisio eta Antonio Arrillagaren aita, eta Paulino, Miguel eta Saturnino Arrillagaren osaba baitzen. 1933 eta 1934ko Kontxako Banderak Oriok eskuratu zituen baina Errepublika garaiko azkenengo bandera, 1935ekoa, berriz ere sanpedrotarrek irabazi zuten. Urte hartan oriotarrak ziren faborito, batez ere ekarri zuten traineru berriarengatik. Sanpedrotarrek protesta egin zuten arren epaileek ez zituzten beren kexak kontuan hartu. Oriok aurkezturiko trainerua oso arina zen, ur lasaietarako bikaina, baina itsaso txarra atera zen eta abiatu bezain laister, uharte parean, urez bete eta erretiratu beharra izan zuen. Hau izan zen Aita Manuelen azken garaipena.

San Pedroko patroi izaten jarraitu zuen 1945 arte.

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]