Donostiako arrauna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Donostia
Herria Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa
Klubak Empuje
Amaikak Bat
Chimparta
Loiolatarra
Esperanza
Jaizkibel
Ibaeta
Txapel Aundi
Kai-alde
Donostia AB
Fortuna
Ur-Kirolak
Arraun Lagunak
Kiriko AKE
Donostiarra
Kolorea      zuria (klubek beste hainbat)
Traineruak hainbat (ikus hemen)
Patroiak Luis Karril, "Kiriko",
"Soterotxo", "Famao"
Palmaresa:
Kontxako Banderak
TKE Ligak
Espainiako Txapelketak
Euskadiko Txapelketak

14
0
2
1
Donostiako trainerua, 1970eko hamarkadan, Kontxako Bandera jokatu berritan kaiko arrapalara iristen

Donostian kirol bizia izan da beti arrauna, tradizio handikoa eta talde ugari sortu dituena.

Palmaresean ikus daitekeenez, Donostiako arraunak, Kontxako Bandera asko irabazteaz aparte, arraun modalitate gehienetan txapelketa gorenak lortu ditu historian zehar. Horrela, Espainiako Txapelketak lortu ditu traineruetan, trainerilletan, bateletan, aulki mugikorreko kategoria guztietan, eta baita Mediterraneoko llaütetan ere.

Donostiako traineruek arrantzale kuadrilla eta arraun kluben zerrenda luzea osatu dute historian zehar (guztira 10 arraun elkarte donostiar baino gehiago aritu dira Kontxan), Donostian tradizio handiko kirola izan baita traineruko arrauna, kirol honen hasiera-hasieratik.

Arraun tradizionalaren garaian, arrantzale-kofradiek eratutako traineruen garaian, lehen mailakoak ziren traineru donostiarrak (Kontxako Banderaren lehen 30 edizioetatik 13 irabazita, hirugarrena da irabazleen sailkapen historikoan). Arraun modernoan ere, Donostian hainbat arraun klub izan ziren garaian, lehen postuetan izan dira bertako traineruak, azken urteotan nolabaiteko beheraldi bat nozitu badute ere.

Arraunketa olinpikoan, euskal aitzindariak izan ziren donostiarrak. 1920ko hamarkadan sortu zen Ur-Kirolak eta gure Euskal Herriko modalitate honetan era jarraituan aritzen lehenak izan ziren. Sorreratik bertatik Espainiako Txapelketa ugari lortu ditu klub donostiar horrek, Estatuko arraunketa olinpikoan historian garaipen gehien lortu dituztenen artean dago. Arraun Lagunak ere garaipen ugari lortutakoa da.

Tostako arraunaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patroi handiak (1879-1931)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian jokatutako estropaden lehen aipamenetako bat 1852an topa daiteke, abuztuko Amabirjinaren egunean (15ean) antolatutako estropada bat aipatzen denekoa[1][2]. Pentsa liteke donostiarrak ere izango zirela lehian. Traineru donostiar baten lehen aipamena 1853koa izan liteke (Baionan jokatutako estropada bati buruzkoa).

Hala ere, donostiarren benetako historia 1879an hasi zen, urte hartako Kontxako Banderan, historiako lehenean, parte hartu eta Lequeitiana traineru donostiarra irabazle izan zenean[3][4]. Arrantza patroien garaia zen traineru lehiaketen lehen urte haiena; eta horregatik, patroi handien izenak datozkigu oroimenera donostiarren garai haiek gogoratzean, hala nola Luis Karril, "Kiriko" eta "Soterotxo".

Donostiako traineruek historian izan duten mailarik onena garai honetakoa dela esan daiteke. XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX. mendeko lehenetan punta-puntakoak ziren traineru donostiarrak, Kontxako Banderan lortutako garaipen ugariek erakusten duten moduan (sarreran aipatu bezala, lehen 30 edizioetatik 13 irabazi zituen Donostiak, eta oraindik indarrean dagoen errekorra lortu zuten, jarraian 7 bandera eskuratuta 1883-1894 bitartean). Hauek dira garai horretako patroirik ezagunenak:

Juan Kruz Karril "Txorrolo"

Sakontzeko, irakurri: «Juan Kruz Karril»

1879an Kontxako historiako lehenengo bandera irabazi zuen Juan Kruz Karril patroiak, Luis Karril handiaren anaiak. Hainbat lekutan Pasaiako Avante agertzen bada ere lehen bandera horren irabazle modura, garaiko egunkariek argi uzten dute traineru donostiar bat izan zela garailea, Orioko bi traineruren aurretik geratuta[3][4][5]. Hurrengo urtean, 1880an, bigarren gelditu zen. 1889an eta 1890ean ere parte hartu zuen, baina Luis Karril anaia nagusitu zitzaion, eta 1892an, berriz, Kiriko.

Joxe Jabier Uresberueta

Sakontzeko, irakurri: «Joxe Jabier Uresberueta»

1883ko Kontxako Bandera irabazi zuen Angelita traineruarekin. Bigarren geratu zen 1898an eta 1906ko Kontxako Banderan ere parte hartu zuen. Luis Karril handiari irabazi zion 1882an Kontxako estropada batean, baina argitzeke dago Kontxako Bandera zen ala bestelako estropada bat zen. Donostiako portuan arrantza-baporeak sartu zituen lehen arrantza-patroia izan zen.

Jose Mari Iturriza

Sakontzeko, irakurri: «Jose Mari Iturriza»

1887ko Kontxako Bandera irabazi zuen Jose Mari Iturrizak. Iturriza abizeneko patroi batek beste edizioren batean parte hartu zuen, baina izena agertzen ez denez, ezin da jakin Joxe Mari ala beste urte batzuetan agertzen den Manuel zen.

Luis Karril

Sakontzeko, irakurri: «Luis Karril» eta «Donostia - Ondarroa traineru desafioa»

Donostiako arraunaren eta, oro har, traineru arraunketaren historiaren ikono handienetako bat da. 1889ko eta 1890eko Kontxako Banderak irabazi zituen Luis Karrilek, bai eta 1890ean Ondarroaren aurkako desafio ospetsu bat ere. Desafio hori guztiz sonatua izan zen, arraunketaren historian izan den sonatuena seguruenik. Baionako traineru batek bigarren desafio bat bota zion Donostiari, baina oraingoan Luis Karrilen mutilek galdu egin zuten, zirkunstantzia polemiko eta guzti. Porrot honen ondoren "Kiriko"k hartu zuen traineruaren ardura, Karrilek berak hala gomendatuta.

Luis Karril ezaguna da, era berean, heriotza tragikoa izan zuelako. Bere arrantza kuadrillarekin arrantzan ari zela, haize bolada bortitz batek txalupa irauli eta kroskoari eutsita iraun behar izan zuen luzaro, bere kuadrillakideak bezala. Hala ere, indarrak azkenean huts egin eta banaka-banaka asmatu eta itota hiltzen joan ziren. Arrantza kuadrillako lau arrantzale besterik ez ziren salbatu. 1892ko urriaren 19a zen.

Frantzisko Zubiaurre "Kiriko"

Sakontzeko, irakurri: «Frantzisko Zubiaurre "Kiriko"»

Garaipen gehien lortutako patroi donostiarra da "Kiriko": guztira 5 Kontxako Bandera lortu zituen. 1891n Donostiako traineruaren lema hartu eta 1891ko Kontxako Banderan garaile atera zen, 1892an eta 1894an bezalaxe. Hurrengo urtean, 1895ean, traineru donostiarrei debekatu egin zitzaien parte hartzea, azken urteetan nagusi zirenez (7 edizio jarraian irabazi zituzten 1894 arte, jarraian irabazitako Kontxako Banderen errekorra); horrela, antolakuntzak inguruko herrietako traineruak parte hartzera anima zitezen nahi zuen[6].

Kirikoren garaipenak ordea ez ziren amaitu: urte batzuetan traineru donostiarraren gidaritza utzia izan ondoren, 1910eko hamarkadaren bukaeran berriro ere traineruaren ardura hartu eta Kontxako bi bandera gehiago (1918 eta 1920) eta Abrako bandera sonatua (1919) lortu zituen[7]. Azken horretan egin zuen hain famatua den "Kirikoren ziaboga"[8].

Frantzisko Silva

Sakontzeko, irakurri: «Frantzisko Silva»

1897ko Kontxako Bandera irabazi zuen Frantzisko Silvak, eta hamarkada horretako beste ia edizio guztietan ere hartu zuen parte. Goian aipatu bezala, 1895ean Donostiari ez zitzaion Kontxan parte hartzen utzi, beste herrietako traineruek parte hartzeari uko egin ez ziezaioten; traineru donostiar batzuentzat beste estropada bat antolatu zen beste egun batean, kontsolazio gisa-edo, eta Silvaren ontziak irabazi zuen.

Patxi Bakeriza "Soterotxo"

Sakontzeko, irakurri: «Soterotxo»

1915ean donostiarrek ez zuten trainerurik ateratzeko asmorik, baina azkenean kuadrilla bat osatu eta Soterotxo jarri zen popan. Hirian ez zen ongi ikusten proiektua, Soterotxo kaxkariña izanik barregarri gelditzeko beldur baitziren bere kuadrillarekin[9]. Baina azkenean, pronostikoak hautsi eta garaile atera zen Donostiako trainerua. Urte hartan faborito nagusi zen Oriori burla egin zioten donostiar herritarrek, Orio irudikatzen zuen hilkutxa bat ere kaleetan zehar ibilita. Hurrengo urtean, 1916an, oriotarren atzetik bigarren geratu zen Soterotxoren trainerua, eta Orioko arraunlari batzuk, garaile zetozela donostiarren aurretik, horiei iseka eginez ziaka arraunean aritu omen ziren une batez[10].

Bigarren garaipen bat ere lortu zuen Soterotxok 1922ko Kontxako Banderan. 1923an berriz bigarren geratu zen, eta hurrengo urteetan ez zuen lortu emaitza aipagarririk.

Amaikak Bat eta Loiolatarra (1932-1946)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Amaikak Bat (Donostia)», «Empuje (Donostia)», «Chimparta» eta «Loiolatarra Kirol Elkartea»

1920ko hamarkadan arrantzale kuadrillen garaia amaitu zen, eta, hortik aurrera, klub edo elkarteen aroa iritsi zen Donostiako arraunera. Klub ugari izango ziren gerora Donostiako arraunaren historian, guztira 10 klub donostiar aritu baitira Kontxan traineruan.

1932an agertu ziren lehen aldiz horrelako elkarteak. Urte horretan, bi elkarte donostiarrek hartu zuten parte Kontxako Banderan, bakoitza bere izenarekin eta ez hiriaren izenarekin: Amaikak-Bat eta Empuje. Amaikak-Bat taldeak bigarren postua lortu zuen San Pedroren atzetik, eta laugarrena izan zen Empuje. Bietan Soterotxoren familiakoak ziren Bakerizatarrak zeuden patroi. 1933an berriz ere biek hartu zuten parte, emaitza eskasagoekin: Amaikak-Bat hirugarrena eta Empuje azkena.

Ordutik aurrera Amaikak-Batek bakarrik jarraitu zuen: 1934an laugarren izan zen, eta 1935ean bosgarren. Espainiako Gerra Zibilak eragindako hutsunearen ondoren, 1940an oso emaitza ona lortu zuen Amaikak-Batek: bigarren postua lortu zuen Eustakio Iraola "Famao" patroi famatuaren gidaritzapean, baina bigarren jardunaldian irabazle gertatuta. Koldo Mitxelena hizkuntzalari errenteriar ezagunak bertsoak jarri zituen kartzelan estropada hau zela-eta: 1940ko bigarren igandean garaile atera zen Donostiako trainerua, eta kartzelan hain pozik zeudenez donostiarrak, haiei burla egiteko bertso batzuk idatzi zituen. Hona sail horretako bertso bat:

« Aufa! Etzegok mundu guzian
gu bezelako mutillik!,
Gora Amaikak! Gora Donosti!
Gora Kiriko ta Karril!
Lagundu digun Santu berria
Jaunak dezala berekin!
Gora Pamao! Betor onera
iñon bada galtzadunik!
Eztator iñor ... Ez baitek jaio
donostiarren berdiñik.[11][12]
 »

1942an ere jardun zuen Kontxan Amaikak-Bat taldeak, baina emaitza apalagoekin. 1941ean Amaikak Batek ez zuen parte hartu, aurreko urtean izan zituzten diru-galerengatik, baina bertako arraunlari asko Chimparta taldean aritu ziren. Bereziki horretarako sorturiko elkartea izan zen Chimparta, eta Amaikak Bateko arduradunen laguntza ere izan zuten uretaratzeko.[13]

1940ko hamarkadan, beste traineru donostiar bat ere izan zen uretan Amaikak-Batekin batera. 1940an Loiola auzoko kuartel militarreko traineru bat sortu zen, auzo horretako Loiolatarra elkartearen bitartez. Urte horietan laugarren postu batzuk lortu zituen Kontxako Banderan. 1942an, itsas armadan soldadutza egiten ari ziren hainbat arraunlari bildu ziren traineru batean, Armada izenarekin.

"Famao" patroiaren urterik onena 1945 izan zen, Sindicato de Pesca de Guipuzcoa izenpean Teresita traineruarekin donostiarren lehen Espainiako Traineru Txapelketa irabazi baitzuen. Donostiarrak hasieran sailkatuta ez bazeuden ere, Pasai San Pedrok uko egin zion txapelketan parte hartzeari eta haren lekua Donostiak bete zuen. Txapelketa jokatu behar zen egunean oso itsaso txarra zegoen eta donostiarrak eta hondarribitarrak baino ez ziren ausartu ateratzera. Urte hartan, Kontxako Banderan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Donostiak.

Esperanza eta Jaizkibel (1947-1967)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Esperanza Kirol Elkartea», «Jaizkibel Kirol Elkartea (Donostia)», «Ibaeta (arraun-taldea)», «S.D. Txapel Aundi» eta «Kai-alde»
Esperanza taldeko arraunlariak Donostiako alkatearekin (1948)

1950 eta 1960ko hamarkadako klub donostiarrak izan ziren Esperanza eta Jaizkibel.

Esperanza Kirol Elkarteak 1947an egin zuen debuta Kontxako uretan, eta bera izan zen Kontxan donostiarren azken Bandera lortu zuena, 1950ean. 1949an Pedreñaren atzetik bigarren izan eta gero, 1950ean Zierbena zen faboritoa Kontxako bandera irabazteko; hala ere, zazpi arraunlari donostiarren oinarriari inguruko herrietako arraunlari batzuk batuta garaile atera zen Esperanza, Antton Korta "Pintxan" patroi zela. Urte horretan bertan Santanderreko Bandera ere irabazi zuten, Pedreña ahaltsuaren aurretik. 1958 arte jardun zuen klubak arraunean, eta emaitza politak lortu zituen, tartean 1949ko eta 1952ko bigarren postua. Horretaz gainera, beste modalitateak ere landu zituen, eta Espainiako Batel Txapelketa irabazi zuen 1948an.

Jaizkibel Kirol Elkartea 1960 eta 1967 urte bitartean aritu zen. Soldaduska egiten ari ziren gazteek osatu zuten trainerua, patroia Jose Urdanbide "Gorrión" izanik. 1961ean bigarren postua eskuratu zuten. 1962an, lehenengo egunean denborarik onena egin ondoren, faboritoak ziren bandera irabazteko. Hala ere, A Coruñako Generalisimoaren Kopa hobestea erabaki zuten, sariak hobeak baitziren han; Kopa hura irabazi zuten, baina Kontxan hirugarren gelditu ziren. Gainera, Kontxako bigarren jardunaldian beste zailtasun bat gehitu zitzaien: eguraldi txarra zegoen eta kanporanzko luzean palka haldu zuten; hala, bi arraunlari ura kanporatzen aritu zuren denbora luzez[14]. Hurrengo urteetan Galizian zein Donostian aritu izan ziren, eta emaitza hobeak lortu zituzten A Coruñan (bigarren 1963 eta 1965ean).

1961ean Ibaetak trainerua atera zuen. Trainerilla ateratzen zuen Gipuzkoako ligan, eta urte hartako ligan erabilitako arraunlariei Txapel Aundi taldeko hainbat elementu gehitu zizkieten Kontxarako tripulazioa osatzeko.[15][16]

Txapel Aundi arraun taldea ere aipatzekoa da 1960ko hamarkadaren hasieran, nahiz eta beste modalitate batzuk landu eta trainerurik ez atera: Martutene auzoko kirol elkarte honek hainbat garaipen lortu zituen trainerillan, sonatuena izanik 1962an lortutako Espainiako Trainerilla Txapelketa. Kai-alde elkarte donostiarrak ere trainerilla uretaratu zuen 1960ko hamarkadaren amaieran, eta Gipuzkoako Trainerilla Ligan parte hartu zuen zenbait urtetan.

Donostiarren arteko lehia (1968-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako Arraun Batzordea», «Donostia Arraun Lagunak», «Ur-Kirolak» eta «Fortuna Kirol Elkartea»

Jaizkibelen partaidetza amaitzean, ondorengo urte eta hamarkadetan beste klub donostiar batzuek hartu zuten lekukoa. Batzuk klub sortu berriak ziren, eta beste batzuk beste modalitateetan aritutako arraun klubak, trainerua uretaratzen animatu zirenak. Urte horietako denboraldi batzuetan, lau traineru ere izan ziren uretan urte berean: Donostia AB, Arraun Lagunak, Ur-Kirolak eta Fortuna. Donostia AB izan zen trainerua uretaratzen lehena, 1968an; Arraun Lagunakek 1971an uretaratu zuen lehen aldiz trainerua, Ur-Kirolakek 1982an, eta Fortunak 1983an.

Kontxako Banderarik lortu ez bazuten ere, oso talde lehiakorrak izan ziren horietako asko: beheko koadroan ikus daitekeenez, 1983-1994 bitarteko 12 edizioetan, 8 aldiz bi traineru donostiar izan ziren irailean Banderaren lehian, hau da, Donostiakoa izateagatik sailkatzen zenaz aparte bigarren traineru donostar bat sailkatu zen osteguneko sailkapen estropadan. Gainera, 1981-1994 bitarteko 14 edizioetatik 9 aldiz lehen lau postuetan sailkatu zen Donostiako traineruren bat, eta urteren batean bi traineru donostiar ere sailkatu ziren lehen lau postuen barruan. Klub horiek Kontxako banderan lortutako emaitzarik onenak: Ur-Kirolak bigarren 1983an, Donostia AB hirugarren 1981ean, eta Arraun Lagunak ere hirugarren 1991 eta 1992an. Donostia ABk Kontxako Banderarako Sailkapen estropada irabazi zuen 1976an, Klaudio Etxeberria "Gorria"ren gidaritzapean.

Garai hartan traineru donostiarrek lortutako garaipen handienak Arraun Lagunakek lortu zituen, 1992an: Euskadiko eta Espainiako Traineru Txapelketak lortu zituen urte hartan.

Bitxikeria gisa, esan behar da Donostia izan zela trainerua taldearen kolorearekin margotu zuen lehena. Lehen, herri eta tripulazio guztietako traineru guztiek krosko beltzak zituzten, eta XX. mendeko lehen urte batzuetan traineruren bat margotu izan bazen ere, oso aldi bakanak izan ziren, jarraipenik izateko bokaziorik gabe eta, noski, herriaren kolorea erakusteko asmorik gabe (izan ere, 1940 urtera arte herri edo talde bakoitzari ez zitzaion kolore finkorik esleitu). Horrela, Garin patroiak Donostiako kolorearekin, zuriz, margotu zuen 1969an Donostiako trainerua, kosta guztian lehen aldiz, esan bezala[17].

Kontxarako leku bat donostiarrei gordetzeko erabakia hartu zen eta, hirian traineru ugari zeudenez, 1983tik aurrera beraien arteko sailkapen estropada jokatzen hasi zen. Ur Kirolak sei aldiz nagusitu zen (1983, 1985, 1986, 1993, 1995 eta 1996an), Arraun Lagunak bost aldiz (1988, 1990, 1991, 1992 eta 1994an), Donostia birritan (1984 eta 1989an), eta Fortunak 1987an ez zuen jokatu beharrik izan urte hartako traineru donostiar bakarra izan baitzen.

Donostian 4 arraun klub izan ziren urteetako emaitzak (1968-1995):

Urtea Donostia AB Arraun Lagunak Ur Kirolak Fortuna
1968 Kontxan (4.)
1969 Kontxan (4.)
1970 Kontxan (7.)
1971 Kontxan (4.) Kontxan (5.)
1972 Kontxan (7.) Kontxan ez
1973 Kontxan ez
1974 Kontxan (7.) Kontxan ez
1975 Kontxan (5.)
1976 Kontxan (7.) Sailkapen estrop. irabazi
1977 Kontxan (8.)
1978 Kontxan ez Kontxan ez
1979
1980 Kontxan (7.)
1981 Kontxan (3.)
1982 Kontxan ez Kontxan (8.)
1983 Kontxan (5.) Kontxan (2.) Pasaian irabazi Kontxan ez
1984 Kontxan (7.) Pedreñan irabazi Kontxan (5.) Kontxan ez
1985 Kontxan (6.) Kontxan (4.) Kontxan ez
1986 Kontxan ez Kontxan (4.) Lekeition irabazi
1987 Kontxan (8.)
1988 Kontxan (8.) Kontxan (7.) Kontxan ez
1989 Kontxan (4.) Kontxan ez Kontxan (3.) Kontxan ez
1990 Kontxan (4.) Carmen irabazi Kontxan (7.) Kontxan ez
1991 Kontxan (3.) 5 bandera irabazi Kontxan ez Kontxan ez
1992 Kontxan ez Kontxan(3.), Espainia ta Euskadi txap. Bi bandera irabazi Kontxan ez
1993 Kontxan (6.), bi bandera irabazi Kontxan (5.), bi bandera irabazi Kontxan ez
1994 Kontxan (6.) Ligan (4.) Kontxan (7.) Ligan (6.) Kontxan ez
1995 Kontxan (8.) Ligan (12.) Kontxan ez
  • Hutsik dauden gelatxoek esan nahi dute klub horrek urte horretan ez zuela trainerurik uretaratu.
  • "Kontxan ez" esaldiak esan nahi du denboraldia osatu zuela klub horrek, baina emaitza aipagarririk gabe eta Kontxan sartu gabe.

Bateratzeak eta aldaketen beharra (1996-2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia Arraun Lagunak taldeko trainerua

1990eko hamarkadaren hasiera oso ona izan zen, eta urte horietan lortu zituzten donostiarrek azken aldiko Kontxako posizio onenak. Hala ere, hamarkada horretako erdialderako elkarteak ahalmena galduz joan ziren. Arraunlariak eta bestelako baliabideak metatzeko, taldeen arteko bateratzeak etorri ziren. Lehen urrats gisa Donostia Arraun Lagunak klub berria sortu zen 1996an, Arraun Lagunak eta Donostia AB batuta.

Hala ere, kluben zailtasunak areagotzen joan ziren, eta traineru bateratu bat ateratzeko proiekturen bat planteatu bazen ere, ez zuen behar adinako arrakastarik izan. Gerora, zenbait urtetan trainerua osatu gabe ere geratu zen klub bat edo beste. Nahiz eta 2003an Ur-Kirolakek Federazio Liga irabazi, kirol emaitzak apaltzen joan ziren pixkanaka baliabide eskasiaren ondorioz.

Gainera, TKE Ligaren sorreratik liga horretatik kanpora geratu izanak, nolabait zaildu egin zuen klub donostiarren kokapen hierarkikoa. Hori dela eta, are zailagoa gertatzen zen etxeko arraunlari onei eustea. Egoera horri irtenbideren bat eman nahian-edo, hiriko baliabide eta ekimenen indarra batu beharra zegoela ikusten zen.

Traineru bateratua (2008 - ...)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostiarra»
Donostiarra 2016ko Kontxako Banderan.

Indar bateratze hori, nolanahi ere, ez zen posible ikusten kluben arteko beste fusio edo bateratze baten bidez. Horregatik, lehengo klub donostiarrak bateratu ordez, klub horietako arraunlariak hiria ordezkatuko zuen traineru bateratu bakar batean biltzea erabaki zen. Horrela, 2007an Donostia Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak klubek Donostiarra (Kaiarriba) kluba eratu zuten, Donostiako traineru bateratua uretaratzeko. 2009tik aurrera Fortuna ere batu zen proiektu horretara. Fortunatik bereizi zen Kiriko AKE klubeko arraunlariak ere Donostiarran aritzen dira.

Sortu zenetik KAE-1 Ligan aritu da, helburua izanik TKE Ligarako play-offetan sailkatzea, eta 2016ko denboraldian lortu zuen sailkatzea lehen aldiz. 2015eko denboraldian lortu zituen lehen banderak, eta azpimarratzekoa da Espainiako Llaüt Txapelketa irabazi zuela 2013an. Kontxako Banderan, 2011ko edizioan lortutako 4. postua du posturik onena.

B traineruaren helburua traineru nagusirako arraunlariak trebatzea da, eta KAE-2 Ligan aritu da.

Arraunketa olinpikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan daiteke Donostia aitzindaria izan zela Euskal Herrian aulki mugikorreko arraunean, 1920ko hamarkadan hasi baitziren lantzen donostiarrak modalitate hori, arrakastaz sorreratik bertatik gainera, eta Estatu espainiarrean erreferente nagusia izan ziren luzaroan.

Espainiako Txapelketa irabazi zuen Ur-Kirolak arraun taldearen harrera, Konstituzio plazan (1964)

1922an sortu zen Ur-Kirolak, arraunketa olinpikoan aritzeko helburuarekin, hain zuzen. Hasieran 4+ itsas iola batean hasi ziren, eta, gerora, aulki mugikorreko kategoria guztiak lantzen hasi ziren. Urte askotan Espainiako aulki mugikorreko txapelketa eta Euskadiko txapelketa ugari lortu zituzten, eta Estatuko arraunketa olinpikoaren historian garaipen gehien lortu dituztenen artean dago klub hori: guztira 120 urrezko domina baino gehiago lortu dituzte Espainiako Txapelketetan eta 45etik gora Euskadiko Txapelketetan.

Azpimarratzekoa da 1959an lorturiko balentria: urte horretan senior mailako lau kategoria nagusietan Espainiako txapelketa lortu zen: 8+, 4+, 2+ eta 1x modalitateetan.[18] Ez da ahaztu behar, bestalde, Ur-Kirolakeko 8+ ontzia aritu zela 1960ko Erromako Joko Olinpikoetan Espainiako selekzio gisa. Eta klub horretatik sortu zen arraunketa olinpikoan hain garrantzitsua izadako Felix Erdozia arraunlari, entrenatzaile eta presidentea, Espainiako Federazioko presidente ere izan zena.

1965ean Arraun Lagunak sortu zen. Arraunketa mugikorrean aritzea izan zen, klub berri honen kasuan ere, lehen bokazioa, nahiz eta gerora tostako arraunketari ere heldu zioten. Bertako arraunlariek ere garaipen ugari lortu zituzten, Benito Elizalde eta Eulogio Genoba moduko Munduko Txapeldunak ere emanez.

Donostiako ontzien palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontxako Bandera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (14): 1879, 1883, 1887, 1889, 1890, 1891, 1892, 1894, 1897, 1915, 1918, 1920, 1922 eta 1950.
  • Bigarrena (18): 1880, 1892, 1894, 1896, 1898, 1899, 1901, 1903, 1909, 1916, 1923, 1924, 1932, 1940, 1949, 1952, 1961 eta 1983.
  • Hirugarrena (26): 1880, 1889, 1891, 1894, 1897, 1898, 1899, 1906, 1911, 1917, 1919, 1921, 1925, 1933, 1947, 1951, 1955, 1958, 1960, 1962, 1964, 1966, 1981, 1989, 1991 eta 1992.
  • Sailkapen estropadako irabazlea (1): 1976.
  • Sailkatua¹ (14): 1972, 1974, 1976, 1977, 1980, 1982, 1983, 1984, 1985, 1988, 1989, 1990, 1993, 1994

¹ Donostiarra izateagatik automatikoki sailkatuez aparte, sailkapen estropadetan sailkatuak

TKE Liga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (0)
  • Bigarrena (0)
  • Hirugarrena (0)
  • KAE 1 Liga (1): 2003 (Federazioaren Liga).
  • Euskal Liga (0): laugarren, 1994an.

Espainiako Traineru Txapelketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (2): 1945 eta 1992.
  • Bigarrena (1): 1965.

Euskadiko Traineru Txapelketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako Traineru Txapelketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (0)
  • Bigarrena (2): 1981 eta 2000.

Estropada zaharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako estropadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Handiak Generalisimoaren Kopa (A Coruña) (1): 1962
Zarauzko Ikurrina (0): bigarrena 1990ean
Nerbioiko Sari Handia (0): bigarrena 1992an
Etxekoak Karmen Eguneko Bandera (3): 1990, 1991, 1992
Fortuna Bandera (1): 1993
Donostia Arraun Lagunak Bandera (1): 2001
Ur-Kirolak Bandera (1): 2006
Lapurdin Biarrizko Bandera (1): 1993
Gipuzkoan Pasaiako Bandera (1): 1983
Zumaiako Bandera (2): 1991, 1992
Hondarribiko Bandera (1): 1991
Trintxerpeko Bandera (2): 1993, 2002
Orioko Bandera (Federazio Liga) (1): 2003
Bisiguaren Egunaren Bandera (1): 2015
Bizkaian Lekeitioko Bandera (1): 1986
Ondarroako Bandera (2): 1989, 2004
Sestaoko Bandera (1): 1991
Lekeitioko San Antolin Bandera (1): 1992
Areetako Bandera (1): 1993
Batera Ikurrina, Portugalete (1): 1998
Getxoko Bandera (1): 2003
Plentziako Bandera (1): 2003
Santurtziko Bandera (2): 2003, 2016
Lutxanako Bandera (1): 2006
Bilbo Hiriko Bandera (1): 2015
Nafarroan Nafarroako Bandera (1): 1978
Kantabrian Memorial Bedia (Pedreña) (1): 1984
Santanderko Bandera (2): 1989, 2003
Castro Urdialesko Bandera (1): 1991
Marina de Cudeyoko Bandera (1): 2001
Pontejosko Bandera (2): 2001, 2002
Santoñako Bandera (1): 2015
Galizian Vigoko Bandera (1): 1993.

Trainerillak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aulki mugikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediterraneoko Llautak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiarrak Kontxako Banderan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontxako Banderak 120 edizio izan ditu. Donostiako traineruren bat izan da horietatik 106 ediziotan, eta guztira 155 traineru donostiar lehiatu dira Kontxan. Palmaresean ikus daitekeenez, Donostiak 14 Kontxako bandera irabazi ditu, eta 59 aldiz sailkatu da Kontxan "podiumean", hau da, lehen hiru postuetako batean.

Donostiak du jarraian irabazitako Kontxako Banderen errekorra: 7 bandera irabazi zituen segidan (1883-1894 bitarteko denak).

Lehen urteetako arrantzale kuadrillez aparte, guztira Donostiako 12 elkartek hartu dute parte Kontxako Banderan.

Klub donostiarrak Kontxako Banderan aritutako aldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira arrantzaile-kuadrillen garaia amaitu ondoren Kontxan aritutako elkarte donostiarrak:

Kluba Zenbat aldiz
Arraun Lagunak 15
Donostia AB 15
Ur-Kirolak 14
Donostiarra 9
Jaizkibel 8
Esperanza 7
Amaikak Bat 6
Loiolatarra 6
Empuje 2
Fortuna 1
Ibaeta 1
Chimparta 1
Bestelako traineruak 71

Denbora onenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kluba Denbora Urtea
Arraun Lagunak 19:48.61 1991
Ur-Kirolak 19:50.62 1993
Arraun Lagunak 19:50.81 1992
Donostiarra 19:54.24 2012
Arraun Lagunak 19:56.89 1993
Kluba Denbora Urtea
Arraun Lagunak 40:11.11 1992
Arraun Lagunak 40:17.66 1991
Donostiarra 40:28.08 2012
Ur-Kirolak 40:36.39 1986
Donostiarra 40:38.28 2015

Kontxako bandera irabazi duten patroiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontxako Banderarik irabazi ez badute ere, aipatzekoak dira Espainiako Txapelketa irabazi zuten Famao eta Asier Lopez patroi donostiarrak.

Donostiako traineruen izenak Kontxako banderan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Kontxako Banderaren historia osoan zehar Donostiako taldeek estropadetan uretaratutako traineru guztien izenak.

Zerrenda honetan sartzen diren izenak Donostiako taldeek estropadara eramandako traineruenak dira. Izan ere, gogoan izan behar da duela hainbat hamarkada kluben traineruak trukatu egiten zirela bigarren jardunaldian; horregatik, gerta zitekeen Donostia adibidez oriotarren edo getariarren traineruekin aritzea bigarren igande horretan.

Bigarren igandeetako traineru horiek, beraz, ez daude zerrenda honetan; donostiarrek bere trainerutzat aurkeztutakoak besterik ez dira ageri (nahiz eta Donostian eginak ez izan edo beste herri edo klub batek Kontxara eramateko propio utziak izan).

  • 1879 Lequeitiana (Kontxako Bandera bat irabazi zuen lehen trainerua)
  • 1883 Angelita
  • 1887 Guipuzcoana
  • 1890 Invencible, Cariño
  • 1891 Illar Azala, Julio, Maria Cristina
  • 1892 Golondrina, Amigos, Nª Sra. de Lourdes
  • 1894 Donostiarra, Amigos, Lezo, Nª Sra. de la Paz
  • 1895 (*) Donostiarra, Santa Ana, Josefita
  • 1896 Moñoño, Aerolito, Santa Ana, Josefita, Santiago
  • 1897 Moñoño, Ramon y Saturnina, Agustina, Santa Ana, Nª Sra. del Pilar
  • 1898 Esperanza, Santa Ana, Agueda, Nª Sra. de la Paz
  • 1899 Donostiarra, Aerolito,San Francisco de Asis, Santa Ana
  • 1900 Joshepa Antoni, Virgen del Mar, A la aventura
  • 1901 San Jose, Corazon de Jesus, A la aventura
  • 1903 San Juan
  • 1906 Santa Maria, Patriarca San Jose, Glorioso San Pedro, San Juan
  • 1909 Guipuzcoa, Francisca
  • 1911 Nuestra Señora del Carmen
  • 1915 Luis Esperanza
  • 1916, 1917, 1922 Club Maritimo Donostiarra
  • 1918 Koruko Amabirjina
  • 1919, 1920, 1921, 1922 Nª Sra. del Carmen
  • 1923, 1924, 1925, 1926 Donostiarra
  • 1927 La moderna Orio
  • 1928 Virgen del Mar
  • 1929, 1930 Joshe Antoniyo
  • 1931, 1932, Koxkero
  • 1932, 1933 Joshemaritarra
  • 1933 El empuje donostiarra
  • 1934, 1935 Donostiarra II
  • 1940 Koruko Ama Birjiña
  • 1940, 1941, 1942, 1947 Loyolatarra
  • 1941, 1942 Amaikak Bat
  • 1945 Donostiarra
  • 1945 Teresita
  • 1947 Virgen del Coro
  • 1949, 1950 San Vicente (Kontxan irabazi duen azken traineru donostiarra)

1951-1972 bitartean, antolatzaileek ad hoc egindako traineruak erabili ziren Kontxan.

(*) 1895ean traineru donostiarrei ez zieten parte hartzen utzi, beste herrietakoek izen emateari uko egin ez ziezaioten. Erreibindikazio modura estropada bat egin zuten donostiarrek, eta traineru horien izenak ageri dira zerrendan.

Emakumezkoen traineruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako klubek izan zuten bere ibilbidea emakumezkoen ontzi txikietako tostako arraunean, eta, txapelketetan seniorrak eta juniorrak nahasita aritzen ziren garaian, Euskadiko eta Gipuzkoako Batel Txapeketak ere irabazi zituzten 1990eko hamarkadako urte batzuetan.

Trainerua osatu eta uretaratzeko lehen ekimen donostiarra 2009an izan zen. Urte hartan, Ur-Kirolakek emakumeen trainerua eratu zuen, eta lehen aldiz parte hartu zuten Emakumezkoen Kontxako Banderan, lehen jardunaldian (kanporaketan).[20]

Urte batzuk itxaron behar izan ziren emakumezkoen bigarren traineru donostiarra ikusteko: 2015ean uretaratu zuen Donostia Arraun Lagunakek eta 2017an Donostiarrak. 2016ko denboralditik aurrera, emakumezko traineru donostiarra zuzenean sailkatzen da, lehendik gizonezkoekin gertatu bezala.[21]

Ligetan, ez du Euskotren Ligara sailkatzerik lortu, eta Gipuzkoako Ligan aritu da.

Kontxako Bandera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (0)
  • Bigarrena (0)
  • Hirugarrena (0)

Emakumezkoen Traineru Liga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txapelduna (0)
  • Bigarrena (0)
  • Hirugarrena (0)
  • Gipuzkoako Liga (0): laugarrena 2016an.

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian antolaturiko estropadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan beharrik ez dago, Donostian antolaturiko estropaden artean nagusia da:

  • Kontxako Bandera: iraileko lehen bi igandetan jokatzen da, eta 1879an izan zuen lehen ekitaldia.

Izan dira eta badira, ordea, Donostiako arraun klubek antolaturiko bestelako estropadak, eta askotarikoak izan dira historian zehar. Honako hauek dira aipagarrienak:

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak eta oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. El Clamor Público egunkaria (1852-08-14)
  2. La Nación egunkaria (1852-08-20)
  3. a b Diario de San Sebastián egunkaria (1879-09-08)
  4. a b Diario El Urumea egunkaria (1879-09-09)
  5. AGUIRRE, Rafael (2002): 12
  6. AGUIRRE, Rafael (2002): 20
  7. AGUIRRE, Rafael (1972): 625
  8. AGUIRRE, Rafael (1972): 629
  9. [1] Auñamendi Entziklopediako "Soterotxo" sarrera
  10. ZAVALA, Antonio (2003): 130
  11. ZAVALA, Antonio (2003): 307
  12. [2] Koldo Mitxelenak kartzelan jarritako bertsoei buruzko artikulua, Donostiako arraunketaren inguruko blog batean.
  13. OBREGÓN, Angel (2015): 41
  14. AGUIRRE, Rafael (2002): 105
  15. OBREGÓN, Angel (2015): 330
  16. CIABOGA aldizkaria, 1961ko alea.
  17. AGUIRRE, Rafael (2002): 114, 247
  18.   «1959. Los supercampeones del Ur Kirolak», Diario Vasco, 2009-07-01, http://www.diariovasco.com/20090701/san-sebastian/supercampeones-kirolak-20090701.html .
  19. Castrok utzitako ontzia, hurrengo denboraldirako erosi eta Torrekua izena emango zioten traineru bera da.
  20. [3] Ur-Kirolakeko emakumeek Kontxako Banderan izandako lehen parte hartzeari buruzko artikulua, Donostiako arraunketari buruzko blog batean.
  21.   «Donostiako emakumezkoen traineruak bere postua ziurtatua izango du 2016ko Kontxako Banderan», Irutxuloko Hitza, 2015-07-22, http://irutxulo.hitza.eus/2015/07/22/donostiako-emakumezkoen-traineruak-bere-postua-ziurtatua-izango-du-2016ko-kontxako-banderan/ .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • AGUIRRE, Rafael (1972): Juegos y deportes vascos: "Estropadak, regatas de traineras" (Enciclopedia Ilustrada del País Vasco). Zarautz: Itxaropena, ISBN 84-7025-141-4
  • AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa, ISBN 84-7173-414-1
  • OBREGÓN SIERRA, Angel (2015): Historia de las traineras. 1939 - 1963. Del esplendor a la crisis. Santander. ISBN 978-84-608-4724-3
  • ZAVALA, Antonio (2003): Estropadak bertsotan. Auspoa Bilduma. Sendoa Argitaletxea, ISBN 84-95378-64-7

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]