Edukira joan

Marcel Dieulafoy

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marcel Dieulafoy

Bizitza
JaiotzaTolosa Okzitania1844ko abuztuaren 3a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1920ko otsailaren 25a (75 urte)
Hobiratze lekuacemetery of Terre Cabade (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Jane Dieulafoy  (1870eko maiatzaren 11 -  ezezaguna)
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaÉcole polytechnique
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakantropologoa, arkeologoa eta arte-historialaria
Jasotako sariak
KidetzaAcadémie des Inscriptions et Belles-Lettres

Marcel-Auguste Dieulafoy (Tolosa Okzitania, 1844ko abuztuak 3 - Paris, 1920ko otsailak 25) arkeologo frantsesa izan zen, ezaguna Susan 1885ean egindako indusketengatik (gaur egungo Shush, Iran) eta L'Art antique de la Perse izeneko bere lanagatik.

Gaztetako urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcel-Auguste Dieulafoy Okzitaniako Tolosan jaio zen noble bihurtutako familia kultu batean. 1863an, Marcel-Auguste Dieulafoy eskola politeknikoan hasi zen ingenieritza zibila ikasten. Graduatutakoan Frantziako errepide eta zubi bulegoan hasi zen lanean, Sour al-Ghozlane-n (orduan Aumale) Algerian. 1870ean Frantziara itzuli zen, Garona ibaiko nabigazio zerbitzuetako lanpostu batera. Urte horretan ezkondu zen Jane Dieulafoyrekin. Gerra franko-prusiarrean (1870-1871) ofizial ingeniaria izan zen Nevers hirian. Emazteak gerrara lagundu zion. Gerra ostean, Haute Garonneko departamentuko horniduren buru bihurtu zen eta 1874tik Tolosa hiriko udal zerbitzuetan.

Senar-emazteak familia kultoetatik zetozen eta Marcel-Auguste-k Algerian egindako denboran, Erdi Aroko eta erromatar garaiko arkeologian interesa garatu zituen. Eugène Viollet-le-Duc ezagutu zuen eta, haren zuzendaritzapean, lau urtez egin zuen lan Monumentu Historikoen Komisioan. Viollet-le-Duc-ek bultzatuta Dieulafoyk profesionalki arkeologian aritzea erabaki zuen. 1880an, Tolosan zeukan lanpostua laga eta gobernuko postu bat eskatu zuen Iranen. Emaztearekin joan zen hara eta elkarrekin egin zuten lan.

Susako indusketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiko gaixo iritsi zen Teheranera (Atenastik eta Konstantinoplatik barne) eta François Tholozan medikuak hartatu zuen. Laster, Susara joan ziren. Han, Dieulafoy senar-emazteek William Loftusek hogeita hamarren bat urte lehenago aurkitutako jauregiaren aztarnak aztertu zituzten. Argazki asko egin zituzten eta ohar ugari jaso. Jane Dieulafoy gizon erara jantzi zen Iranen egon ziren bitartean.

Susara egindako bidaia labur hark inpresio handia utzi zuen Dieulafoyrengan. Frantziara itzultzean, bere lan handiaren lehen liburukirako lana egiten hasi zen, L'Art antique de la Perse (‘Pertsiako antzinako artea’), 1884an argitaratu zena. Urte horretan bertan, Louvre Museoko Antzinateko Sail sortu berriaren eta hezkuntza ministerioaren (Ministère de l'Instruction publique) dirulaguntza bat eta armada frantsesaren laguntza logistikoa lortu zituen ikerketan jarraitzeko eta Iranera itzuli ziren senar-emazteak, Charles Babin ingeniariarekin eta Frédéric Houssay naturalistarekin. Tholozan izan zen baimenak lortu zizkiena (Qajar gorteko medikua garai hartan) Pertsiako agintariengandik, Susan ikertzen jarraitzeko (betiere, Danielene hilobia ez ikutzeko baldintzarekin). Aurrerago, adostu zuten aurkitutako aztarnak erdibanatzea Frantzia eta Pertsiako gobernuen artean, metal preziatuzko objektuen kasuan izan ezik.

1885 eta 1886ko neguetan egin zuten lan arkeologikoa. Indusketa arkeologikoak baldintza gogorretan eraman ziren aurrera. Lan taldea dendatan bizi zen eta eguraldi gogorraren menpe. Gobernuak ez zeukan kontrol handirik eskualde hartan eta, ondorioz, lapur taldeak libreki aritzen ziren. Edonola ere, Dieulafoytarren espedizioak arrakasta izan zuen: objektu ugari aurkitu zituzten eta gehienek Louvre Museoan bukatu zuten, Pertsiako gobernuak ez zuelako interesik adreilu eta mortairu zatietan. Frantziara bidali ez zituten gauzak desagertu egin ziren.

Dieulafoyrentzat are garrantzitsuagoa zen lekuko arkitektura. Zutabez inguratutako gunea zuen gela handi bat industea lortu zuen nahikoa arrakastaz (Apadana). Loftusek uste zuen Dario Handiak eraikitakoa zela eta ondoren Artajerjes II.ak berritu zuela.


Misioaren emaitzak argitaratu ostean, Dieulafoy-k Iranengan zuen interesa galdu zuen. Frantziako estatuko langilea izatera itzuli zen, trenbideen administrazioan postua hartuta. Ikasketa biblikoak hasi zituen. Inskripzioen eta Letra Ederren Akademiako kide hautatu zuten 1895ean eta Frantziako arkitekturaren historia eta Espainia eta Portugalgo antzinako eskultura ikertzen hasi zen.

Lehen Mundu Gerra hasi zenean, zerbitzu militarrera itzuli nahi izan zuen, 70 urte izanagatik. Rabatera bidali zuten Ingeniari taldeen koronel orde gisa eta han betrako meskitaren indusketa lanez arduratu zen. Emazteak lagundu zion hara ere, baina Jean Dieulafoy gaixotu egin zen eta Frantziara itzuli behar izan zen (1916an hil zen).

1919an, bere azken lana Daniel profetaz eta Belsasarri buruz idatzi zuen Daniel and Balthazar.

Hurrengo urtean hil zen, gaixoaldi motz baten ostean.

Pertsiako antzinako artea L'Art antique de la Perse

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcel-Auguste Dieulafoy oraindik ezaguna da bere lan honengatik: L'Art antique de la Perse, bost liburukitan argitaratu zena, 1884 eta 1889 artean.[1] Bere emazte, Jane Dieulafoyk, argazki ugari egin zituen Pertsiako hainbat lekutan: Ctesifonten, Pasargadaen, Persepolisen eta Susan. Irudi hauek ikerketarako baliabide handiak dira, duten kalitateagatik eta leku horietako asko gero sutsituak, gaizki zaharberrituak izan direlako eta hondatu egin direlako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • E. and J. Gran-Aymeric, Jane Dieulafoy. Une vie d'homme, Paris, 1991.
  • R. Cagnat, Notice sur la vie et les travaux de M. Marcel Dieulafoy, Institut de France, Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 1921.
  • S. Reinach, "Notice biographie et bibliographie," Revue archéologique 3, 1920, pp. 363–64.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]