Margaret Collins Weitz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Margaret Collins Weitz
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMargaret Collins Weitz
Jaiotza1929ko maiatzaren 24a (94 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Erresuma Batua
Familia
Ezkontidea(k)Morris Weitz (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Toledo (en) Itzuli
Aix-Marseille University (1896-1971) (en) Itzuli
Poitiersko Unibertsitatea
Ohio Estatuko Unibertsitatea
Harvard Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaDoktoretza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria eta akademikoa
Enplegatzailea(k)Suffolk University (en) Itzuli
Harvard Unibertsitatea
Jasotako sariak

Margaret Collins Weitz (1929ko maiatzaren 24a) Ipar Amerikako eta Britainia Handiko unibertsitate irakasle eta historialaria da. Frantziako kulturan eta frantses emakumeen historian aditua izanik, azken horiek historian, batez ere Frantziako Erresistentzian, jokatu zuten paperari buruzko ikerketak egin ditu.

Ezaguna da batez ere Sisters in the Resistance monografiagatik, 1995ean argitaratua eta hainbat hizkuntzatara itzulia. Weitz aitzindaria izan da gai honetan, eta liburuan Erresistentziako ehun bat emakumeren testigantzak bildu ditu.

Margaret Collins Weitz Harvard Unibertsitateko irakaslea izan zen 1970eko hamarkadan, eta gero Suffolk Unibertsitatekoa 2002ra arte, non Giza Zientzien eta Hizkuntza Modernoen saileko buru izan baita.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margaret Collins Weitzek, 1947ra arte, Toledoko (Ohio) St. Ursula Academyn ikasi zuen; 1947tik 1952ra, Toledoko Unibertsitatean eta, azkenik, Ohioko Estatuko Unibertsitatean. Unibertsitate horretan Giza Zientzietako lizentziatura lortu zuen 1953an. Ondoren, irakasle laguntzaile gisa lan egin zuen hizkuntza erromanikoen sailean.[1]

1954an [[Fulbright programa|Fulbright programaren]] beka bat lortu zuen, eta, horri esker, bi urte eman ahal izan zituen Frantzian literatura eta zibilizazio amerikarra ikasten, lehenik Poitierseko Unibertsitatean eta gero Aix-Marseilla-koan. 1958an, jaioterrira itzulti zenean, master bat egin zuen literaturan eta hizkuntza erromanikoetan, Ohioko Estatuko Unibertsitatean. Aldi berean, 1956tik 1959ra, irakasle-laguntzailea izan zen bere ikasketa-departamentuan. Ondoren, irakasle irakurlea izan zen eta, geroago, Literatura Konparatuko irakasle 1961etik 1969ra.[1]

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohioko Estatuko Unibertsitatean Morris Weitz filosofoa ezagutu zuen, eta harekin ezkondu ondoren, Boston ingurura joan zen bizitzera. Harvard Unibertsitatean matrikulatu zen, eta 1975ean doktoretza lortu zuen, berriz ere literatura eta hizkuntza erromanikoetan. Bost urtez Harvard-en irakatsi zuen zenbait sailetan: Hizkuntza eta literatura erromanikoak, Literatura konparatua, Ingelesa eta Humanitateak. Harvard-eko Eliot House unibertsitate-egoitzako tutorea ere izan zen. 1981ean alargundu zen.[1]

Margaret Collins Weitzen ibilbideak BostonekoSuffolk Unibertsitatean jarraitu zuen 18 urtez. Han 1984an sartu zen, Humanitate eta Hizkuntza Modernoetako irakasle elkartu gisa. Bere saileko zuzendari izan zen birritan, 1984tik 1994ra eta 1999tik 2000ra.[1][2] 2002tik bertako irakasle emeritua da.[1][3]

Bere ikerketetan, Margaret Collins Weitzek Frantziako zibilizazioa, kultura eta literatura aztertu ditu, emakumeei arreta berezia eskainiz. Historia intelektualaz ere arduratu da.[2]

Shakespeare Institute and other Francophone, French Library and Cultural Center of Boston eta Boston/Strasbourg Sister City Association erakundeetako kidea da.[1]

2002an erretreta hartu zuen, baina, oraindik ere, aldizka, Suffolkeko (Boston), Dakarreko (Senegal) edo Pragako (Txekiar Errepublika) campusetan irakasten du.[1]

Erresistentziako emakumeei buruzko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margarek Collins Weitz, Margaret W. Rossiterekin batera, Erresistentziako emakumeei buruzko ikerketa monografiko oso bat egin duten historialari bakarretako bat da. Era berean, Rossiter eta Paula Schwartz-ekin batera, gai horretan aitzindarietako bat da.[4] Weitz, Rossiter eta Schwartz-ek, hirurak Estatu Batuetakoak, 1980ko hamarkadaren amaieratik 1990eko hamarkadaren erdialdera arte argitaratu zituzten beren lehen ikerketak.[5]

Sisters in the Resistance liburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margaret Collins Weitzek, Sisters in the Resistance: how women fought to free France, 1940-1945 lanarekin, Frantziako Erresistentzian jardun zuten emakumeak ikusarazten lagundu du, haien parte-hartzea gutxietsia izan dela uste baitzuen.[5][6] Liburua aurreko hamarkadan hasitako ikerketa-lan luze baten emaitza izan zen.[6] Horretarako, elkarrizketa luze eta sakonak egin zituen borrokaren lehen lerroan aritu ziren laurogei emakumerekin —besteak beste, Lucie Aubrac-ekin eta Geneviève de Gaulle-Anthonioz-ekin —; horietako batzuek ordura arte ez zituzten inoiz jendaurrean azaldu beren esperientziak[5][7][8]; horregatik, Weitzek adierazi zuen «premiazkoa zela aktoreen testigantza erregistratzea»[6], batez ere mugimendu klandestino batzuek ez zutelako idatzizko iturririk utzi[9]. Monografian, testigantza horiek aurreko beste batzuekin lotzen ditu, gehienak Marie Granetek jasotakoak.[6][10] Bestalde, Weitzek emakumeek okupatzaile naziekiko frantsesen lankidetzan izan zuten parte-hartzeari buruz ere idatzi du, eta arlo horretan eskuragarri dagoen dokumentaziorik eza nabarmendu du; esparru honetan ere ikerketa lanari ekin dioten lehenetariko bat izan da.[11]

Sisters in the Resistance liburuaren frantsesezko bertsioa 1996an argitaratu zen, Jean-Françoix Gallaud-ek itzulita[12] eta Lucie Aubrac-en hitzaurrearekin[6]. Hiru urte lehenago, Margaret Collins Weitzek Aubrac-en autobiografiaren ingelesezko bertsioaren hitzaurrea idatzi zuen: Ils partiront dans l'ivresse: Lyon, mai 43, Londres, février 44 (1984).[13]

Liburuaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeak Erresistentziaren historiatik ezabatu izana, Margaret Collins Weitzen aburuz, neurri batean, esleitu zitzaizkien zereginengatik azal daiteke, zeregin femenino tradizionalen hedapen bat izan zirelako; Weitzek, adibide gisa, idazkariaren, lotura-ofizialaren edo klandestinoen anfitrioiaren lanak aipatzen ditu. Emakumeek parte hartu zuten sabotajeak eta ekintza armatuak, betiere, Weitz-en arabera, salbuespen bakan batzuk baino ez ziren izan.[5] Beraz, egia da emakumeek konpromisoa hartu zutela haien autonomia aldarrikatzeko eta okupazioari aurre egiteko, tradizionalki galarazita zituzten bitartekoen bidez[14]; baina, hala ere, Weitzen ustez, erresistentziak ez zien utzi beren egoeran aurrera egiten, eta 68ko maiatzera arte, hogei bat urte geroago, ez zen baldintzarik egon emantzipazio esanguratsurik gauzatzeko.[5]

Elkarrizketetan, erresistenteek beren konpromisoaren arrazoiak, zer ekintzatan parte hartu zuten, jasan zuten errepresioa, gerra ondoren bizitza zibilera itzultzea, eta baita harremanak eta auzokoen erreakzioak ere kontatu zituzten.[6][15]Weitzek dio batzuetan gertaera berari buruzko kontakizun kontrajarriak ematen zirela.[16] Sexualitateari buruzko erantzunak lortzea kostatu zitzaion, bereziki sexu-jazarpenari buruzkoak.[6] Suffolk Unibertsitateak elkarrizketen audio-artxiboak gordetzen ditu.[1]

Jasotako testigantzetatik ondorioztatu zuen, halaber, emakumeek gizonek baino gehiago irauten zutela torturapean hitz egin gabe, hobeto egokitzen zirela ezkutuko bizitzara eta malguagoak, irudimentsuagoak eta ekimen handiagokoak zirela beren ekintzetan, gizonek errespetu handiagoa baitzieten kodetutako gizarte-portaerei.[5][14]

Esker onak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Officière de l'ordre des Palmes académiques titulua, 1991n emana, Frantziako kultura sustatzeagatik.[1]
  • Chevalière de l'ordre national du Mérite titulua, 2003an emana, AEBren eta Frantziaren arteko harremanak sustatzeagatik.[1]

Margaret Wietzek hiru sari jaso ditu Suffolk Unibertsitatean[1]:

  • Phi Alpha Theta honor society-ren 1987. urteko irakaslea.
  • Intercultural Inititatives Award Saria, 1993an.
  • Heritage Medallion domina, 2005ean, erretiroa hartu baino hiru urte lehenago.

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Judith G. Frommer-ekin batera, Femmes et métiers, Audio-Forum, 1978 (Hiru kasete frantsesez, 103 minutu. Elkarrizketak Danielle Delfour haginlariarekin, Corinne Monod idazkariarekin eta Anne-Marie Bailly erizainarekin).
  • Judith G. Frommer-ekin batera, Femmes et métiers, Jeffrey Norton Publishers, 1979 (Hiru kasete frantsesez, 135 minutu. Elkarrizketak Josette Benoîte politikariarekin, Elisabeth Hoche ingeniariarekin, et Dominique Dupuis, zuzendari komertzialarekin).

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere zuzendaritzapean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (en) Celebrating human rights: papers from the Bicentennial Symposium on Human Rights, Boston, College of Liberal Arts and Sciences, Suffolk University, 1990, 82 or.
  • (en) Mémoire et oubli: women of the French resistance, Mont Bozeman, Contemporary French civilization (1. zk., 18. liburukia), 1994, 111 or.
  • (en) Weitz, Morris, Shakespeare, philosophy, and literature: essays, New York, P. Lang, «New studies in aesthetics» bilduma, 10. zk.), 1995, 182 or. (ISBN 978-0-8204-1679-3)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Margaret Collins Weitz» artikulutik itzulia izan da, 2022-09-25 data duen 197252404 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-09-25 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c d e f g h i j k (Ingelesez) Margaret Collins Weitz Papers (MS109), 1945-2006: A Finding Aid. Suffolk University (Boston), 16 or. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  2. a b (Ingelesez) Harvard University Center for European Studies. (1986). Directory of Affiliated Scholars. The Center (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  3. (Frantsesez) «Margaret Collins Weitz» data.bnf.fr (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  4. (Ingelesez) Waley, Leigh. (2009). «Clandestine operations: Odette Samson and Andrée Borrel, exemplary agents of the Special Operations Executive» in Fell, Alison S. (zuz.) French and francophone women facing war / Les femmes face à la guerre. Peter Lang, 123 or. ISBN 978-3-0391-1332-3..
  5. a b c d e f (Frantsesez) Sweets, John. (2019). «Les historiens anglo-américains et la Résistance française» in Douzou, Laurent (zuz.) Faire l'histoire de la Résistance.. Presses universitaires de Rennes ISBN 2-7535-6725-5. PMC 1125784099. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  6. a b c d e f g h (Frantsesez) Weitz, Margaret Collins. (1997). «Les Combattantes de l'ombre, Histoire des femmes dans la Résistance» in Prost, Antoine (zuz.) La Résistance, une histoire sociale. in: Mouvement social. Les Editions de l'atelier-Editions ouvrières, 417 or. ISBN 2-7082-3324-6. PMC 416864435. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  7. (Ingelesez) Hacker, Barton; Vining, Margaret. (2012). A companion to women's military history. Éditions Brill, 625 or. ISBN 978-90-04-21217-6. PMC 792941530. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  8. (Ingelesez) Lamont, William. (2005). Historical controversies and historians. Routledge ISBN 0-203-98079-4. PMC 559420963. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  9. (Ingelesez) Goldberg, Rita. (2013-05-07). Motherland: Growing Up with the Holocaust. New Press, The, 386 or. ISBN 978-1-62097-074-4. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  10. (Frantsesez) «Fonds Marie Granet (1940-1990)» FranceArchives (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  11. (Frantsesez) Simonin, Anne. (2009). «La femme invisible : la collaboratrice politique» Histoire@Politique (9): 93...
  12. Gallaud, Jean-François. (1996). Les combattantes de l'ombre : histoire des femmes dans la Résistance, 1940-1945. A. Michel ISBN 978-2-226-08889-5. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  13. (Ingelesez) «Outwitting the Gestapo | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  14. a b (Frantsesez) Carnaghi, Benedetta. (2014). «Virginia d'Albert-Lake, une Américaine dans la Résistance : Aspects internationaux et rôle des femmes dans les réseaux» Bulletin de l'Institut Pierre Renouvin 2014/1 (39): 113-127. (Noiz kontsultatua: 2013-03-15).
  15. (Frantsesez) Vingtième siècle. Presses de la Fondation nationale des sciences politiques 1984, 40 or. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
  16. (Frantsesez) Cohen, Monique-Lise; Dufour, Jean-Louis. (2001). Les Juifs dans la Résistance. Tirésias ISBN 978-2-908527-78-0. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]