Mari Jose Egiazabal Agirrezabala
Mari Jose Egiazabal Agirrezabala | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1947ko maiatzaren 3a (77 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Ama | Anixeta Agirrezabala Lekuona |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | sukaldaria eta tabernaria |
Mari Jose Egiazabal Agirrezabala (Oiartzun, Gipuzkoa, 1947ko maiatzaren 3a) Oiartzungo Altzibar auzoko Anixeta jatetxeko sukaldari ospetsua[1], 2016ko ekainaren 30ean jubilatu zen arte[2]. Neska koxkorretan, gaur egungo Albistur tabernan hasi zen lanean bere ama Anixeta Agirrezabala Lekuonaren bazterrean eta, gero, Anixeta tabernan[3] eman zion segida sukaldari moduan, sona handiko etxea bihurtuz.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Altzibar auzoko Albistur etxean jaio zen. Hiru senidetik zaharrena da, Maixabel bigarrena eta hirugarren senidea, Beatriz, umetan hil zen. Aita Tomas Egiazabal[4], Ergoien auzokoa zen, Zuloko errotakoa. Ama ere ergoiendarra zen, Militxo etxekoa. Gurasoak ezkondu zirenean Albistur tabernako goiko aldean jarri ziren bizitzen. Albistur taberna aurretik sagardotegia izan zen eta haren amak berriro zabaldu zuenean, taberna jarri zuen, baina jantokiari beti sagardotegia deitzen jarraitu zuten.
Haurtzaro eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama tabernaria eta aita esneketaria, txikia zenean Ergoien auzora eramaten zuten, aitaren etxera, han zaintzeko eta gurasoak errazago moldatzeko tabernako lanetan eta esne partiketan.
Berrogeita hamargarren hamarkadan, 9 urterekin egiten zen komunioa. Mari Josek komunio txikia egin zuenerako hasia zen amari laguntzen tabernan. Hamabi urterekin, berriz, normal-normal aritzen zen beharrean.
Hasieran, Ergoien auzoko eskolan ikasi nuen, Ayerdin. Kozkortu zenean, berriz, amak Donostiara bidali zuen, Notre Dame eskolara, frantsesa ikastera. Hala ere, tabernako giroak asebetetzen zuen. Hortaz, Batxilerra hasteko garaian utzi zituen ikasketak.
Gaztetan, haren lagun handienak mutilak ziren, tabernara joaten zirelako. Izan ere, garai hartan ez zegoen oso ongi ikusita neskak gerturatzea, ez ziren tabernan sartzen eta horregatik mutilekin zuen harremanik handiena, bereziki iturrioztarrekin. “Maixepa” deitzen zioten. Haren lagun minenak, hauexek ziren: Karla Lekuona Santxokoa, Ramon Urdanpilleta Sasenekoa iturrioztarrak; Javier Perurena, Joxan Goikoetxea… Altziabr auzoan ospatzen ziren igandeko erromerietan dantzara ateratzen zenean, mantala ez zuen soinetik kentzen.
Altzibar auzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendeko 50-60 hamarkadetan Altzibar auzoa oso ospetsua zen Oarsoaldea bailaran igandeetako erromeria zela-eta. Irundarreneko balkoian Manuel Urdanpilleta aritzen zen eskusoinua jotzen, igande arratsaldeetan. Gero, galarazi zen eta Zirikukuk eta Mari Joseren osabaren artean kioskoa egin zuten eta han Bikondoak jotzen zuen bere taldearekin. 530 pezeta (3,18€) kobratzen zuen. Diru hori ateratzeko, Anixetak tarta bat egiten zuen eta hura zozkatu egiten zen. Horretarako, Xalbador Larburu Ubixibarrekoak errifak egin eta saltzen zituen. Horrela ateratzen zen musika ordaintzeko dirua. Garai hartan, taberna asko zeuden Altzibarren: Xoteronekoa, Irundarrenekoa, Primonekoa, Arbidetarrena, Pottok ere taberna zuen… Horiek ere euren partea jartzen zuten, erromeria ordaintzeko. Jendea erruz etortzen zen Altzibarko erromeriara.
Komertzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mari Jose gaztea zenean, ez zen komertziorik falta Altzibarren: Xixario harategia; Irundarrene, denda eta jatetxea; Xotero dendan denetik saltzen zen, gasolinatik hasi eta aspirina arte; karrozeria ere bazegoen; Zalakain perratzailea; bi zerratoki ere bazeuden, Seinena eta Iragorrina; Bastero, jatetxea eta ostatua zena. Tabernak ere mordoska zeuden garai hartan: Primonekua, Pottonekoa, Xoteronin ere bazen, Bastero, Anixeta (Albisturrene zen). Pottonekuk ikatza ere saltzen zuen. Bizartegia ere ez zen falta; arraia saltzen Angela etortzen zen, kotxez. Okina ere bazen, Errandonea zaldiarekin. Txurreroa ere ezin da ahaztu: Pepe el churrero. Carbónicas Santa Clara Pitusa eta Papelera entrepresak... ere.
San Pedro jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Pedro jaiak sona handia zuen garai hartan. Gainera, orduan jai eguna izaten zen ekainaren 29a. Lertxuna jartzen zen, Albistur tabernaren aurrean. Iturriotz auzoan oraindik mantentzen da usadioa. Asto-karrera ere egiten zen. Horretarako, auzoko emakumeek zintak bordatzen zituzten propio. Martintxo plaza ixten zen eta zezena toreatzen zen. Manolak ateratzen ziren zaldi-gurdian. Behin, ordea, Martin toreroak kale egin eta zezena Xixario Zalakain harakinak hil zuen, lertxunari lotu ondoren. Ez da arraroa, hortaz, Altzibar auzoari 'Madrid txikito'[5] deitura ematea. Zezena akabatu ondoren, festetako arduradunek erre egiten zuten eta auzoko ume guztiak ogi puska batekin ilaran jarri eta xerra bana ematen zieten. Auzotar guztien artean zezena jaten zuten. Anixeta tabernan urte guztiko etekinak berdintzen zituzten jai eguneko irabaziekin. Prestaketa lanetan ibiltzen zirenak Otarreseneko Esteban Seinen aita, Manolo Arbide, Basterokua... izaten ziren[6].
Anixeta jatetxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klarene Berri etxean kokaturik, Anixeta jatetxeak oso ezaugarri bereziak zituen: mahai sinpleak, baita aulkiak ere, mantela paperezkoa, toki gutxi… Hala ere, Mari Josek sona handiko jatetxean bihurtu zuen. Bertan lan egiten zuten Joxe Mari senarrak eta Mari Josek; Idoia Roma, alabak; Mirari Pikabeak, alabaren lagun minak. Ainara Ballesteros iloba ere denbora luzez aritu zen beharrean. Eta sukaldean ontziak garbitzen aritzen zen Itziar Irastortza. Sukaldean Mari Josek bakarrik lan egiten zuen, eta egunero 60-70 lagun zituen bazkaltzen.
Hasieran, langileei bazkariak prestatzen zieten… eta berehala bezero finkoak izan zituzten egunero: Haurtzaro Ikastolako, Elizaldeko, Zamalbideko… irakasleak esate baterako. Anixetanean aurkitu zuten euren tokia, beren etxean bazeuden bezala egokitzen ziren. Talde bakoitzak bere mahaiak zituen… Mari Josek eguneroko otordua prestatzen zien, etxean egiten den moduan. Zegoena jan behar zuten, ez zegoen aukeratzeko modurik. Udan, egunero entsalada; gero, berdura eta potajea. Izan ere, bazeuden bezeroak egunero potajea jan behar zutenak. Hori bai, egunero diferentea, baina potajea. Gero, arraia, haragia, oilaskoa… Eta postrea, denborarik bazuen edozein postre prestatzen zien. Bezero bakoitzak bere neurrian jaten zuen.
Asteburuetan, berriz, menu berezia eskaintzen zuen, baina beti berdina sukaldeak ez zuelako gehiagorako ematen. Ostiral gaua eta larunbateko bazkaria eta afaria izaten ziren. 80 lagun elkartzen ziren aldi bakoitzean eta horregatik jarri zuen beti menu berdina, dena oso ongi programatuta. Hasteko, udaran entsalada txangurruarekin; arrainarekin egindako pudinga; piper beteak; txangurro krepak; mariskoa (lanpernak eta ganbak); legatza edo bakailaoa piperrekin; txuletak; beranduago txerri hankekin hasi zen, arrakasta gaitzarekin. Postretarako, berriz, sagarraren budina helatuarekin eta tarta. Azkenerako, kafea…[7]
Bezeroen artean gogoan ditu Txaro Arteaga, Emakundeko lehendabiziko zuzendaria, eta bere senarra, egunero etortzen ziren, bazkaltzera. Azken orduan etortzen zirenez, Mari Joseren senarrarekin batera bazkaltzen zuten, etxekoak bezala. Lehenengo bezeroak, berriz, Uharteko errotan apopilo zeuden bi gailego izan ziren, Pájaro eta Villanueva, Arditurriko minetan lanean aritzen ziren langileak. Anixetanean hasi ziren otorduak egiten, afaltzen lehendabizi; gero, bazkaltzen ere bai. Azkenerako igandeetan ere bertan bazkaltzen zuten, baita Eguberrietan ere. Etxekoak bezala ziren. Guztira 30 urte baino gehiago egin zituzten.
Bertsolariak ere bezero handiak ziren. Antton Kazabon eta Mikel Mendizabal oso maiz etortzen ziren gaztetxoekin, gero bertsolari handiak egin direnak (Amets Arzallus esate baterako). Andoni Egaña ere bezero fidela zen, baita Jose Joakin Mitxelena[8] eta Jose Luis Lexoti bertsolari oiartzuarrak ere.
Merezitako omenaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016ko XXVI. Sagardo egunean, antolatzaileek omenaldia egin nahi zioten baina Mari Josek ezezkoa eman zien. Harentzat, omenaldirik handiena, amaren eskutik, 40 urtez bezero berak izatea izan zen, leku berberan. Hortaz, azkenean txotx irekieran oholtza gainera Idoia Roma alaba eta Ainara Ballesteros iloba igo ziren eta sagardoa dastatu zuten Jexux Aduriz antolatzailearekin batera[9].
Era berean, Joxan Alberdi San Martin bezeroak ondoko bertsoak eskaini zizkion omenaldi moduan (Donua: "Lengo batean amona zahar bat").
Bederatzi urte ta hadi, hadi!
ama ta aitari begira.
Tokatu bait zitzaion jaiotzez,
Oiartzun du bere herriya.
Gora ta behera behera ta gora
hainbeste jende ezautzia.
Eskolara joan pittin baten,
bainan etxin geldittu behar.
Jarri zioten Mari Jose
izenak doble ta horrela,
pasatzen dago nere bizitza
pasatu zuzenki, formal.
Pixkat urduri bera dago ta...
bukaera iristen ari da.
Larai, larai, larai, larai...
bukaera iristen ari da.
Denbora pasa ta maitemindu...
Joxemaikin ezkondu zan.
Bere laguna, bere senarra,
bere konplize askotan.
Zenbat historio hainbat eskarmentu
elkarrekin pasatuak.
Ta niri hainbat ta hainbat urtetan
bazkaria, tratu ona eman.
Nola ahaztu hainbeste une...
ama eta biek sukaldian.
Benetan existitu ezkero
gia Mitxelin "lau izarrak",
Anixetari emango nioke
zalantzarikan ez izan.
Larai, larai, larai, larai
zalantzarikan ez izan.
Denbora aurrera dijoa ta
esan dute_ nahiko, jada!
Uztailan jarri dute epea,
bizi berri bat hastear.
Beti izango duzue gure
hurbiltasuna noski, bai!
AGUR ta OHORE esan nahi dizuet,
AGUR ta OHORE berriz, ai!
Nire gogokua zuentzako...
bizitza oparo izateak.
Ta nire ustez, xume ustetan
ongi ibiliko zeaztela.
Orain arte ongi egin dunak
gerora egingo du ere bai.
Larai, larai, larai, larai...
gerora egingo du ere bai.
Elkarrizketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oiartzun Urtekaria 2024 (81-90 or.) [10]
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «ANIXETA JATETXEA | SIGE: Oarsoaldea» oarsoaldea.geis.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2016-07-21). «Altzibar auzoko 'Anixeta' tabernak bere ateak itxiko ditu hilaren 30ean» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Restaurante Aniseta» Minube (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ Txantiloi:Euskara eta gaztelania «Oarso» Oarso (Errenteriako Udala) 25: 140..
- ↑ (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2015-07-03). «Altzibarko Billera elkartearen urrezko ezteiak» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ (Ingelesez) «2016 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-09-15 (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ Capitanfood. (domingo, 13 de enero de 2013). «CapitanFood España: GUIPUZKOA (OYARTZUN) : Restaurante "Anixeta"» CapitanFood España (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ Kazabon, Antton. (1996). Jose Joakin Mitxelena bertsolaria (1924-1988). Auspoa, 175-179 or. ISBN 84-89080-45-3..
- ↑ (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2016-05-29). «Hamabost sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ «Oiartzun Urtekaria 2024» Oiartzun Urtekaria 2024 (Oiartzun: Oiartzun Udala) 54: 81-90..