Maria Illarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Illarra

Bizitza
JaiotzaOiartzun, 1542 (481/482 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak

Maria Illarra (Ezizenez, Mayora) (Oiartzun, Gipuzkoa, 1542) Hondarribiako sorginen taldekoa izan zen eta 1611ko maiatzaren 6an ustezko sorginen aurkako prozesuan epaitua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo Illarra baserrikoa zen. Horrela dago jasoa egindako prozesuaren jatorrizko testuan eta jaiotza data bera agiri beretik ondorioztatzen da, 1611ean egindako epaian 69 urte zituela azaltzen delako.[1]

Gaztetan Hondarribiara joan zen bizitzera. Eskalea zela aipatzen da, bere etxea hiribilduko pobreenetako bat omen zen, harresian jende gutxien zebilen aldean kokatua.[1]

Edouard Moyse - Inquisition

Hondarribiako emakume askorekin gertatu zen bezala laster hasiko ziren berari ere sorgin izaera leporatzen. Modu eramangarrian hasieran baina 1609an, Mariak 67 urte zituela, Pierre de Lancre magistratuak bortizki eragingo zuen inguruan eta sorgina izatea leporatuta Hondarribian atxilotu zuten bertako beste emakume batzuekin batera. Ezkongabea zela uste da, izan ere, epaiketan, beste emakume akusatuetan ez bezala, ez da senarrik aipatzen, ezta alarguna denik esaten ere; hortaz, emakume ezkongabea izango zela pentsa daiteke.[2]

Lapurdiko sorgin-ehiza eta Pierre de Lancre[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre de Lancre Bordeleko magistratua izan zen. Muturreko fanatismoak menderatua, satanismoa euskal kulturaren berezko fenomeno gisa deskribatzen zuen.[3]

Lapurdin sorgin-ehizan aritu zelako egin zen ospetsua 1609an. Berari leporatzen zaio ustezko 80 sorgin erretzeko agindua eman izana. De Lancreren usteak haurren eta zaharren edo torturapeko helduen deklarazioetatik lortuak izan ziren. Gainera, itzultzaileak erabili behar izan zituen, ez baitzuen euskara ulertzen. Caro Barojak adierazi zuen bezala, "batzuetan izenak gaizki transkribatzen ditu" eta "badirudi euskarazko hitz batzuen esanahia ez duela adierazpen zabal batean ulertu". Modu horretan ondorioztatu zuen De Lancrek Lapurdin sorginkeriaren marka zeramaten hiru mila pertsona baino gehiago zeudela. Luis XIII.a Nafarroakoaren garaia zen, eta sorgin-epaile batek Euskal Herrian egin duen triskantzarik handienetakoa egin zuen. Lancre eta bere menpekoak Lapurdira iristeak ikaragarrizko izua eragin zuen eta familia asko Nafarroara joan ziren[4] eta beste hainbat inguruko herrietara, Hondarribiara kasu.[5]

1611. urtea. Hondarribiako sorgin-epaiketa.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarribiko udal-agintariek bideratuta, 1611ko maiatzaren 6an, María Illarra, María Etxegaray, María Garro eta Inesa Gaxen ustezko sorginen aurkako prozesu bat burutu zen, maiatza eta urria bitarte iraun zuena.[6]

Akusatuen izenek historia zabaldu zuten, sorginkeria-prozesu hori transkribatu eta gorde egin baitzen. Emakume hauek «Hondarribiko Sorginak» izenez ezagutu ziren.[7]

Guztiak ziren herriko bizilagunak, Pierre Lancre inkisidoreak Lapurdin egindako errepresiotik ihesi iritsi ziren emakume asko Hondarribiara. Aipatutakoen artean, Inessa Gaxen nabarmentzen da, 1566an Baxenabarreko Bastida herrian jaioa. Sorginkeria leporatuta, Hondarribian babestu zen eta Pedro Sanzekin ezkondu zen.[8]

Akusatzaileak 8 eta 13 urte bitarteko haurrak izan ziren, hara nola Jacoba Estakonak (11 urte), Maria Josefa Elizaldek (8 urte), María Alzueta eta Isabel Garciak (13 urte) eta antzeko adina zuten beste lekuko batzuen salaketen ondorioz epaitu zituzten, akusatuek sorgindu zituztela eta akelarreetara joan zirela esanez.[9]

Galdeketak, mehatxuak eta torturak jasan zituzten sorginak zirela aitortzeko. Inessa Gaxen bakarra izan zen sorgin izaera onartu ez zuena. Hala ere Hondarribiko epaileek Logroñoko Ofizio Santuko Auzitegiaren esku utzi zuten kasua 1611ko ekainaren 13an, eta absolbitu egin zituzten guztiak. Baina Hondarribiako agintariek erabakiarekin konforme ez eta beste bi emakume gehiagorekin batera, Hendaiara erbesteratu zituzten 1611ko urrian. Hortxe galdu zen euren arrastoa.[8]

Maria Illarraren akusazioak eta epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarribiako sorginen taldekoa izan zen. Beste emakumeei bezala, sorginkeria leporatuta bere etxean atxilotu zuten, hiriko harresiko zati pobreenean kokatuta zegoen etxean. Hondarribiko udaletxeko aretoan epaitu zuten 1611ko maiatzaren 6an. Sancho Ubilla eta Gabriel Abadia Hondarribiko alkateak izan ziren epaileak.

San Telmo gaztelua Hondarribia

Maria Illarak 69 urte zituen sorgina izatea leporatu ziotenean. San Telmo gazteluan (Piraten gaztelua edo Higerreko gaztelu bezala ere ezagutzen da)[10] eduki zuten preso. Lekuko gisa, neska adingabeak; horietako bat Isabel García zen, 13 urtekoa, Diego García sarjentuaren alaba.[1] Isabelek salatu zuenez, iluntzean, bera jada ohean zegoenean, Maria etorri zitzaiola, oin batetik heldu, eta leihora eraman zuela arrastaka. Adierazi zuenez, besapean ukendu bat igurtzi ondoren, lepoan hartu eta hegan eraman zuen hiribilduko teilatu eta etxe guztien gainetik Jaizkibeleko Santa Barbara ermitaren ondoraino. Lurrean utzi eta argitasun handia ikusi omen zuen bertan. Sua zegoen eta gizon irudia zuen deabru bat ikusi zuen, kopetan hiru adar, behe aldean buztana eta begiak sutan. Bascuenzez hitz egin zion, Mariak diabruari: «Jauna, jende berria dakarkizut», eta gero deabruak ere bascuenzez erantzun.[11] Deabruak lekukoarekin hitz egin omen zuen, bere Jainkoari uko egin ziezaion. Era berean, gogoan du bertan danbolin ugari zeudela eta zenbait gorabeheraren ondoren, joan zen modu berean itzuli zela etxera Maria Illarrarekin. Iristean, dobloi baten antza zuen urrezko txanpon bat oparitu zion, eta kolkoan gorde zuen. Hurrengo egunean, ordea, ikatz zati bat besterik ez omen zuen aurkitu. Horretaz gain erantsi zuen, Maria Illarrak sexu-harremanak zituela deabru horrekin. Gauzak horrela, Maria Illarra atxilotzea agindu zuten.

Maria deklaratzera deitu zutenean, berriz, nongoa zen eta zer ogibide zuen galdetu zioten. Oiartzuarra zela esan zuen eta ez frantziarra[6] eta ez zuela ogibiderik. Galdetu zioten ea leporatzen zitzaizkionak egia ziren, eta Maria Illarrak dena ukatu zuen, kristau ona baitzen, Jainkoaren beldurrekoa,eta gehitu zuen ez zuela lekukotza faltsurik egingo. Alabaina, Maria Illarra gatibu izan zen aldian, Gabriel de Avendaño artzapezpikoak eta beste pertsona batzuek bisita egin eta konbentzitu zuten deklarazioan aitortutakoa ukatzeko eta sorgina zela eta berari buruz esaten zen guztia egia zela aitortzeko. (Behar bada Zugarramurdikoa izango zuten gogoan, Inkisidoreek onberago jokatu zutelako errudun zirela aitortu zutenekin). Orduan, Maria Illarrak aitortu zuen 1563. urteaz geroztik zela sorgina.

Francisco de Goya. Akelarrea

Gaztea zenean lehen aldiz joan zela Santa Barbara ermitara deabruaren ondora. Deabrua eserleku beltz batean zegoela eta bi adar zituela eta behe aldean buztan luzea. Erantsi zuen gorputzaren gainerakoa kolore beltzekoa zela eta sugarrak botatzen zituela begietatik. Horrela, aipatu zituen Maria Illarrak Jaizkibelgo akelarreetara egindako bisitaldiak; kontatu zuen mendiraino hegan egiteko zenbait ukendu zuen lapiko bat eman ziola deabruak eta, ukenduak amaitzean, zapo batzuk ematen zizkiola horien urarekin ukenduak berriro ere presta zitzan. Maria Illarrak adierazi zuen deabruarekin sexu-harremanak izan zituela hogei alditan baino gehiagotan. Eta akelarreetan guztiek dantzatzen eta meza entzuten zutela, baina ostia kolore beltzekoa zela. Gehitu zuen 48 urte zeramatzala sorgin, eta zenbait haur ere sorgindu zituela -horien datuak ere eman zituen-. Nolanahi ere, aditzera eman zuen ez zuela heriotzarik eragin, ezta kalterik ere itsasoko eta lurreko fruituen aurka.

Alkateek txosten eta adierazpen guztiak Logroñora bidali zituzten, akusatua bertan epai zezaten eta, antza, seguru zeuden akusatua ez zela hartatik bizirik irtengo. Maria Illarraren ondasunak konfiskatu zituzten epaiketa izan arte, baina haren ondasunak eskasak ziren; bi kutxa huts eta soingaineko beltz eta zahar bat. Dirutan, hogei erreal eta erreal-laurden batzuk besterik ez zituzten aurkitu.[2] [11]

Alonso Salazarren sinadura

Maria Illarra, beste akusatuekin batera libre geratu zen. Alonso Salazar Frias, Logroñoko epaitegiko inkisidorea hasia zen sorginkeriari buruzko teoriei sinesgarritasuna ematearen aurka agertzen eta kasu honetan baztertu egin zituen Hondarribiako sorginei egozten zizkieten akusazioak.

Xabier Susperregi idazle eta ikertzailearen ustetan Sancho Ubilla eta Gabriel Abadía, Hondarribiako alkateek garbiketa egin nahi zuten eta herrestan bizi zen emakume hau desagerrarazi nahi izan zuten. Arrazoi asko egon dira sorgin akusaziopean emakumeak desagerrarazi nahi izateko, euren botere eta jakinduriarekin bukatzeko (Caro Barojaren arabera, litekeena da sorginek auzipetutako emakume asko sendatzaileak izatea[11] ) eta tartean, nola ez, emakume baztertuak ezabatzeko.[12]

Ez dakigu Maria Illarrari bere bi kutxa hutsak, soingaineko beltz zaharra eta hogei errealak itzuli zizkioten. Ez dugu Maria Illarraren berri gehiagorik, ez dakigu noiz hil zen, baina bai zer baldintzatan egingo zuen eta zenbat sufriaraziko zioten.[2]

Illarra baserria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Illarra baserriko eremuak 1499 urtean.
Illarra.Oiartzungo Doneztebe Parrokiako1897ko eliz-diruen liburuan

Gaur egun Yllarra baserria desagertua dago. Joxemari Mitxelenak ikertuta dakigu bere lehen aztarnak XV mendekoak direla. Horrela azaltzen dira, Oiartzungo Udal Artxiboko Erdi Aroko Dokumentazioa. I. Auzotarren eta onibarren estimazio fiskalen liburuak (1499-1520) an,[13] eta azkenak berriz, Oiartzungo Doneztebe Parrokiako1897ko eliz-diruen liburuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Antzina eta gaur. Emeki emakume alkartea, 18-19 or..
  2. a b c (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  3. (Gaztelaniaz) «Lancre, el juez borbónico que clamaba que Satanás era vascoparlante» ElNacional.cat 2021-05-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  4. Jesús, Maria. (2017-03-15). «Me gusta y te lo cuento: Brujería vasca - La catedral de las brujas: Zugarramurdi - Los cuadros para el gabinete del duquesa de Osuna» Me gusta y te lo cuento (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Hondarribia revive este fin de semana el juicio de las brujas de 1611» El Diario Vasco 2011-09-30 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  6. a b (Gaztelaniaz) Anula, Álvaro. (2019-04-20). «Las brujas de Hondarribia que aterrorizaron a toda una población» Álvaro Anula - Periodista y locutor (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  7. (Gaztelaniaz) Ferreiro, Miguel Ángel. (2020-01-16). «Las brujas de Fuenterrabía» El Reto Histórico (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Hondarribia revive este fin de semana el juicio de las brujas de 1611» El Diario Vasco 2011-09-30 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  9. www.hondarribia.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  10. «Bertan 18 - Bertan 18 Fortificaciones en Gipuzkoa: siglos XVI-XIX. Capítulo 8: El castillo de San Telmo» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  11. a b c (Gaztelaniaz) Ferreiro, Miguel Ángel. (2020-01-16). «Las brujas de Fuenterrabía» El Reto Histórico (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  12. «Mito, las brujas de la Edad Media; sólo eran mujeres con conocimientos - La Jornada» www.jornada.com.mx (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  13. Txantiloi:Euskara-gaztelera Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520). Eusko Ikaskuntza, 16-17 or. ISBN 978-84-8419-219-0..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]