Edukira joan

Maria L. de Hernández

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria L. de Hernández
Bizitza
JaiotzaSan Pedro Garza García (en) Itzuli1896ko uztailaren 29a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaAustin1986ko urtarrilaren 8a (89 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Jarduerak
Jarduerakaktibista

María Rebecca Latigo de Hernández, ezagunagoa Maria L. de Hernández izenez (San Pedro Garza García, Nuevo León, Mexiko, 1896ko uztailaren 29aAustin, Texas, AEB, 1986ko urtarrilaren 8a) Ameriketako Estatu Batuetan bizi zen mexikar aktibista izan zen, mexikar etorkinen giza eskubideen alde borrokatzen zuena.[1][2][3][4] Irratian lan egin zuen lehen emakume mexikarra izan zen.[5]

1930eko hamarkadan, manifestazioetan parte hartu zuen, eta Mexikoko etorkinen seme-alaben izenean publikoki hitz egin zuen, Estatu Batuetan zuten hezkuntzari eta eskubideei buruz.[6] Berak eta bere senarrak, Pedro Hernandez de Barrerak, Amerikako Zaldunen Ordena sortu zuten 1929ko urtarrilaren 10ean. Latigo de Hernándezek, gainera, Amen Elkarte Babeslea antolatu zuen 1933an. 1970ean Raza Unida alderdiko kide aktiboa zen.[7]

1896an jaio zen Garza Garcían, Monterreytik gertu (Nuevo León, Mexiko). Hor egin zuen lan lehen hezkuntzako maistra gisa. 1915ean, Ameriketako Estatu Batuetako muga zeharkatu zuen Mexikoko Iraultzaren ondorioz etorkin bezala.[6] 19 urte zituenean, Pedro Hernandez Barrerarekin ezkondu zen Hebbronvillen, Texasen. Bikotea San Antoniora joan zen bizitzera 1918an eta bertan bizitzen jarri ziren. Hamar seme-alaba izan zituzten eta, zoritxarrez, batzuk haurtzaroan hil ziren.[6] Janari-denda baten eta okindegi baten jabe izan ziren. Maria Rebeccak idatzi eta borrokatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan ume mexikarrek jasotzen zuten segregazioaren, arraza zapalkuntzaren eta hezkuntza eskasaren aurka.

1929an familiak, Order of the Knights of America (Amerikako Zaldunen Ordena) antolatzen eta sortzen lagundu zuen. Erakunde horrek aktibistak eta politikariak biltzen zituen, eta eskubide zibilen alde, txikanoei zein etorkin mexikarrei laguntzeko. Euren interesek gizarte eta hezkuntza gaiak barne hartzen bazituzten ere, hezkuntzan kontzentratu ziren gehiago. Bere ahaleginak Chicagoko negozioen jabeei zuzenduta zeuden, baina eskolara joaten ziren neska-mutilak ere lagundu nahi izan zituzten.

1932an, Maria Rebecca Látigo de Hernández AEBko eta Austingo (Texas) lehen mexikar irrati esataria bihurtu zen. 1933an, haurdun zeuden emakumeentzako elkarte bat antolatzen lagundu zuen, Amen Elkarte Babeslea izenaz ezagutu zena.

1934an, Maria Rebeccak, senarrarekin eta seme-alabekin batera, Eskola Aldeko Defentsaren Liga antolatu zuen. Erakunde horrek espazio seguruak sortzen eta Mexikoko komunitateentzako hezkuntza hobetzen lagundu zuen. Irratian bere karrera erabiliz, Latinoamerikako Hiritar Batuen Ligako 16. Kontseilua sustatu zuen “Amerikarren Ahotsa” izeneko programa batean. Liga 1934ko abenduan erregularizatu zen eta ahalegin horiek 1940 eta 1947an errepikatu ziren. Ligan eman zituen urteetan, txikano guztientzat ekitatea bilatzen saiatu zen, nondik zetozen edo non bizi ziren kontuan hartu gabe.

1938an, Pecan-Shellerseko greban (intxaur aletzaileen greba) hasi zen lanean, emakume langileen eskubideen alde. Greba emakumeek soldata eta lan baldintza hobeak lortzeko egindako ahalegin gisa hasi zen. 1939an, Lazaro Cardenas Mexikoko presidentea bisitatu zuen emakume talde bateko kidea izan zen. Agintariarekin izandako bileran borondate oneko mezua helarazi zuten Mexikon bizi ziren mexikarren, txikanoen eta Amerikako Estatu Batuetan bizi ziren etorkinen artean.

«Ikasleek ez dute begi beltzekin eta gaztaina-koloreko ilearekin jaiotzearen errurik, eta ez begi urdinekin jaiotzearena. Banderaren marrek eta izarrek babesten gaituzte denok ... Komunitate honen keinu hau baldintza izugarrien protesta eta atsekabe gisa har dezazun nahi dut.»

1945ean “Mexico y los Cuatro Poderes que Diregen al Pueblo” argitaratu zen. Saiakera horren arabera, "etxeko eremua gizartearen oinarrietako bat zen eta amak nazioen sortzaileak ziren", eta Texasko Estatuko Elkarte Historikoaren arabera, amen eta etxeko esparruaren garrantzia nabarmendu zuen. Berak saiakeretan espainiera erabili nahi zuela azpimarratu zuen, asimilazioaren joerari aurre eginez.[6] Saiakera hau argitara eman zen garaitik oso hurbil, Maria Rebecca Emakumearen Kulturaren Aldeko Klub Liberalaren antolakuntzan murgildu zen eta bera ere emagin izan zen arreta medikoa ordaindu ezin zutenentzat.

1968 inguruan, San Antonioko telebistan ohiko gonbidatua zen, eta bertan hezkuntzaren eta gizartearen aurrerapenaren arloetan izandako lorpenei buruzko informazioa ematen zuen. 1969an, ordenaren zuzendaritza batzordeko diruzain izendatu zuten, baita Gizarte Zirkuluko presidente ere. 1970ean, jarduera politikoak zabaldu zituen, Raza Unida Alderdiarekin bat egin zuenean. Hizlari magistrala ere izan zen Austinen (Texas) egin zen konferentzian.

1986ko urtarrilaren 8an, neumoniak jota zendu zen. Berak hala eskatuta, Ameriketako Zaldunen Ordenaren lurretan daude haren gorpuzkiak, Elmendorfeko kanpoaldean, Texasen.

Aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2018ko uztailaren 28an, Googlek doodle bat eskaini zion jaiotzaren 122. urteurrena ospatzeko.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) López, Alberto. (2018-07-29). «María Latigo de Hernández, la líder mexicana de los derechos de sus compatriotas en Estados Unidos» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  2. (Ingelesez) «MARIA LATIGO DE HERNANDEZ (1896-1986)» Women's Voices Media (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  3. (Ingelesez) «Remembering Maria L. de Hernandez: community and rights activist» www.metafilter.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  4. (Gaztelaniaz) Mexicanisimo. «10 datos sobre María Rebecca Latigo de Hernández» Mexicanísimo (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  5. (Gaztelaniaz) «El homenaje de Google a la activista mexicana María L. de Hernández» infobae 2018-07-29 (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  6. a b c d McBride, Jessica. (29 de julio de 2018). María Rebeca Latigo de Hernández: 5 Fast Facts You Need to Know. .
  7. Orozco, Cynthia E.. Hernandez, Maria L. de. Texas State Historical Association.
  8. ISSN https://www.milenio.com/tecnologia/maria-rebecca-latigo-hernandez-activista-doodle..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]