Edukira joan

Mateoren ebanjelioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mateoren ebanjelioa
Jatorria
Egilea(k)Mateo
Izenburuaεὐαγγέλιον κατὰ Μαθθαῖον eta Evangelium nach Matthäus
Honen izena daramaMateo
Ezaugarriak
Genero artistikoaEbanjelioa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Honen parte daItun Berria
ebanjelio kanonikoak
Tetraevangelion (en) Itzuli

Mateoren Ebanjelioa Jesu Kristoren bizitza eta eginak kontatzen dituzten lau ebanjelio kanonikoetakoa da. Jesusen zuhaitz genealogikoa, jaiotza harrigarria, haurtzaroa, bataioa, tentaldia, irakaspenak, heriotza eta biztuera kontatzen ditu. Ebanjelioaren amaieran azaltzen da Jesusek apostolu eta bere ikasleei emandako agindua: Zoazte eta egin itzazue ikasleak herrialde guztietan.

San Agustinen tradizioaren arabera, ebanjelio hau kanoniko guztietatik zaharrena da eta Jesusen ikasle eta apostolu Mateok idatzi zuen. Horregatik Biblia gehienetan lehenengo agertzen da. Hala ere, aditu gehienen iritziz Mateoren ebanjelioa Markorenaren ondoren idatzi zen, neurri batean azken hau oinarri hartuz.

Mateoren ebanjelioa hasieran arameoz idatzi zela diote adituek, baina aurkitu izan den bertsiorik zaharrena grekoz idatzia da. Mateok, gehienbat, bere ebanjelioa judaismotik zetozen kristauengan pentsatuz idatzi zuen. Izan ere, ugariak dira idazle honek darabiltzan Itun Zaharreko pasarteak profetek Israelgo herriari esandakoak Jesusengan bete direla eta hau benetako Mesias dela adierazteko.

« Antzina-antzinako tradizioaren arabera, ebanjelio hau hamabietariko ikasle batek idatzia izango litzateke, Mateo (ik. 9,9) edo Lebi (ik. Mk 2,14) zerga-biltzaileak, alegia. Halere, segur aski, bigarren belaunaldiko eta judu-jatorriko kristau bat du egilea, grekoa zekiena eta I.Z.ari buruzko irakaspenetan ongi aditua.

Konposizio-datari dagokionez, K.o. 80-90 bitartean koka daiteke, 70ean gertaturiko Jerusalemen hondamendiaren ondoren, gertakizun hau behin baino gehiagotan aipatzen baita (21,41; 22,7; 23,37-38). Badirudi Siriako Antiokian idatzia dela ebanjelioa: grekoz egiten zen han eta hiriak judu-kolonia ugaria zuen; bazen han kristau-elkarte bat ere, lehenengoetakoa hain zuzen (Eg 11,19-30), bertan juduak eta jentilak berehala nahasi zirelarik; Pedrok garrantzi handia zuen elkarte hartan (Ga 2,11-14), Mateoren ebanjelioan bezalaxe (15,15; 16,16-19; 17,24-27). Kanpo eta barru, egoera zailean bizi den elkarte batentzat idazten du Mateok.

»

Elizen Arteko Biblia. 2008.[1]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Biblia/Mateo — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]