Pier Paolo Pasolini

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pier Paolo Pasolini
Pier Paolo Pasolini
Pier Paolo Pasolini zinema-zuzendaria Antonio Gramsciren hilobiari begira.
Datu pertsonalak
Izen osoa Pier Paolo Pasolini
Jaio 1922ko martxoaren 5a
Italia Bolonia (Italia)
Hil 1975eko azaroaren 2a
(53 urte)
Italia Ostia, Erroma (Italia)
Lan nabarmenenak Accattone (1961)
Il Vangelo secondo Matteo (1964)
Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975)
IMDB IMDBko fitxa

Pier Paolo Pasolini (Bolonia, Italia, 1922ko martxoaren 5a - Erroma, Italia, 1975eko azaroaren 2a) zinema-zuzendaria, olerkaria, idazlea eta intelektuala izan zen. Italiako pertsonaia oso ezaguna bihurtuta, indarkeriaz hil zuten eta, artean ere, bere heriotzak eztabaida bizia pizten du.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasolini amarekin, 1925ean

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Militar semea, gazteria faxistaren erakundeko kidea izan zen, 30eko hamarkadako italiar gazte ugarik ohi zuten bezala. Bigarren Mundu Gerra hasi berritan, letretako unibertsitate-ikasketak egin eta, handik gutxira, herriaren askatasunaren ideiak bultzatuta, ezkerrera lerratzen hasi zen. Italia faxistaren hondamendiarekin batera, Alemaniaren armadara soldadu behartu zuten, atxilotua ere izan zen, baina giltzapetik ihes egin zuen 1944an, eta amarenera joan zen bizitzera, Casarsara, Friulin.

Friuliren literatura, hizkuntza eta kultura berpizteko elkarte bat sortu zuen, eta eskola libreak (erdi klandestinoak) ematen hasi. 1945eko udaberrian, Gido anaia hilik atera zen Titoren armadan borrokatzen zen Garibaldi brigadaren kontra izandako istilu batean. Pier Paolo eta ama ez ziren ezbehar horretatik inoiz suspertu. Aita, orduan, Kenian atxilotuta zegoen, baina itzuli egin zen, nora eta amaren herrira, Casarsara. Hala ere, aita ez zen ondo moldatu, besteak beste hizkuntza, friuliera, arrotza zitzaiolako. Edanari eman zion, eta etxean giroa gaiztotu egin zen.

Alderdi Komunistatik Erromara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasolini bere eskolako umeekin (1945 aldera)

Pier Paolok alderdi politiko autonomista bat sortu zuen, eta Italiako Alderdi Komunistaren zentralismoa kritikatu zuen. Handik gutxira, ordea, Kristau Demokrazia alderdia erabiltzen ari zelakoan, alderdia utzi zuen. Bitartean, bigarren hezkuntzako ikastetxe batean irakasle postu bat lortu zuen. Bertan oso errespetatua izan zen, baita maitatua ere. Une hauetan, bere homosexualitatea aditzera ematen duten poemak eta gogoetak idatzi zituen.

1948an, Alderdi Komunistan sartu zen, eta idazki laburrak argitaratzen jarraitu zuen. Beti defendatu zuen kristautasunaren eta komunismoaren bateragarritasuna eta bi ideion izaera berdintsua, justu Pio XII.a Aita Santuak komunistak eskumikatzeko ediktua eman zuenean. Tokiko agintari demokrata kristauei ez zitzaien oharkabean joan eta haien etsaigoa irabazi zuen. Luze gabe, 1949ko udan, zuzenean edo bitartekarien bitartez, mehatxu kutsuko mezuak jaso zituen, bere ideologiak ikastetxeko bere postuan ondorioak izango zituela. Irailean, San Vito al Tagliamentoko Romiscuello auzoan, jaiak ziren eta bertan izan berarekin bere ikasle batzuk ere.

Urrian, ahots anonimo batek salaketa bat jarri zuen bertako polizia-etxean, Pier Paolo gaztetxoekin eszena limurietan ikusi zutela. Bertako Cordovado sarjentua gogotsu agertu zen salaketari buruz, eta gaztetxoen gurasoei deitu zien, baina ez zuten Pier Paoloren kontrako salaketarik jarri. Pier Paolo Pasolini ere polizia-etxera deitu zuten deklaratzera, eta ez zuen oinarrizko gertaera ukatu, elkar masturbatu zutela, eta horretarako "inspirazio literario bat" argudiatu zuen, baita André Gide Nobel sariduna aipatu ere bere alde. Ez zion balio izan, ordea. Ahots anonimoak bere salaketaren inguruko xehetasun gehiago eman zuen eskualdeko prentsan eta prentsa-saltzaileek Pasoliniren izena oihukatu zuten kalean. Pasolini ikastetxetik bota zuten eta, gainera, Alderdi Komunistak ez zuen babestu, kontrakoa baizik, kritikatu egin zuen eta Alderditik bota.

Egoera jasanezina bihurtu zitzaion, eta ama erotu beharrean zebilen; aita ordurako alkoholikoa zuen. Erabaki gogorra hartu zuen: dena utzi eta, amarekin batera (60 urtetik gora zituela), Erromara lekualdatzea, zerotik hasiz. 1950eko urtarril gorrian, Pasolini Erromara heldu zen.

Erroman hutsetik hasi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman, senitarteko baten etxean hartu zuen aterpe lehenengo urtebetean, baina gero hiri kanpoaldeko landa-eremuko etorkin proletarioen auzune txiro batera lekualdatu zen, eta irakasle postua lortu urrutiko ikastetxe batean. Zenbait urtez bizi izan zen han. Friuliko giro hertsagarritik urrun, ordea, bilatzen zuen askatasunerako tartea aurkitu zuen.

Ezagun bihurtzearekin batera, orduko Italiako kulturako sona handiko hainbat pertsonaia ezagutu zituen, baita kulturgile eta artisten topaketarako gune bihurtutako Erromako kafetegietan ibiltzen hasi ere. Maiz elkartzen zen han bere bizitzan ordudanik garrantzi handia izandako Alberto Moravia, Elsa Morante eta Laura Bettirekin. Maite zuen, halaber, Erroma inguruko mutilekin ibiltzea, eta gertukoa izan zuen, halaber, Sandro Penna poeta italiar 'madarikatua', ordurako inork ez bezala haren homosexualitatea ezkutatzen ez zuena. Erromako gaueko irteeretan, Sergio Citti ezagutu zuten.

Literatura-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasolini ikasketetan Bolonian (1937)

1939an, Pasolini graduatu egin zen eta, berehala, Boloniako Unibertsitateko Literatura Ikastegian sartu zen. 1941 aldera, friulieraz idazten hasi zen, baita poema-sorta bat ere argitaratu hizkuntza horretan: Versi a Casarsa. Aldi berean, Il setaccio aldizkariaren editore nagusi lanetan hasi zen, baina haren zuzendari faxistarekin iritzi desberdinak zirela eta, bota egin zuten. Alemaniara egindako bidaia batetik, Italiako 'kultura probintziarraz' ohartu zen, eta faxismotik komunismora lerratzen hasi zen.

Alemaniako armadatik ihes egin ondoren, Casarsara heldu zen, eta friulieran interesa zuten beste gazte batzuekin elkartu. Elkarrekin, Stroligùt di cà da l'aga aldizkaria argitaratu zuten 1944ko maiatzetik aurrera. Aldi berean, Pier Paolok, bere amak eta bestek aitorpen ofizialik gabeko eskola libreak ematen hasi zitzaizkien Udinera eta Pordenonera joaterik ez zuten ikasleei, baina 1944an bertan legez kanpokotzat hartu zituzten. 1945eko otsailean, anaia Guido hil eta gutxira, Academiuta di lenga furlana sortzen parte hartu zuen, Friulieraren Hizkuntz Akademia.

Erromara heldu eta gutxira, gertutik ezagutu zuen Erroma inguruko auzoetan (borgate) metatzen ari zen gazteria etorkin baztertua. Pier Paolorentzat, gogo askea eta freskotasuna adierazten zuten, inspirazio-iturri bihurtu ziren eta haien (Erromako) hizkerarekin (hizkuntzarekin) interesatu zen. Sergio Citti ezagutu eta hizkera horretan idatzitako testuak berrikusten lagundu zion. Irakasle-lanetan ibiltzearekin batera, kolaborazio literarioetan hasi zen eta, luze gabe, ezagun egiten hasi zen.

Pasolinik aitortu zuen Erromara iritsita bigarren aldiz ikusi ahal izan zuela Roberto Roselliniren Roma citta aperta film arrakastatsua (1945), baita aztarna sakona utzi ziotela ere irudikatzen duen adierazkortasun aztoratuak eta tragediaren zentzuak. Ragazzi di vita (1955, Kaleko mutilak) eleberria idatzi zuen, baztertuenganako kezka eta atxikimendua erakutsiz. Horregatik ere, salaketak jarri zizkioten 'gordinkeria'gatik berari eta Garzanti argitaratzaileari, nahiz eta 1949ko salaketekin bezala, errugabe atera zen.

Ordurako, ordea, ospe literarioa hartu eta horrek irabazpide ekonomikoa eman zion: etxebizitza txukunago batera lekualdatu zen ama, aita eta Graciella lehengusinarekin batera. Gidoiak idazteari ere ekin zion, zineman erabiltzeko (1953tik). Erroman argitaratu zituen ezagun bihurtu zuten poemak: Le ceneri di Gramsci (1957, Gramsciren errautsak ) eta La religione del mio tempo (1961, Nire garaiko erlijioa).

1975ean hil zutenean, Il petrolio ikerketa-eleberria idazten ari zen. Korporazioen, mafiaren eta gobernuaren arteko tratu ilunak aditzera ematen zituen idazlana. Ordurako, 600 orrialde inguru zituen idatzita.

Zinemagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gidoigintzatik zuzendaritzara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasolini Fellinirekin Accattone filmatzen hasteko unean (1961)
Comizi d'amore dokumental-ikerketako une bat, Alberto Moraviarekin

Zinemarako gidoietan, Soldati, Rossi, Fellini (La dolce vitako pasarteak, adibidez) eta Bolognini zuzendariekin aritu zen 1953tik aurrera. 1958 ondoren, etxebizitza berrian, Atilio Bertolucci poeta ezagun eta adiskidea izan zuen bizilagun, baita haren seme Bernardo ere. Une horretan, Accattone filma idatzi eta zuzendu zuen (1961), auzo ilunetako kronika, baztertuen, hiri inguruko etorkinen eta txiroen gaia ukitzen du, baita Mamma Roma pelikulan ere (1962), Erromako prostituta bati buruzkoa, Anna Magnanirekin.

Erroma inguruko giro baztertuetako Ro.Go.Pa.G. filmeko "La Riccota" zatia zuzendu zuen (1963), parodia moduko bat, eta berriz ere zentsura pairatu zuen, Kristo irudikatzeko moduagatik. Horrela osatu zuen Erromako trilogia. 1964an, Il Vangelo secondo Matteo zuzendu zuen, Kristoren peredikuaren kontakizun horren inguruan, Pasolini bera ateoa izan arren. Eliza katolikoak kritikatu egin zuen, baina pelikulak harrera beroa izan zuen.

Kontsumoaren gizartearen kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasolinik kezkaz jarraitu zuen 1963tik Italian gertatzen ari ziren gizarte-aldaketak, bereziki kontsumismoaren etorrera. Erromako trilogiaz geroztik, zinemagile ospetsua bilakatu zen, eta film berriak egin zituen. Oraingoan Totó aktore beteranoa baliatu zuen harrera ona izandako Uccellacci e uccellini luzemetraia egiteko (1966), Ninetto Davolik antzezten duen gaztetxo freskoaren beste aldean. Hain zuzen, 1963an ezagututako mutil hori bilakatu zen Pasoliniren "bizitzako amodioa", eta elkarrekin izan ziren hiruzpalau urtez.

Harrezkero, pelikulen gaiak aldatuz joan zen, baita bere filmen ordu arteko ekoizlea ere. 1967an, Teorema filmea atera zuen, ia hitzik gabeko film poetiko bitxia. Lehenengoz, Pasolini homosexualitatearen gaia ukitzera ausartu zen, eta familia burgesaren kritika gogorra egin zuen. Berari ere, ohi bezala, eskuineko sektoreek eta Erromako Elizak kritikatu zioten. Nolanahi ere, Veneziako Zinemaldian Nazioarteko Film Katolikoen Bulegoak Sari berezia eman zion, nahiz eta gero kendu Batikanoaren kritikak zirela eta.

Klasiko grekoen egokitzapen zail bezain ederrak egin zituen. eta mundu-mailako ospea ekarri zion Bizitzaren Trilogia zuzendu zuen hiru filmetan, Boccaccioren eta Chaucerren idazlan erotikoetan eta Mila eta bat gauak ipuinetan oinarriturik. Teorialari eta kritikari zorrotza zen, eta eragin handia izan zuen bere garaiko zinemagileen artean, baina bere ideiaren erabilera kontsumista kritikatu zuen, bereziki irakurketa pornografiko bat egin nahi izan zituztenak.

Zinemagintza iluna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975, Salo edo Sodomako ehun eta hogei egunak), Pasoliniren azken obra, Italiako faxismoaren hondar-egunen ikuspegi garratza da. Bere bizitzako aldi ezkor horretan, gorputzen manipulazioaren garaipena ematen du aditzera, boterearen barruko zitalkeria agerian utzi. Kezkak eta ekimenak hartaraturik, gupidarik gabe eta zuhur kritikatu zuen bere herriko gizartea. Azken muntaketa bere ekoizpen-laguntzaileak amaitu zuen, 1975eko azaroan erail baitzuten Ostian (Erroman).

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olerkigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Friulieraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italieraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Le ceneri di Gramsci (1957)
  • L'usignolo della Chiesa cattolica (1958)
  • Passione e ideología (1960)
  • La religione del mio tempo (1961)

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pier Paolo Pasolini Aldatu lotura Wikidatan