Edukira joan

Mikel Urdangarin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikel Urdangarin
Mikel Urdangarin
Mikel Urdangarin 2009an.
Datu pertsonalak
Izen osoa Mikel Urdangarin
Jaio 1971
Zornotza (Bizkaia)

Mikel Urdangarin (Zornotza, Bizkaia, 1971 - ), euskal kantautorea da.

Bertsolaritzan hasita, musikaren bidea hartu zuen geroago, gitarra eta ahotsaz baliatuta. Estilo intimistakoa, beste esparru batzuk ere jorratu ditu.

Ezaguna da Kirmen Uribe poetarekin egindako elkarlana, baita Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Josu Zabala musikariekin edota Iñaki Aurrekoetxea, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortza bertsolariekin ere.

Gaur egun, Gasteizen bizi da.

Biografia

"Egun batean, lagunak musean ari zirela, diskoa mahai gainera bota eta esan nien: ‘1.500 pezeta, erosiko al didazue?'. Lagunak ezin sinistuta gelditu ziren"[1]. Horrela hasi zen Mikel Urdangarin kantugintzan. Gitarra jotzen ikasi, konposatzen hasi, eta urte eta erdian atera zuen, bere kabuz, Haitzetan lehen diskoa, 1997an. Lehen disko haren 1.000 ale saldu zituen, baina Badira hiru aste diskoak (Gaztelupeko Hotsak, 1998) egin zuen ezagun Mikel Urdangarin. Hainbeste, ezen lehen disko hura berrargitaratzeko aukera izan zuen, digipack-en.

Biluzia zen Haitzetan hura, barnekoa. Ahotsa eta gitarra zituen helduleku ia bakar, eta ondoan biolontxeloaren eta akordeoiaren kolaborazio oso puntualak hartzen zituen. Bertsogintzatik kantugintzara igaro zen kantautorearen diskoa izan zen lehen hura, bertsotan kantuan baino ezagunagoa baitzen orduan Urdangarin. Eta, musika ez ezik, berak egin zituen diskoa osatzen zuten 11 abestietatik gehienen letrak. Gainontzekoak bidean aurrera lagun izango zuen Iñaki Aurrekoetxea bertsolariarenak ziren.

Lehena biluzia, eta bigarrena zelta egin zuen Urdangarinek: Badira hiru aste. Euskal Herria Eskoziarekin lotu nahi zuen disko monografiko hark arrakasta handia izan zuen; izan ere, Urdangarinen musikaren ezaugarrietako bat nabarmendu zen dagoeneko: sinpletasunetik lortu zuen jendearengana iristea. Hala, Haitzetan diskoan bezala, herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu zuen. Disko horretan ere, berak idatzi zituen kantu asko, mozkorrez, drogazaleez, "maitasun eriak defraudatutakoez", "bihotz minak jota daudenez" eta iheslariez. Gainerakoak Aurrekoetxeak eta Arkaitz Estiballesek idatzi zituzten. Letra horiei Eñaut Elorrietak (gitarra akustikoa; Ken Zazpi), Iñaki Zabaletak (trikitia), Izaskunek (panderoa), Josu Zabalak (soinu txikia eta ahotsak; Hertzainak, Zazpi Eskale) eta Iñigo Ibarretxek (txistua) jarri zieten musika.

Urte emankorrak izan ziren Urdangarinentzat. 2000. urtean hirugarren diskoa argitaratu zuen: Espilue (Gaztelupeko Hotsak). Kolore askotako hamalau abesti bildu zituen Espilue-n. "Musikari kontziente moduan"[2] atera zuen lehen lan gisa aurkeztu zuen Urdangarinek, eta musikari ordura arte ez bezalako garrantzia eman zion, oinarri sendo bihurtuz. Kantautorearen beraren gitarraz gain, Aitor Rubiorena eta Angel Lopezen perkusioak eta Txubio Fernandez de Jauregiren kontrabaxuak jarri zuten oinarria. Baina hainbat kolaborazio ere izan zituen, Bingen Mendizabal, Josu Zabala, Jonathan Bews, Iñaki Galartza, Aitor Garcia, Pablo Tato eta Rogelio Botanz tartean, aurrerantzean ere lagun izango zituen zenbait. Letrak egiteko bertsolariengana jo zuen beste behin, Aurrekoetxearekin batera, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarengana oraingoan, baina baita Gerardo Markuleta eta Kirmen Uribe idazleengana ere.

Eta Kirmen Uriberi eskutik helduta ekarri zuen Urdangarinek hurrengo diskoa: Bar Puerto (GH, 2001). Uriberen istorio batean oinarrituriko hura disko-liburua zen diskoa baino gehiago, irudiak ere tartekatzen zituen proiektu ibiltari baten emaitza (Bar Puerto. Bazterreko ahotsak). Urdangarinekin eta Uriberekin batera, Bingen Mendizabal zen proiektu haren hirugarren zutabea. Badira hiru aste eta Espilue-ren arrakastaren atzetik, koordenatu ezezagunak arakatzeko gogoa erakutsi zuen Urdangarinek, bakarkako lanetik atera eta taldekora igarota. Bilaketa lan hori diskorik disko etengabea izan da Urdangarinen musikagintzan, aldiko zerbait berria egin eta eskaini nahi izan baitu.

Hurrengo urtean, baina, bakarkako bidera itzuli zen Heldu artean diskoarekin (GH, 2002). Egunerokotasunari kantatzen dio zornotzarrak disko honetan: "Nire diskoak normalean bizi dudan egoerari oso lotua daude eta azken hau ere bai. Batez ere, neure pentsamenduen, momentuko kezken, pozen eta tristuren isla da"[3]. Eta urrats bat egin zuen, katalanez abestuta.

Bar Puertoko konpainia, baina, ez zuen urrun, eta hala etorri zen Zaharregia, txikiegia, agian disko-liburua (GH, 2003). Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik liburuaren (Susa) harira New Yorken egindako poesia errezitaldi batzuetatik abiatu zen Zaharregia, txikia agian, Urdangarin, Uribe, Rafa Rueda (PI.L.T.), Mikel Valverde eta Bingen Mendizabal batzen zituen proiektua. 2003an boskoteak New Yorkera egindako bidaia hura ez zen disko-liburuan soilik gelditu, 2005ean Arkaitz Basterrak izen bereko dokumentala estreinatu baitzuen Donostiako Zinemaldian, taldearen estetika oinarri hartuta.

New Yorketik bueltan, barrura begira jarri zen, ostera ere, Urdangarin. Barne bilaketa ez zen soilik edukiari lotua izan, formala ere bai. Ordura arte egin izan zuen soinua eraldaturik ekarri zuen Dana-n (Elkar, 2005). Bi urtez, bere "kezkak, nahiak eta izaera musikalki defini zezakeen diskoaren bila"[4] aritu zen, bere diskorik musikalena egiteko. Mikel F. Krutzagaren ekoizpen lana azpimarragarria da Dana-n. Soinu berriaren bilaketan, ordura arteko folk eta herri doinuak atzean utzi zituen, nahiz eta zornotzarrak bere burua etiketetatik bereizi: "Ez dut uste kantari pop, folk edo rockzalea naizenik. Kantuak egiten dituen kantaria naiz, eta baita bere izaera poliedrikoa onartzen duen pertsona ere"[4]. Beste behin, bilaketa horretan Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Pablo Tato izan zituen bidaide. Letrei dagokienez, egunerokotasunari kantatzen jarraitu zuen Urdangarinek, pertsonetatik abiatuz, gertukotik.

Hasierako disko guztiak Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu ostean, Dana Elkarrekin atera zuen, eta Anek idatzi dit zutaz, berriz, autoekoitzi egin zuen. "Nahi nuen diskoa, buruan neukan diskoa ere osotasunean ateratzeko modu bakarra zen autoekoizpena"[5]. Ordura arte egindako ibilbidearen nolabaiteko sintesia da Anek idatzi dit zutaz. Musikalki, azken diskoetan izandako bilakaera nabarmena da, musikak presentzia handia hartzen du. Letrei dagokienez, ibilbide osoko bidelagunak batzen ditu: Iñaki Aurrekoetxea, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Xabier Amuriza, Kirmen Uribe... eta berririk ere bada, Sustrai Colinaren hitzak ere musikatu baititu, eta noski, bereak ere badira. Baina begirada, beste behin, gertukoan edo, hobeto esan, gertuko pertsonengan jartzen du berriz ere: Sebastian esne-partitzailearengan, Norvegiara joan zen lagunarengan...

2009an bere azken diskoa aurkeztu du Urdangarinek: Zubia (Baga-Biga).

Diskografia

  1. "Haitzetan" (Gaztelupeko Hotsak, 1997).
  2. "Badira hiru aste" (Gaztelupeko Hotsak, 1998).
  3. "Espilue" (Gaztelupeko Hotsak, 2000).
  4. "Bar Puerto", Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabal ekin batera (Gaztelupeko Hotsak, 2001).
  5. "Heldu artean" (Gaztelupeko Hotsak, 2002).
  6. "Lagun artean" (Gaztelupeko Hotsak, DVD, 2002).
  7. "Zaharregia, txikiegia agian" Kirmen Uribe, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal ekin batera (Gaztelupeko Hotsak, 2003).
  8. "Dana" (Elkar, 2005).
  9. "Anek idatzi dit zutaz" (Mikel Urdangarin, 2007).
  10. "Zubia" (Baga-Biga, 2009).
  11. "Zuzenean 2010/12/30" (KAP Produkzioak, 2011).

Erreferentziak

  1. Gaztezulo, 2002ko abendua
  2. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko azaroa
  3. EHU, 2003ko iraila
  4. a b Berria, 2005eko urriaren 8a
  5. Berria, 2007ko azaroaren 10a

Kanpo loturak