Moroak gara behelaino artean?

Wikipedia, Entziklopedia askea
Moroak gara behelaino artean?
Fitxategi:Moroak gara behelaino artean? (P).jpg
Azala: Gerlari arrifia
Datuak
IdazleaJoseba Sarrionandia (2010)
Argitaratze-data2010
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaMoroak gara behelaino artean?
HizkuntzaEuskara
ArgitaletxeaPamiela
HerrialdeaEuskal Herria
BildumaSaio eta Testigantza 110
Orrialdeak709
ISBN978-84-7681-656-1
SariakEuskadi Literatura Saria 2011, euskarazko saiakera sailean

Moroak gara behelaino artean? Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarrak idatzitako saiakera liburua da, 2010an Pamielak argitaratua. 2011an (ISBN: 978-84-76816561), polemikaren zurrunbiloan, Euskadi Saria jaso zuen.

Ziur aski Sarrionaindiak argitaratutako saiakera garatuena, ikerketa sakon baten ondorioz. Liburuaren tamainak argi eta garbi erakusten du hau: 709 orrialde, 33 kapitulu eta 1387 ohar ditu. Lan benetan erraldoia dokumentazioan zein iritzi inguruan. Hori ikusita ez da harritzekoa hasieran egileak liburu hori idazteko "sei edo zazpi urteko zeregina" izan dela aipatzen duenean.[1]

Izenburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuaren izenburua Sarrionaindiak 1909an Migel Unamunokoak idatzitako poema arraro batetik hartu du[2]. Bertan, "euskaldunak eta arrifiak konparatzen ditu, euskaldunak moro desterrutzat aurkeztuz":[3]

Moroak gara behelaino artean?
Arrifi herbesteratuak?
Uhinaren iskanbilak itsabeheran
atzean utzitako apar jadanik lehortua?

Eta hori izango liburu osoaren leitmotiv bat, amazigera eta euskararen arteko loturak, antzekotasunak, desberdintasunak...

Rifeko gerra liburuan aztertzen diren gai nagusietariko bat da.

Liburuaren xedea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukieraren ikuspuntutik, oso liburu konplexua da. Sarrionandiaren hitzetan, "botereari eta giza askatasun debekatuari buruzko erreflexioa da liburua hasieratik amaierara lotzen duen haria".[4] Hausnarketa hori amazig eta euskaldun herriekin lotzen da zuzenean.

Liburuaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua bi bloke handietan antolatuta dago: batetik, testu jarraian; bestetik, ohar korpus aberatsa. Biak ala biak lotuta badaude ere, baita irakurtzeko bide desberdinen moduan uler daitezke halaber. Zentzu horretan, oharrak interesgarriak dira eta, sarritan, ezusteko bideetatik abiatzen dira.

Testu jarraian, bestetik, kapituluek atala izena daramate, modu batez erakusten duten sakontasuna adieraziz. Atal bakoitza berezko saiakera gisan uler daiteke, gai zehatz baten inguruan eraikita. 33 kapitulu horiek bi gai dituzte ardatz:

  • lehen 26etan, amazig herria da protagonista nagusia, haren jatorria, historia, kultura, hizkuntza...
  • azken zazpi kapituluetan, ordea, Euskal Herriak hartzen du protagonismoa, modu batez amazigera herriarekin ikasitako lezioa hemen aplikatuz eta hortik berezko hausnarketa sortuz.

Orobat, testuarekin batera datozen argazkiak aipatzekoak dira: batzuk oso gordinak dira.

Pedro Hilarion Sarrionandia (1865-1914)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egileak amazigen eta euskaldunen arteko lehenengo lotura abade frantziskotar horren bitartez egiten du. Abate hori amazigeraren ikerle goiztiarra izan zen eta hizkuntza horren gramatika 1905ean argitaratu zuen. Gramatika hori urte askotako lanaren ondorioa izan zen, hizkuntza bertatik bertara ezagutuz. Gramatika hori paratzeko, lehendabizi gaztelaniaren alfabetoaren moldaketa egin zuen, amazigeraren ortografia sortzeko.

Liburuaren gai batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Amazig herriak Afrikako iparraldean.
  • Amazigen jatorria eta zabaltze historikoa.
  • Afrikako iparraldearen kolonizazioa.
  • Afrikako Gerran emandako basakeriak.
  • Espainia eta Frantziako papera kolonizazio prozesu horretan.
  • Marokoko gerra
  • Annualeko gudua eta hondamendia
  • Afrikako gerra eredua Espainiako Gerra Zibilan.
  • Euskara eta amazig arteko antzekotasunak.
  • Politikaren papera, borondatea eta nazioa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 9.or.
  2. "Salutación a los rifeños" (Arrifiei agurra)
  3. 137.or.
  4. Joseba Sarrionandia Argian, 22.or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Azurmendi, J. 2015: "Sarrionandia: nazioaren kontzeptua behelaino artean", Jakin, 207: 11-65
  • Mixel Etcheverry: "Joseba Sarrionandia: "Zalantzan ipini nahi dut normalizazioaren ideia". Lasarte: Argia, 2010eko abenduaren 26a, 21-25 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]