Rifeko Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rifeko gerra» orritik birbideratua)
Rifeko gerra
Infobox collage for Rif War.jpg
Data 19111927ko maiatzaren 27a
Lekua Rif
Emaitza Espainiar-frantziar garaipena
Gudulariak
 Espainia
Frantzia Frantzia
Flag of the Republic of the Rif.svg Rifeko Errepublika
Buruzagiak
Miguel Primo de Rivera
José Sanjurjo
Manuel Fernández Silvestre
Alfontso XIII.a
Louis Hubert Lyautey
Abd el-Krim
Indarra
465.000 80.000
Galerak
31.000 15.400
Artikulu hau 1911ko gerrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marokoko gerra».

Rifeko gerra (gaztelaniaz: Guerra del Rif), Marokoko gerra edo Afrikako gerra ere deitua, Rifen jazotako borroka bat izan zen, non bertako tribuek eta Rifeko Errepublika independenteak Espainia eta Frantziako inperio kolonialei aurre egin zieten 1911tik 1927ra. Marokoko Espainiar Protektoratua sortu zenetik Abd el-Krim errenditu arte iraun zuen.

Espainiako gobernuek kintak edo nahitaezko soldadutza baliatu zuten gerrillariei eta bertako herritarrei gailentzeko, hala Katalunian nola Hego Euskal Herrian (eta gutxiago beste lurralde batzuetan) protestak harrotu zituena, baita zentsura ere hedabideetan. Euskal eta katalan abertzaleak eta sozialistak zein komunistak agertu ziren gerraren edo/eta gerra politika zehatz horren kontra. Gerrako porrotek eta haren kontrako protesta giroak Miguel Primo de Riveraren estatu kolperako bidea zelaitu zuten.

Gerraren berezitasun handietako bat erabilitako krudelkeria txundigarria eta Rifeko herriaren kontrako espainiarren izu indiskriminatua izan zen, tartean zela Lehen Mundu Gerran asmaturiko arma kimikoak. Bertan borrokatu, zaildu eta sorgortu ziren 1936ko estatu kolpeko militar asko, adibidez, Francisco Franco.

Erresistentziatik errepublikara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintari espainiarrek riftarrak zatikatzeko politika bat hartu zuen 1910ko hamarkadan, berez kabiletan zatikatuta zeudela baliatuz. Kabilak lurralde askeak ziren, Marokoko sultanarekin lotura nominal bat zutena. Bada, espainiar agintariek administrazio eta kultura kolonialera erakarri zituzten bertako eliteak, hainbat abantaila eta dirua eskainiz. Onuradun horietako batzuk ziren Abd el-Krim eta haren aita. Alta, espainiarren jokabide zakarrak eta harroak riftarrak uxatu zituen. 1920ko urtarrilean Espainiar Legioa sortu zen, gerra koloniala bortizkeria hutsean eta izuan oinarritu zuen kidego militarra.

Espainia lurraldeotan oldartu zenetik, bertako herritarren erresistentzia aurkitu zuen. Lehen Mundu Gerran, espainiarrek herritar riftarrak esklabo lan baldintzetan baliatu zituzten harrobietan frantsesentzat mea erauzteko. Riftarrak matxinatu egin ziren. Borrokaldi gogorraren ondoren, Abd el-Krimen gerrillak espainiar armadari irabaztea lortu zuen Annualen 1921eko uztailean, 13.000 soldadu hilez.[oh 1]

Espainiar armadaren porrot horren ondorioz, Rifeko Errepublika aldarrikatu zuten, lau urtez iraun zuena. 1923an, Horacio Etxebarrieta euskal negozio gizonaren bitartekaritzaz Abd el-Krimekin egindako hitzarmenean, Rifeko gerlariek soldadu espainiar ugari askatu zituzten. Hala ere, Espainiako armadak ez zuen etsi, eta gerrari berrekin zion Miguel Primo de Riveraren diktadurapean. Espainiako armadak gerra ekimen bereziki krudel eta izugarria eraman zuen lurralde horretako biztanle eta gerlarien kontra (moros).

Bertan parte hartu zuen Francisco Francok, baita tiro batez barrabil bat galdu ere. Gerra kimikoaz gain (ikus behean), kanpotar armada horrek torturak, mutilazioak (buruak moztea, adibidez) eta askotariko oinazeak eragin zituen, Pilar Eyre kazetari eta idazleak Francoren biografian kontatzen duenez.[1] Gainera, Uargako Guduaren ondoren (1925), frantsesek espainiarren alde esku hartu zuten gatazkan, Al-Hoceimako lehorreratzean gauzatu zutena. 1926rako, espainiar-frantses indarrek oinpean hartu zituzten Rifeko Errepublikaren indarrak, eta lurralde osoa azpiratu. 1927an, Abd el-Krimek men egin zuen, eta Espainiak berriz eskuratu zuen lurraldea.

Gerra kimikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitartean, baina, Espainiako Alfonso XIII.ak eta bere armadak ez zuten alde egin, tematu baizik. Ohiko moduan bertako askatasunaren aldeko mugimendua ezin garaituz, gerra kimikoa erabiltzeari ekin zioten, hura herritarren kontra baliatuz, neurrigabe eta bereizketarik gabe.[2]

Hainbat iturriren arabera, espainiar armadak eguneko 1.680 bonba jaurti zituen, eta 127 bonbardaketa egin 1927 arte, iturri, ibai, azoka eta herrixketan, besteak beste.[oh 2] Arma kimiko horien osagaiak fosgenoa, difosgenoa, kloropicirna eta ziape gasa ziren, zauri eta ondorio latzak utziz ingurumenean zein herritarren artean, gaurdaino.[oh 3]

Gerraren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldea berriz geratu zen Espainiaren mende, bertako herritarrek garesti ordainduta. Gerra honek basakerian zaildu eta sorgortu zituen gerora Espainiako estatu kolpea (1936) prestatu zuten militarrak (africanistas).[3] Gerra kimikoaren berri laurogei urte geroago hasi zen azaleratzen. Espainiako estatuak, hala ere, ez du ardura politikorik onartu.[4]

2005ean, Joan Tarda ERCko ordezkariak arma kimikoen erabilera hori ikertzeko proposatu zuen Espainiako Kongresuan, eta riftarren oroimen historikoa eta ohorea berreskuratzea, ERC, EAJ eta IUren aldeko botoez, eta 33 kontra, PP, PSOE eta une horretako gainerakoena. Halaber, Marokoko gobernuak debekatu egin zuen Rifeko Gerlako Biktimen Babeserako Elkartea (2011ko informazioa).[4]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Egun sinboliko handia bihurtu da harrezkero Rifeko amazig edo berbereentzat, ikus Berria, 2017-07-21.
  2. Espainia zibilen kontra kimika baliatu zuen lehen potentzietako bat izan zen; ikus Berria, 2017-07-21.
  3. Rifeko Memoria Elkartearen arabera, egun ere usu gertatzen dira minbizi kasuak horregatik; ikus Berria, 2017-07-21.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Objetivo Euskadi. 2015, 0:-50'-50"
  2. Berria, 2017-07-21.
  3. Preston, Paul. 2013, 9. or.
  4. a b Sarrionandia, Joseba. (imp. 2010). Moroak gara behelaino artean?. Pamiela, 246 or. ISBN 978-84-7681-656-1. PMC 776562167. Noiz kontsultatua: 2021-04-25.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]