Mozarabiar artea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eredu bisigotikoa jarraitu zuten.

Mozarabiar artea kristau mozarabiarren artea da, nahiz eta honen inguruan iritzi ezberdinak topatuko diren. Ikerlari batzuk mozarabiar artea Iberiar penintsulan musulmanak zeuden bitartean emandako artea dela diote.

Bi arte mozarabiar bereiz daitezke, alde batetik musulmanak Iberiar penintsulan zeuden bitartean eta hauek konkistatutako lurraldeetan eman zena, hau da, beraiekin batera bizi izan ziren kristauek egindakoa. Beste aldetik, birpopulaketaren artea dago, alegia, kristautasunak Iberiar penintsula errekonkistatu ondoren eman zen artea. Musulmanak iritsi zirenean kristauek beren erlijio eta ohiturekin jarraitu zuten hasierako urteetan, tolerantzia garaiak ziren eta. Hala ere, ezin zuten eliza berririk eraiki (salbuespen batzuekin) eta bisigodoen garaiko elizak berritu zituzten. Hala ere, mendetasun egoeran zeudenez eta ez zutenez hainbeste diru, garai hartako ondare arkitektoniko gutxi mantendu da gaur arte. Arte hau batez ere Toledon eta Andaluzian eman zen. Gaur egunera ez da iritsi ez eskulturarik ezta margorik ere.

Arkitektura adibide bat Bobastroko labar eliza da, Mesas de Villaverden (Malaga). Eredu basilikala da eta hiru nabe ditu pilarez banandua. Burualde hirukoitzan erdiko absidea ferra arku formakoa den bitartean albokoak lauak dira. Gurutzaduran aurre-ate arrastoak topatu dira. Estalkia egurrezkoa zen. Labar eliza izan arren ez dago ezkutatua. Nahiz eta eliza berriak egiten ez utzi, hau salbuespen bat da.

Miniaturagintza ere landu zuten eta mozarabiarren tenpluetako eskuizkribuetan dago. Bi tendentzia nagusi jarraitu zituzten: naturalista eta antinaturalista. Ezagutzen ez diren eskultura eta margogintza, miniaturak ikusita irudikatu daitezke. Bi adibide daude: Biblia Hispalense alde batetik; eragin ezberdinak ditu, erromatarra irudi naturalistak dituelako, musulmana azaltzen den landare apainduragatik eta bisigotikoa ferra arkua azaltzen delako. Bigarren eskuizkribua De Virginitate Beatae Mariae da. Hau antinaturalista da eta musulmanen eragina ikusi daiteke apainduretan: merloiak, alfizak...

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]