Muhammadu Buhari
Muhammadu Buhari (Daura, 1942ko abenduaren 17a – Londres, 2025eko uztailaren 13a) nigeriar militar eta politikaria izan zen.Nigeriako presidentea izan zen 2015etik 2023ra.
Fula etniako kidea, eskola koraniko bateko ikaslea izan zen eta 1962an Nigeriako Miltar Entrenamendu Eskolan sartu zen. 1966an, Johnson Aguiyi-Ironsi jenerala kargutik kendu zuen estatu-kolpe militarrean parte hartu zuen, eta Yakubu Gowon boterera eraman zuen. Nigeriako Gerra Zibilean ere parte hartu zuen, 1966tik 1970era.
Murtala Mohammed jenerala boterera eraman zuen 1975eko estatu-kolpean parte hartu zutenetako bat izan zen. 1975ean Nigeriako Ekialdeko Estatuko gobernadore izendatu zuten eta 1976an Bornu estatuko gobernadore.
1983ko abenduaren 31n, beste estatu-kolpe baten buruetako bat izan zen, Shehu Shagari kargutik kendu eta Bigarren Errepublikarekin amaitu zuena. Buhari estatuburu bihurtu zen. Ustelkeriaren aurka borrokatu zuen eta oposizioko kideak espetxeratu zituen 1985ean Ibrahim Babangidak zuzendutako estatu-kolpe batean kargutik kendu zuten arte. Hiru urte eman zituen espetxean, eta 1988an askatu ondoren, armada utzi eta petrolio negozioetan aritu zen.
2003an Olusegun Obasanjok garaitu zuen presidentetzarako hauteskundeetan eta 2007an Umaru Yar'Aduaren aurka galdu zuen. 2015ean irabazi zuen eta bigarren aldiz herrialdeko estatuburu bihurtu zen. 2019an berrautatzea lortu zuen. Bigarren agintaldiaren zati handi bat gaixorik egon zen.